ERLIJIO KATOLIKOKO IRAKASLEEI DESTINOAK ETA MUGIKORTASUNA ESLEITZEKO ARAUAK

65/2013 FORU AGINDUA, uztailaren 5ekoa, Hezkuntzako kontseilariak emana, Hezkuntza Departamentuaren menpeko erlijio katolikoko irakasleei destinoak eta mugikortasuna esleitzeko arauak onesten dituena, baita aipatu irakasleak kontratatzeko kudeaketa arauak ere.

Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 3/2006 Lege Organikoak hirugarren xedapen gehigarriaren 2. idatz-zatian ezartzen du ikastetxe publikoetan erlijioak irakasten dituzten funtzionario irakasleen kidegoetakoak ez diren irakasleak lan-kontratazioaren araubidean ariko direla, Langileen Estatutuari jarraituz eta zein bere administrazio eskudunaren menpe, eta gehitzen du haien lan-araubidea irakasleen ordezkariek parte hartuz erregulatuko dela.

Aipatu lege testuan xedatutakoa bete dadin, argitara eman zen ekainaren 1eko 696/2007 Errege Dekretua, aipatu lege organikoaren hirugarren xedapen gehigarrian aurreikusitako erlijio irakasleen lan-harremana arautzen duena (2007ko 138. Estatutako Aldizkari Ofiziala, ekainaren 9koa) eta, besteak beste, kontrataziorako eskatzen diren baldintzak, kontratu bidezko harremanaren forma, edukia eta hura iraungitzeko arrazoiak zehazten dituena; orobat, zehazten du balorazio irizpide objektiboen arabera eskuratuko dela destinoa, administrazio eskudunak berdintasun, merezimendu, gaitasun eta publikotasun printzipioak errespetatuz, eta lan-kontratu mugagabeak izanen direla, aipatu errege dekretuaren xedapen gehigarri bakarrean agindutakoaren arabera.

Horrekin bat, foru agindu honek destinoak esleitzeko prozedura arautzea du helburu, ikasturte bakoitzean plantilletan agertzen diren erlijioko irakasleen lanpostu hutsak betetzeko; orobat, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren menpeko ikastetxe publikoetan irakasten duten erlijioko irakasleak kontratatzeko prozedura arautzea, berdintasun, merezimendu, gaitasun eta publikotasun printzipioak betetzen direla bermatuz.

Foru agindu honen edukia Lan-kontratudunen Mahaiaren xede izan da nahitaezko negoziazioan.

I. titulua

Kontratazioaren xedea eta modalitatea

1. artikulua. Xedea.

1. Lan-kontratu mugagabea duten erlijio katolikoko irakasleei destinoak eta mugikortasuna esleitzeko sistema arautzea du xede foru agindu honek.

2. Halaber, erlijio katolikoko irakasleak kontratatzeko izangaien zerrendak eratzeko prozedura eta kudeaketa arauak ezartzen ditu foru agindu honek, lanpostu hutsak eta ordezkapenak betetzeko balorazio irizpide objektiboen bidez, berdintasun, merezimendu, gaitasun eta publikotasun printzipioak errespetatuta, Hezkuntza Departamentuaren kudeaketa esparruan.

2. artikulua. Kontratazioaren iraupena eta modalitatea.

1. Arau orokor gisa, erlijio katolikoko irakasleak denbora mugagaberako kontratatuko dira, lan-harremanaren titularra ordezteko kasuetan izan ezik, horietan Langileen Estatutuaren 15. artikuluko 1. ataleko c) letraren arabera eginen baita, foru agindu honetan kontratua iraungitzeko jaso diren arrazoiak galarazi gabe.

2. Kontratua lanaldi osokoa edo partzialekoa izan daiteke, zer premia dauden ikastetxeetan, baina kontratuan jasotako ikastetxeetan lanaldiari eta destinoei buruz, hezkuntza plangintza dela eta, kontratuak indarra duen bitartean gerta daitezkeen aldaketak galarazi gabe.

II. titulua

Lan-harreman mugagabeko erlijioko irakasleak, destinoen esleipena
eta mugikortasun araubidea

3. artikulua. Destino motak.

Lan-harreman mugagabeko erlijioko irakasleak hurrengo taldeetan banatuko dira, destinoen arabera:

–Lan-harreman mugagabeko erlijioko irakasleak, destinoa ikastetxean dutenak.

–Lan-harreman mugagabeko erlijioko irakasleak, behin-behineko destinoa dutenak.

4. artikulua. Lan-harreman mugagabeko erlijioko irakasleak, destinoa ikastetxean dutenak eta destinoak esleitzeko araubidea.

Foru agindu honetan araututako esleipen prozedurari jarraituz, Nafarroako Foru Komunitateko ikastetxe publiko batean edo gehiagotan destinoa eskuratzen duten lan-harreman mugagabeko irakasleak dira destinoa ikastetxean duten erlijioko irakasleak.

Ondoko arauei jarraituz esleituko zaizkie destinoa eta mugikortasuna irakasle horiei:

1. Destinoan irautea.

Lanpostua hutsik geratuz gero, ikastetxean destinoa duten erlijioko irakasleak denbora mugarik gabe egoten ahalko dira ikastetxean berean, denbora horretan eta hezkuntza plangintza dela eta, kontratuan jasotako lanaldian gertatzen diren aldaketak galarazi gabe.

Ibiltarien kontratuetan, hau da, bi ikastetxe edo gehiago esleituta dituztenetan, zer ikastetxetan duten irakastordu gehiago, hura izanen da destinoko ikastetxea.

