Aurreko larunbatean, azaroaren 7an, Santanderren, 1936-1939 urteetako erlijio-jazarpenaren 80 martiri beatifikatu zen. Beato berrien artean, nafarrok gure bi herrikide izateko ohorea dugu: Manuel Arizcun Ekintza Katolikoko laikoa eta Ruperto Gurutzekoa karmeldar erlijiosoa.

Martiriak dira, hau da, fedearen kontrako gorrotoz erail zituzten, katolikoak izateagatik, alegia. Beraiek heriotza onartu eta hil aurretik arerioak barkatu zituzten, Jesusen antzera. Izan ere, hil aurretik bizia salbatzeko aukera eskeini zieten. Bizitzen jarraitzeko, kristau-fedeari uko egitea besterik ez zuten egin behar. Baina beraiek ez zuten «beren bizitza maite izan heriotzaren aurrean atzera egiteko beste (Ap 12,11).
Horrela, Manuel Arizcun (1892-1936), Madrilen sortutakoa baina familia baztandarrekoa dugu. Nafarroako Ekintza Katolikoaren presidentea zen eta gerra hasierak Suancesen (Kantabrian) oporretan harrapatu zuen. Han atxilotu zuen Fronte Popularrak. Milizianoen aurrean, bere fedea eta Ekintza Katolikoari eskainitako jarduera aitortu zituen, erakunde hori indar politikoa izatea ukatuz, bere bahitzaileek hala errepikatzen baitzioten. Elkarrizketa sutsu hortan, esan zien: «Ni katolikoa naiz, eta hori ezin didazue pistolekin ere kendu». Azkenean, eskuak lotu eta Santanderko badian itsasora bota zuten.
Beste aldetik, Anaia Ruperto Gurutzekoa (1897-1936), Garruesen (Ezkabarten) sortutako karmeldar oinutsa, Santanderreko komunitate erlijiosoaren parte zen. Etxe partikular batean babestuta, milizianoak apaiz edo erlijiosoen bila iritsi zirenean, etxeko nagusiak familiaren lagun gisa aurkeztu zuen. Rupertok zuzendu eta «erlijioso karmeldarra naiz» esan zuen. Aitorpen hori nahikoa izan zen espetxeratzeko. Ez zuten berriro ikusi. Fusilatu eta ondoren itsasora bota zutela uste da.