Portada » JOAN BERIAINEN DOKTRINAK 400 URTE

JOAN BERIAINEN DOKTRINAK 400 URTE

Joan Beriainen Doktrinak 400 urte: Euskaltzaindiak erakusketa batekin eta liburu berri baten argitalpenarekin ospatuko du urteurrena

Joan Beriainen kristau-dotrina (1626) Edizio kritiko konparatua

Lau mende egin ditu Joan Beriain utergarrak Iruñean argitaratutako gaztelaniazko eta euskarazko kristau-dotrinak. Inprimategira eramandako lehen euskal testuetarik baitugu, ezin utzizko obra da (Nafarroako) euskararen historia aztertu nahi duenarendako. Haatik, ale bakar baten berri baizik ez dago, egundaino osorik ezagutzera eman gabea, gainera.

Liburu honetan, egilearen, obraren eta alearen nondik norakoak xeha­tzeaz gain, gaztelaniazko eta euskarazko testuak transkribatu eta editatu dira lehen aldikoz, parez pare paratuta eta aurreko zatikako edizioekin alderatuta. Alearen irudiak ere txertatu dira.

Ezaugarri teknikoak

Egilea: Ekaitz Santazilia
Bilduma: Euskararen Lekukoak – Euskararen Lekukoak (29)
ISBN: 979-13-991799-4-1
Editorea: Euskaltzaindia
Argitaratze urtea: 2026-11
Hizkuntza: Euskara
Deskribapen fisikoa: 16 x 24 cm; 440 or.; azal arrunta

Joan Beriainen dotrinari buruzko erakusketa Nafarroako Errege Artxibo Nagusian

2026 Azaroa 16

  • Gaur, Joan Beriainen (Uterga, Nafarroa, 1566-1633) inguruko erakusketaren aurkezpen-ekitaldia izan da Iruñean, Nafarroako Errege Artxibo Nagusiaren egoitzan. Bertan izan dira Jabier Arakama Euskarabidearen zuzendari-kudeatzailea, Sagrario Aleman Euskaltzaindiaren Nafarroako ordezkaria eta Ekaitz Santazilia euskal filologoa, hizkuntzalaria eta euskaltzain urgazlea.
  • Erakusketa azaroaren 22ra arte izanen da ikusgai.

Aurten, Joan Beriainen dotrinak 400 urte egin ditu, eta, urtemugaren harira, Euskaltzaindiak hainbat ekintza antolatu ditu, Euskarabidearen babesarekin eta Nafarroako Errege Artxibo Nagusiaren eta Irigarai familiaren laguntzaz: Beriainen liburuaren edizio kritiko-konparatua argitaratuko du Euskararen Lekukoak bilduman; Mikroerakusketa antolatu du, azaroaren 16tik 22ra, Nafarroako Errege Artxibo Nagusian; eta hitzaldia azaroaren 18an (18:00ean), Errege Artxiboan bertan (Ekaitz Santazilia euskaltzain urgazleak emango du).

Eta, zeintzuk dira Beriainen dotrinaren ezaugarriak eta zergatik da hain berezia?

  • Beriain euskal autore klasikoen artean dugu.
  • Lehendabiziko euskal testu inprimatuetarik dugu honakoa.
  • Iruñea inguruko euskaraz idatzita dago.
  • Beriain Utergakoa zen, gaur egun euskara ‘galdua’ duen eremukoa.
  • Ale bat eta bakarra ezagutzen da munduan, eta jabetza pribatukoa da (Irigarai familiarena), nahiz eta Nafarroako Errege Artxibo Nagusian gordeta egon.
  • Liburuaren irudiak ez dira inoiz argitaratu. Gainera, liburu elebiduna da eta euskarazko zatia soilik editatu eta argitaratu izan da.

Hori dena erakusten da Nafarroako Errege Artxibo Nagusiko erakusketan, informazio-panel batzuez lagundurik.

Baina, nor izan zen Joan Beriain?  Euskal idazlea izan zen. Jaioterriko abade izan zen 1602 eta 1633 bitartean. Gutxienez bi liburu idatzi zituen, gaztelaniaz eta euskaraz eginikoak: Tratado de cómo se a de oyr misa, escrito en romance y bascuence (1621) eta Doctrina christiana (1626). Hauek dira guregana iritsi diren Hegoaldeko goi nafarreraz idatzitako dotrina zaharrenak.

Iturria: Euskaltzaindia

Scroll al inicio