2. Mugikortasun kasuak.

Ikastetxean destinoan duten erlijioko irakasleak hurrengo egoeretako batean izan daitezke, haien kontratuaren edukiko aldaketei dagokienez:

a) Ikastetxeko destinoa galdu eta tokiz aldatuak. Foru agindu honen ondorioetarako, lan-harreman mugagabea eta destinoa ikastetxean izanik, hezkuntza plangintza dela eta, destinoko ikastetxeko irakastordu guztiak galtzen dituzten erlijioko irakasleak dira.

Irakastordu eskasiagatik, ikastetxe, maila eta hizkuntza berean lanpostuak betetzen dituzten irakasle batzuen artean destinoa nork galduko duen zehaztu behar denean, haietako inork ez badu bere borondatez hautatzen, irizpide hauek aplikatuko dira, hurrenez hurren, berdinketa kasuan:

1. Delako ikastetxean destinoa duela, zeinek daraman zerbitzu denbora gutxien lan-kontratu mugagabearekin erlijioko irakasle gisa.

2. Destinoa ikastetxeren batean duela, zeinek daraman zerbitzu denbora gutxien lan-kontratu mugagabearekin erlijioko irakasle gisa.

3. Zeinek daraman zerbitzu denbora gutxien lan-kontratu mugagabearekin erlijioko irakasle gisa.

4. Zeinek duen antzinatasun txikiena, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak onartua.

5. Berdinketak badirau, izangaiak lehen deituraren hurrenkera alfabetikoaren arabera lehenetsiko dira eta, hala behar bada, bigarren deituraren arabera; horretarako, zozketa eginen da Giza Baliabideen Zerbitzuan, zein letratatik abiatu jakiteko.

Hezkuntza maila eta hizkuntza berean ikastetxe berean lanpostuak dituzten Haur eta Lehen Hezkuntzako eta Bigarren Hezkuntzako erlijioko irakasle batzuen artean erabaki behar denean zein den irakastordu eskasiagatik destinoa galduko duena, haietako inork ez duelako borondatez aldatu nahi, irizpide hauek aplikatuko dira:

–Ikastetxez aldatzera behartzen duen irakastorduen murrizketa Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako lehen eta bigarren ikasmailetan bakarrik gertatzen bada, Haur eta Lehen Hezkuntzako erlijioko irakasle gisa ari den irakaslea aldatuko da ikastetxez, arau honetan oro har ezarritako irizpideak aplikatuta.

–Ikastetxez aldatzera behartzen duen irakastorduen murrizketa Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako hirugarren eta laugarren ikasmailetan edo/eta Batxilergoan bakarrik gertatzen bada, Bigarren Hezkuntzako erlijioko irakasle gisa ari den irakaslea aldatuko da ikastetxez, arau honetan oro har ezarritako irizpideak aplikatuta.

–Ikastetxez aldatzera behartzen duen irakastorduen murrizketa Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan edo/eta Batxilergoan gertatzen bada, Haur eta Lehen Hezkuntzako erlijioko irakasle gisa ari den irakaslea aldatuko da ikastetxez, arau honetan oro har ezarritako irizpideak aplikatuta.

b) Beren borondatez aldatuak. Foru agindu honen ondorioetarako, halakotzat hartuko dira, destinoa ikastetxean dutela, lan-harreman mugagabea duten erlijioko irakasleak, baldin eta:

–Beren borondatez aukeratzen badute destinoa beste ikastetxe batean, hurrengo ikasturterako dituzten irakastorduak edo destinoko ikastetxeak aldatu direla ikusita.

–Beren borondatez aukeratzen badute destinoa beste ikastetxe batean, nahiz aldaketarik ez izan haien kontratuan hurrengo ikasturterako.

3. Mugikortasun prozedura.

Ikasturte bakoitza hasi aurretik, Hezkuntza Departamentuko Giza Baliabideen Zerbitzuak Hezkuntza Departamentuaren web orrian (www.educacion.navarra.es) argitaratuko du zer irakasle aldatzen diren ikastetxez destinoa galtzeagatik eta zeini aldatzen zaizkien kontratuko baldintzak (irakastorduak edo ibilbideak) hurrengo ikasturterako.

Zerrenda horiekin batera, epe bat emanen da erlijioko irakasleek adieraz dezaten beren destinoko ikastetxean jarraitu nahi duten hurrengo ikasturterako irakastorduak edo/eta ibilbideak aldatuta, edo beren borondatez aukeratzen duten beste destino bat jendaurreko ekitaldi batean edo Giza Baliabideen Zerbitzuak erabakitzen duen prozeduraren bidez. Orobat, nahiz eta hurrengo ikasturtean aldaketarik ez izan, irakasleek beren borondatez aukeratzen badute destinoko ikastetxez aldatzea, epe berean eman beharko dute horren berri.

Aipatu aukerarik egiten ez badute, aurreko ikasturteko destino berean jarraituko dute hurrengo ikasturterako ezarritako irakastorduak edo ibilbideko ikastetxeak onartuta. Haien kontratuak aldatuko dira, premia berrietara egokitzeko.

Ikastetxean irakastorduak galtzeagatik edo beren borondatez lekuz aldatzen diren irakasleek nahitaez agertu beharko dute jendaurreko ekitaldi batean edo, bestela, Giza Baliabide Zerbitzuak erabakitzen duen prozeduran beharko dute parte hartu, hurrengo ikasturterako destinoa aukeratzeko.

Irakasle horiek ez badute parte hartzen destinoak aukeratzeko jendaurreko ekitaldian edo Giza Baliabideen Zerbitzuak erabakitako prozeduran, edo jendaurreko ekitaldi horretan destinorik esleitzen ez bazaie, kontratua deuseztatuko da, interesdunari eta enpresa batzordeari jakinarazi ondoren.

5. artikulua. Lan-harreman mugagabeko erlijioko irakasleak, behin-behineko destinoa dutenak, eta horiek esleitzeko araubidea.

Lanpostu huts bat dela eta, ikasturte hasieran edo hura abiatutakoan, lan-kontratu mugagabe bat izenpetzen duten izangaiak behin-behineko destinoko erlijioko irakasleak izanen dira. Esleitzen zaien behin-behineko destinoan (Nafarroako Foru Komunitatean) jarraituko dute kontratua egiten zaien ikasturtean.

Kontratazioko ikasturte hori bukatutakoan, behartuta egonen dira jendaurreko ekitaldi batean parte hartzera edo, bestela, Giza Baliabideen Zerbitzuak erabakitzen duen prozeduran, ikastetxeko destinoa hurrengo ikasturterako aukeratzeko. Irakasle horiek ez badute jendaurreko ekitaldian parte hartzen, kontratua deuseztatuko da, interesdunari eta enpresa batzordeari jakinarazi eta tramitatu ondoren. Orobat, hezkuntzako plangintzaren arabera irakastordu nahikorik ez duten irakasleen kontratuak deuseztatuko dira, ezin dutelako ikastetxean destinorik izan hurrengo ikasturterako.

Izangaiak lan-kontratu mugagabea izenpetzen duen aldiro eskuratuko da lan-harreman mugagabeko erlijioko irakasle izaera, behin-behineko destinoa duena.

Ikastetxe batean destinoa eskuratutakoan, irakasle horiek destinoa ikastetxean duten lan-harreman mugagabeko erlijioko irakasleen arauak bete beharko dituzte.

6. artikulua. Destinoak esleitzea.

1. Ikasturte bakoitzeko destinoak jendaurreko ekitaldian edo, bestela, Giza Baliabideen Zerbitzuak erabakitzen duen prozeduraren bidez esleituko dira. Hurrengo ordenaren arabera aukeratuko dira destinoak:

1.–Ikastetxean destinoa duten lan-harreman mugagabeko irakasle ikastetxez aldatuak, ikastetxeko destinoa galdu dutelako edo eta beren borondatez aldatzen direlako, foru agindu honen 4. artikuluan xedatutakoaren arabera.

2.–Behin-behineko destinoa duten lan-harreman mugagabeko irakasleak, 5. artikuluan xedatutakoaren arabera.

Lehen aipatu irakasle talde bakoitzaren barrenean aukeratzeko ordena zehazteko, irizpide hauek aplikatuko dira hurrenez hurren:

1) Zeinek daraman zerbitzu denbora gehien ikastetxe publikoetako erlijioko irakasle gisa.

2) Zeinek daraman zerbitzu denbora gehien lan-kontratu mugagabearekin erlijioko irakasle gisa Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan.

3) Zeinek duen antzinatasun handiena, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak onartua.

Izangaien arteko berdinketak aurrera badarrai, lehen deituraren hurrenkera alfabetikoaren arabera lehenetsiko dira eta, hala behar bada, bigarren deituraren arabera; horretarako, zozketa eginen da Giza Baliabideen Zerbitzuan, zein letratatik abiatu jakiteko.

Irakasle horiek Elizbarrutiko Ordinarioak proposatzen dituen maila eta hizkuntzetan aukeratzen ahalko dute destinoa.

2. Hezkuntza Departamentuaren web orrian (www.educacion.navarra.es) iragarkia jarrita, garaiz emanen da aditzera noiz eginen diren destinoak esleitzeko jendaurreko ekitaldiak edo, bestela, Giza Baliabideen Zerbitzuak erabakitzen duen prozedura.

Interesdunak berak edo bere ordezkari batek –betiere interesdunaren nortasun agiriaren fotokopia eta ordezkariari baimena ematen dion idazki bat, ordezkatuak sinatua, aurkezten baditu– parte hartzen ahalko du lanpostuak aukeratzeko jendaurreko ekitaldietan.

Eskaintzen diren lanpostuak eta jendaurreko ekitaldi batean hurrengo ikasturterako destino berria aukeratu behar duten lan-kontratudun mugagabeak eta, hala denean, kontrataziorako izangaiak Hezkuntza Departamentuaren web orrian (www.educacion.navarra.es) egonen dira ikusgai, destinoak esleitzeko jendaurreko ekitaldiak egin baino lehen.

Nolanahi ere, behin destinoa aukeratuta, ezin izanen zaio uko egin, eta ezin izanen da hura beste deialdi batean aldatu.

7. artikulua. Lan-kontratu mugagabeak deuseztatzea.

Foru agindu honen 15. artikuluan adierazitako arrazoien bidez iraungiko dira lan-kontratu mugagabeak.

Orobat, hezkuntzaren plangintza dela eta, ikasturte hasieran destinoa eskuratzen ez duten irakasleen lan-kontratu mugagabeak iraungiko dira.

8. artikulua. Kontratazio zerrenda lehenetsiak.

Kontratua deuseztatua duten lan-harreman mugagabeko erlijioko irakasleak hurrengo kontratazio zerrenda lehenetsietako batean txertatuko dira:

–Haur eta Lehen Hezkuntzako erlijioko irakasleen zerrenda lehenetsia, gaztelaniaz.

–Haur eta Lehen Hezkuntzako erlijioko irakasleen zerrenda lehenetsia, euskaraz.

–Bigarren Hezkuntzako erlijioko irakasleen zerrenda lehenetsia, gaztelaniaz.

–Bigarren Hezkuntzako erlijioko irakasleen zerrenda lehenetsia, euskaraz.

Talde horietako bakoitzaren barrenean zerrenda bat eginen da, lanpostu hutsa suertatu eta hezkuntza esparruan sortzen diren premiak betetzeko, eta beste bat lanpostuen titularrak ordezteko, bidezkoa denean. Jendaurreko ekitaldi batean edo beste deialdi batean eginen zaie dei langile horiei; betiere, lehentasuna izanen dute kontrataziorako izangai berrien aurretik.

Irakasle horiek zerrenda lehenetsi bakoitzean ordenatuko dira, destinoak esleitzeko hautapen ordena ezartzeko erabilitako irizpideak, foru agindu honen 6. artikuluan xedatuak, aplikatuz, eta ikasturte bakoitzerako zerrenda lehenetsiak eguneratuko dira.

III. titulua

Kontrataziorako izangaien zerrendak eta kudeaketa arauak

9. artikulua. Kontrataziorako izangaien zerrenda.

Hezkuntza Departamentuak erlijioko irakasleak kontratatzeko izangaien zerrenda hauek eratuko ditu:

–Haur eta Lehen Hezkuntzako erlijioko irakasleen zerrenda, gaztelaniaz.

–Haur eta Lehen Hezkuntzako erlijioko irakasleen zerrenda, euskaraz.

–Bigarren Hezkuntzako erlijioko irakasleen zerrenda, gaztelaniaz.

–Bigarren Hezkuntzako erlijioko irakasleen zerrenda, euskaraz.

Talde horietako bakoitzaren barrenean zerrenda bat eginen da, lanpostu hutsa suertatu eta hezkuntza esparruan sortzen diren premiak betetzeko, eta beste bat lanpostuen titularrak ordezteko, bidezkoa denean. Jendaurreko ekitaldian eginen zaie dei langile horiei edo beste deialdi batean.

Lan-kontratu mugagabea izenpetua duten irakasleak edo zerrenda lehenetsietan agertzen direnak, maila, hizkuntza eta kontratu mota berean agetzen direnak ezin izanen dira izangaien zerrendetan azaldu.

Artikulu honen babesean eratzen diren zerrendak foru agindu honen 8. artikuluan aipatzen diren maila eta hizkuntza bereko kontratazio zerrenda lehenetsia agortutakoan erabiliko dira.

10. artikulua. Kontrataziorako izangaien zerrendetan sartzeko baldintzak.

Ekainaren 1eko 696/2007 Errege Dekretuak arautzen du erlijioko irakasleen lan-harremana, Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoaren hirugarren xedapen gehigarriak aurreikusten duena; aipatu errege dekretuaren 3. artikuluan adierazten dira erlijioko irakasleen lan-harremanean sartzeko baldintzak, honako hauek, alegia:

1. Baldintza orokorrak.

a) Espainiarra izatea edo Europar Batasuneko kideak diren estatuetako batekoa edo, Europar Batasunak izenpetu eta Espainiak berretsitako nazioarteko itunak direla eta, langileen zirkulazio librea aplikatzen zaion estatu batekoa izatea, edo atzerritarra izatea legezko bizitokia Espainian izanik, eta besteren kontura lan egiteko baimena izatea edo lan baimena eskuratzeko moduan egotea. Orobat, Europar Batasuneko kide diren estatuetako herritarren baten ezkontideak edo haien aurreko ahaideak, ondorengoak eta ezkontidearenak, hogeita bat urtez azpikoak edo adin horretatik gorakoak, haien kontura bizi direnak, kontratatzen ahalko dira.

b) Hamasei urte beteak izatea eta, oro har, erretiroa hartzeko ezarritako adina ez gainditzea.

c) Bere eginkizunak betetzea galarazten dion eritasunik edo muga fisiko edo psikikorik ez izatea.

d) Bereizia ez izatea, diziplina espediente baten bidez, inongo administrazio publikoren zerbitzutik, ezta eginkizun publikoetan aritzeko desgaitua ere. Espainiakoa ez beste nazionalitate bat dutenek ere diziplina-zehapen edo zigor arloko kondenaren bidez haien jatorriko estatuetako funtzioetan aritzeko gabetuta ez daudela egiaztatu beharko dute.

2. Gainera, berariazko baldintza gisa, honako hauek bete beharko dira:

a) Funtzionario irakasle ez-unibertsitarioei dagokien hezkuntza mailan eskatzen ahal zaien titulua edo horren parekoa, Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoak ezarritakoaren arabera, baita Estatuaren eta Eliza Katolikoaren arteko akordioetan aipatzen direnak ere, aipatu lege testuaren hirugarren xedapen gehigarrian xedatutakoaren eta azaroaren 14ko 1619/2011 Errege Dekretuak dakarrenaren arabera:

–Haur eta Lehen Hezkuntzako erlijioko irakasleen zerrendetan parte hartzeko, kontrataziorako izangaiek maisu-maistren titulua, OHOko diploma edo Lehen Irakaskuntzako maisu-maistren titulua edo irakasle lanbidean aritzeko gaitzen duen graduatu titulua izan beharko dute.

–Bigarren Hezkuntzako erlijioko irakasleen zerrendetan parte hartzeko, kontrataziorako izangaiek doktore, ingeniari, arkitekto, lizentziatu edo graduatu titulua edo irakaskuntzarako titulu baliokidea izan beharko dute, edo urtarrilaren 13ko 3/1995 Errege Dekretuan aipatzen direnetako edozein.

b) Elizbarrutiko Ordinarioak proposatua izatea erlijio katolikoaren irakaskuntza emateko eta Elizaren egokitasun adierazpena lortu izatea.

3. Nazionalitate espainiarra ez duten izangaiek, beren jatorrizko herrialdeak gaztelania hizkuntza ofizial ez badu, gaztelaniaz dakitela frogatu beharko dute proba bat eginez; bertan, hizkuntza horretan ahozko zein idatzizko ulermen eta adierazpenean maila egokia dutela egiaztatuko da.

Ez dute proba hori egin beharko hurrengo tituluetako bat dutela alegatzen dutenek:

–Gaztelaniaren goi mailako diploma atzerriko hizkuntza gisa, urriaren 31ko 1137/2002 Errege Dekretuan ezarria; horrexek gaztelaniaren diplomak arautzen ditu atzerriko hizkuntza gisa.

–Gaztelaniaren gaitasun agiria atzerritarrentzat, Hizkuntza Eskola Ofizialek emana.

–Filologia Hispanikoko edo Erromanikoko lizentziatu titulua.

Orobat, gaztelania hizkuntza ofiziala duen herrialde bateko nazionalitatea dutenak gaztelaniaz badakitela egiaztatzetik salbuetsita egonen dira, baita Espainian unibertsitate-tituluren bat lortu dutenak ere.

4. Euskara titulua.

Euskarazko lanpostuetako kontrataziorako izangaien zerrendetan sartzeko, edozein dela ere maila, EGA edo balio bereko titulua izan beharko da.

Dena dela, titulua ez izanik lanpostu horiek bete nahi dituztenek proba bat gaindituz frogatuko dute behar den jakite maila dutela.

EGA edo antzeko titulua euskarazko jakite maila neurtzeko probak baino lehen lortzen duten izangaiek probaren egunean egiaztatzen ahalko dute epaimahaiaren aurrean, proba hori ez egiteko.

Artikulu honetan aipatu baldintza guztiak kontrataziorako izangaien zerrendetan sartzeko eskaerak eta dokumentazioa aurkezteko epea bukatzen den egunean bete behar dira, baita Administrazioak izangaiari zerbitzu ematen hasteko deitzen dion unera arte ere; orobat, zerbitzu horiek ematen dituen denboran.

11. artikulua. Erlijio katolikoko irakasle gisa kontratatzeko zerrendetan sartzeko prozedura eta horren funtzionamendua.

1. Erlijio katolikoko irakasle gisa kontratatua izateko izangaiak hurrengo prozeduretako baten bidez sartuko dira zerrendetan:

A) Berariazko deialdia, Hezkuntza Departamentuak onetsia.

Hezkuntza Departamentuak berariazko deialdiak argitaratzen ahalko ditu Nafarroako Aldizkari Ofizialean, kazetetan edo Hezkuntza Departamentuaren web orrian, erlijio katolikoko irakasle gisako kontrataziorako izangai berriak aukeratzeko, halako mailan eta hizkuntzan.

B) Elizbarrutiko Ordinarioaren proposamena.

Maila eta hizkuntza jakin batean kontratatzeko izangaien zerrenda agortuz gero, Elizbarrutiko Ordinarioak proposatutako izangaiak kontratatzen ahalko dira. Izangaiak kontratatzeko, foru agindu honen I. eranskineko baremoa aplikatuz ateratako puntuazio handiena hartuko da kontuan.

Urtero, jendaurreko ekitaldiak egin aurretik, Artzapezpikutzak ikasturte horretan proposatutako izangaiak sartuko dira aldi baterako kontrataziorako izangaien zerrendetan. Ondorio horietarako, Giza Baliabideen Zerbitzuak Hezkuntza Departamentuaren web orrian argitaratuko du gehitu asmo diren izangaien zerrenda eta, beharrezkoa izanez gero, argitalpen horren biharamunetik hamar egun balioduneko epea emanen die proposatutako izangaiei, I. eranskineko merezimenduak frogatzen dituen dokumentazioa aurkez dezaten.

Elizbarrutiko Ordinarioak proposatu eta proposamen hori egiten den ikasturtean, behin-behineko destinoko erlijioko irakasle gisa lan-kontratu mugagabea formalizatzen duten izangaiek egindako zerbitzuak frogatzen dituen dokumentazioa egiaztatu beharko dute, foru agindu honen 6. artikuluan aurreikusitako destino aukera egiteko. Giza Baliabideen Zerbitzuak Hezkuntza Departamentuaren web orrian argitaratuko du emandako zerbitzuak frogatzeko dokumentazioa aurkeztu behar duten behin-behineko destinoko irakasleen zerrenda eta, horretarako, hamar egun balioduneko epea emanen die argitalpenaren biharamunetik.

2. Foru agindu honen I. eranskinean onartutako merezimenduen baremoa aplikatuz ateratzen den puntuazioaren arabera ordenatuko dira hautatutako izangaien zerrendak. Berdinketa kasuan, izangaiak lehen deituraren hurrenkera alfabetikoaren arabera lehenetsiko dira eta, hala behar bada, bigarren deituraren arabera; horretarako, zozketa eginen da Giza Baliabideen Zerbitzuan, zein letratatik abiatu jakiteko.

Maila eta hizkuntza bererako deialdi edo inkorporazio bat baino gehiago egiten direnean, geroago egindako deialdian edo inkorporazioan hautatzen diren izangaiak zerrendan lehendik zeudenak barematzeko azken deialdia itxi zen egunean dituzten merezimenduen arabera sartuko dira zerrendan.

3. Lanpostu huts baterako kontratatzen diren izangaiek lan-kontratu mugagabea izenpetuko dute, behin-behineko destinoarekin. Hortik aurrera, irakasle horiek behin-behineko destinoa duten lan-harreman mugagabeko erlijioko irakasleentzako arauak beteko dituzte, eta kontratazio zerrendetatik desagertuko dira.

4. Dena dela, ezin zaio uko egin maila eta hizkuntza bateko destinoari, eta ezin izanen da aldatu beste deialdi batean.

Kontratu bat maila eta hizkuntza jakin batean onartu ondoren, izangaia baliogabetuta geldituko da gainontzeko zerrenda guztietan.

12. artikulua. Deialdiak.

Lanpostu hutsak direla eta, ikasturte hasieran, jendaurreko ekitaldi batean esleituko zaizkie destinoak kontratazioko izangaiei edo, bestela, Giza Baliabideen Zerbitzuak erabakitzen den prozeduraren bidez, lan-harreman mugagabeko irakasleen eta zerrenda lehenetsietan ageri diren izangaien ondotik.

Ikasturte hasierako lanpostuen esleipena eginik agertzen diren kontratazio premiak bana-banako deien bidez beteko dira. Izangaien lehentasun ordena hau kontuan hartuta eginen dira deiak:

–Lehendabizi, dagozkien mailan eta hizkuntzan kontratatzeko zerrenda lehenetsietako izangaiak, foru agindu honen 8. artikuluan ezarritako irizpideen arabera ordenatuta.

–Ondoren, gainontzeko kontratazio izangaiak, merezimenduen baremoa aplikatuz esleitutako puntuazioaren arabera ordenatuak.

Betiere, azkar eginen dira bana-banako deiak, kontratazio premiak lehenbailehen bete daitezen. Hortaz, izangai batekin harremanetan jartzerik ez bada, zerrendan hurrengoa denari deituko zaio, harik eta eskaintzen diren lanpostu guztiak bete arte.

13. artikulua. Lanpostuen eskaerari uko egitea.

1. Hezkuntza Departamentuarentzat zerbitzuak ikasturte oso batean eman nahi ez dituzten izangaiek aurretiaz uko egiteko idazkia aurkeztu beharko dute aurreko ikasturteko maiatzaren lehenengo hamabostaldian.

Aurretiaz uko eginez gero, izangaiek ez dute arrazoirik eman beharko; ukoa atzeraezina izanen da, eta aurretiazko ukoa aurkeztean izangaia zerrendetan kontratatzeko moduan ez dagoela agertuko da. Zein ikasturtetan aurkeztu den, hurrengoan soilik izanen da baliozkoa uko hori.

2. Aldi baterako kontrataziorako izangaiek uko egiten ahalko diote eskaini zaien lanpostuari, zerrenda horretatik baztertuta izan gabe. Dena dela, kontratazio eskaintza bati uko egiten zaionean, arau hauek aplikatuko dira:

1.–Lanaldi partzialeko kontratu eskaintza bati uko egitea onartuko da hura lanaldi erditik beherakoa bada edo lanpostu ibiltaria bada, eta izangaiak zerrendaren leku berean jarraituko du kontratatzeko zain.

2.–Lanaldi osoko edo lanaldi erdiko edo gehiagoko kontratu bati arrazoirik eman gabe uko eginez gero, artikulu honetan xedatuta dagoenaren arabera, izangaiari ez zaio berriro deituko maila eta hizkuntza horretako zerrenda guztiak agortzen diren arte.

Arrazoirik gabe uko eginez gero, Hezkuntza Departamentuak ikasturte bakoitzean izangai bati bi kontratu besterik ez dizkio eskaini beharko.

3.–Kontrataziorako izangaiak kontratazio eskaintzari uko egiteko bidezko arrazoi bat ematen badu, bera agertzen den aldi baterako kontrataziorako izangaien zerrenda guztietan kontratatzeko moduan ez dagoela agertuko da, izangaiak berak alegatutako inguruabarra amaitu dela jakinarazten duen arte.

Hauek dira lanaldi osoko kontratu baten edo lanaldi erdiko edo gehiagoko kontratu baten eskaintzari uko egiteko bidezko arrazoiak:

a) Bere kargu edukitzea 3 urte baino gutxiagoko seme edo alaba bat, adopzioan edo harreran ere izan dezakeena, edo bigarren gradura arteko odol edo ezkontza bidezko ahaideren bat, adinagatik edo istripu edo eritasun baten ondorioz bere kasa baliatzeko gauza ez dena.

Uko egiteko arrazoi hori behin bakarrik alegatu ahal izanen da ikasturte bakoitzean.

b) Erditze, adopzio edo harreragatik lizentzia izatea.

Kontrataziorako izangai batek erditze, adopzio edo harreragatik lizentzia badu, soldata hartuz nahiz hartu gabe, eskubidea izanen du deitu zaionean tokatzen zaion lanpostua erreserba dakion, eta lizentzia aldia bukatzen denean hartu beharko du lanpostu hori. Erreserbatu zaion lanpostua hartzen ez badu, ukoa justifikatutzat hartuko da.

c) Izangaiak aitatasun baimena izatea.

d) Izangaia aldi baterako ezintasunean egotea.

Aipatu egoeretako bat dela eta, eskaini zaien kontratuari uko egin dioten izangaiek, Giza Baliabideen Zerbitzuari kontratatzeko moduan berriro daudela jakinarazteko unean, agiri bidez eta fede emanez egiaztatu beharko dute kontratua eskaini zieten unean alegatutako egoeran zeudela eta, gerora, egoera hori amaitu dela. Hori egiaztatu ondoren, izangaia berriro kontratatzeko moduan dagoela agertuko da aldi baterako kontrataziorako izangaien zerrendako leku berean.

3. Beste ikasturte batean, zerrendek agertzen duten ordenaren arabera eginen zaie dei zerrenda horietan dauden izangaiei, eta ondoriorik gabe geratuko dira, artikulu honetako arauak direla eta, aurreko ikasturtean aplikatutako penalizazioak eta kontratatu ezintasunaren egoerak.

14. artikulua. Baztertzeko arrazoiak.

1.–Erlijio katolikoko irakasle gisa kontratatzeko izangaien zerrenda guztietatik baztertuko dira kasu hauetako batean daudenak:

a) Foru agindu honen 11. artikuluan adierazitako prozedurari jarraituz Elizbarrutiko Ordinarioak izendatu ez dituenak.

b) Lanpostuan aritzeko gauza ez izateagatik edo ez egokitzeagatik kontraturen bat deuseztatua dutenak.

c) Kontratua probaldian deuseztatua dutenak.

d) Praktiketako funtzionario edo karrerako funtzionario izendatu direnak, hezkuntza administrazioek irakasleen kidegoan sartzeko deituriko hautapen prozedura batean.

e) Erretiroa hartu dutenak edo ezintasun iraunkor osoan edo absolutuan daudenak, araudi aplikagarriaren arabera.

f) Erlijioko irakasle gisa lan-kontratu mugagabea izenpetzen dutenak.

g) Erretiro adina betetzen dutenak.

2.–Ondotik aipatzen diren kasuetan dauden izangaiak uko egin duten maila berean erlijio katolikoko irakasle gisa kontratatzeko izangaien zerrenda guztietatik baztertuko dira eta, gainera, ez dira ikasturte horretan kontratatzeko moduan egonen agertzen diren gainerako zerrendetan:

a) Eskainitako eta izangaiak onartutako kontratua ez izenpetzea.

b) Hezkuntza Departamentuarekin izenpetutako kontratuari uko egitea edo lanpostua abandonatzea.

c) Foru agindu honen 10. artikuluan aipatu baldintzak ez betetzea.

15. artikulua. Kontratuaren amaiera.

Izenpetutako kontratua arrazoi hauengatik amaitzen ahalko da:

a) Lanpostua amortizatzeko egoera gertatzea.

b) Lanaldi osoa galtzea, destinoa ez eskuratzea edo, arau honen arabera nahitaezkoa izanik, destinoak esleitzeko prozeduran parte ez hartzea.

c) Administrazio kontratu egilearen ebazpena, diziplina arloko espedientea ireki ondoren.

d) Elizbarrutiko Ordinarioak erlijioa emateko sinestamendua edo egokitasuna errebokatzea, interesdunari edo bere legezko ordezkariei eta Giza Baliabideen Zerbitzuari garaiz eta behar bezala jakinarazita.

e) Bizilekuaren baimena, edo bizilekuarena eta lanarena iraungitzea edo ez berritzea langile atzerritarren kasuan.

f) Hitzarmen kolektiboan ezarritako probaldia ez gainditzea.

g) Esleitutako ikastetxean hasi eta betetzen den lanposturako gaitasun faltagatik edo hari ezin egokitzeagatik sortutako arrazoiengatik, hurrengo artikuluan xedatutakoaren arabera.

h) Kontratuari uko egiteagatik edo lanpostua arrazoibiderik gabe uzteagatik.

i) Langileen Estatutuan aurreikusitako gainerako arrazoiengatik.

16. artikulua. Lanpostuan aritzeko gaitasun faltagatik edo hari ez egokitzeagatik kontratua suntsiaraztea.

Arrazoi horiengatik kontratua suntsiarazi aurretik, ikastetxeko zuzendaritzak Giza Baliabideen Zerbitzuko zuzendariari igorritako txosten arrazoitu baten bidez, lanpostua betetzeko gaitasunik ez duen edo hari egokitzen ez zaion lan-kontratudunaren kontratua suntsiarazteko prozedura hasteko eskatuko du.

Prozedura Giza Baliabideen Zerbitzuko zuzendariaren ebazpenaren bidez hasiko da. Ondoren Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzura igorriko da, ikastetxeko zuzendaritzaren txostenarekin batera, zerbitzu horrek egoki irizten dituen azterketak egin ditzan, interesdunari eta enpresa batzordeari entzunaldia eman ondoren.

Bidezko jarduketak egin ondoren, Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuak lan-kontratudunen gaitasuna edo lanposturako egokitzapena baloratzeko txostena prestatuko du. Txosten hori Giza Baliabideen Zerbitzuari igorriko zaio.

Txosten hori negatiboa bada, Giza Baliabideen Zerbitzuaren ebazpenaren bitartez suntsiaraziko da interesdunarekin izenpetutako kontratua, eta kontratatzeko agertzen den izangaien zerrenda guztietatik baztertuko da.

Lehen Xedapen Gehigarria

Foru agindu honek indarra hartzen duenean, Hezkuntza Departamentuarekin lan-harreman mugagabea duten erlijioko irakasleak ikastetxean destinoa duten irakasletzat joko dira, foru agindu honen 4. artikuluan ezarritakoari jarraituz.

Bigarren Xedapen Gehigarria

Destinoa ikastetxean izanik, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako lehen bi ikasmailetako kontratazio zerrendetatik heldu diren lan-harreman mugagabeko erlijioko irakasleek ikastetxeko destinoa galduz gero, Haur eta Lehen Hezkuntzako erlijioko irakasleen lanpostuetan bakarrik izanen dute aukera, dagokien hizkuntzan.

Hirugarren xedapen gehigarria.–Kontrataziorako izangaien zerrendak, foru agindu honek indarra hartzen duenean indarra dutenak.

Foru agindu honek indarra hartzen duenean dauden lanpostu hutsen eta ordezkapenen zerrendetako izangaiak, lan-kontratudun mugagabeak ez badira, maila eta hizkuntza bakoitzeko lanpostu hutsen eta ordezkapenen zerrenda berrietan sartuko dira, haien merezimenduen balorazioan jasotako guztirako puntuazioa barne dela.

Nahitaezko Bigarren Hezkuntzako lehen bi ikasmailetako ordezkapenak egiteko zerrendetan dauden izangaiak Haur eta Lehen Hezkuntzako erlijioko irakasleen zerrendan sartuko dira, zein bere hizkuntzan.

2011-2012 ikasturtea bukatzean Hezkuntza Departamentuarekiko lan-harreman mugagabea bukatu zuten erlijioko irakasleak zerrenda berrietan sartuko dira, lehentasuna dutela, foru agindu honetan ezarritakoari jarraituz.

Izangaien zerrenda berriak Giza Baliabideen Zerbitzuko zuzendariaren ebazpen baten bidez argitaratuko dira Hezkuntza Departamentuaren web orrian -www.educacion.navarra.es- eta Argibide eta Agiri Bulegoan.

Laugarren xedapen gehigarria.–Kontratazio zerrendak osatzen dituzten lan-harreman mugagabeko irakasleak.

Foru agindu honek indarra hartzen duenean kontratazio zerrendak osatzen dituzten lan-harreman mugagabeko irakasleek dauden zerrendei dagozkien mailako eta hizkuntzako lanpostuak aukeratzen ahalko dituzte; betiere, deialdiaren unean, ezarritako baldintzak beharko dituzte bete.

Bosgarren xedapen gehigarria.–Indarra duten zerrendetako izangaiak berriro ordenatzea, I. eranskineko baremoaren arabera.

2013-2014 ikasturtean, berriro ordenatuko dira 9. artikuluan eta hirugarren xedapen gehigarrian aurreikusitako erlijioko irakasleen kontrataziorako zerrenda berrietan agertzen diren izangaiak, foru agindu honen I. eranskinean ezarritako merezimenduei jarraituz.

Xedapen Indargabetzailea.

Indarrik gabe gelditzen dira foru agindu honetan xedatutakoaren aurka dauden maila bereko edo txikiagoko xedapen guztiak eta, bereziki, Hezkuntzako kontseilariaren maiatzaren 28ko 64/2007 Foru Agindua, erlijio katolikoko irakasleei destinoak eta mugikortasuna esleitzeko prozedura arautzen duena Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuaren menpeko ikastetxeetan; orobat, Hezkuntzako kontseilariaren maiatzaren 28ko 65/2007 Foru Agindua, Hezkuntzako kontseilariaren irailaren 23ko 156/2005 Foru Agindua aldatu zuena, alegia, Hezkuntza Departamentuaren zerbitzuko irakasle lanpostuetan aldi baterako kontratazioaren bidez aritzeko izangaien zerrendak kudeatzeko arauak onetsi zituena.

Azken xedapena.–Indarra hartzea.

Foru agindu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Iruñean, 2013ko uztailaren 5ean.–Hezkuntzako kontseilaria, José Iribas Sánchez de Boado.

I. ERANSKINA

Merezimenduen baremoa

I.–Irakasle esperientzia (7 puntu gehienez ere):

I.1. Izangaiak aukeratu gogo duen hezkuntza mailako espezialitateetan, ikastetxe publikoetan, irakasle lanean emandako urte bakoitzeko: 0,700 puntu.

Atal honetan aipatzen diren lanpostuetan emandako hilabete edo urteko zatiki bakoitzeko: 0,0583 puntu.

I.2. Izangaiak aukeratu gogo duen hezkuntza mailaz bestelako espezialitateetan, ikastetxe publikoetan irakasle lanean emandako urte bakoitzeko: 0,350 puntu.

Atal honetan aipatzen diren lanpostuetan emandako hilabete edo urteko zatiki bakoitzeko: 0,0292 puntu.

Egiaztagiriak: zerbitzuen ziurtagiria, hezkuntza administrazioetatik eskuratua. Kasu guztietan adierazi behar da zein lanpostutarako edo/eta hezkuntza mailatarako izendatu zen, edo haren kode ofiziala, baita zerbitzuen hasiera eta bukaerako datak ere, zehazki. Ez dira onartuko jabetza hartzeko eta zerbitzuak uzteko orriak.

Ziurtagiri horietan adierazten bada zerbitzuak publikoak ez diren ikastetxeetan eman direla, aipatu zerbitzuak bestelako ikastetxeetan emanak bailiran baloratuko dira, hots, I.3 edo I.4 ataletan ezarritakoaren arabera.

Zerbitzuak Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamenturako egin badira, Giza Baliabideen Zerbitzuak ofizioz aurkeztuko du zerbitzuen orria, izangai bakoitzaren espediente pertsonalean dagoen dokumentazioari jarraikiz, parte hartzeko eskabidean berariaz eskatu behar izan gabe. Aitzitik, beste hezkuntza administrazio batean egindako zerbitzuak egiaztatu beharko dituzte izangaiek, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak zerbitzuak antzinatasun gisa aitortu baditu ere.

Hezkuntza eta Kultura Ministerioaren Nafarroako Zuzendaritza Probintzialerako 1990eko urriaren 1a baino lehen egindako zerbitzuen ziurtagiria interesdunek espresuki eskatu beharko dute.

I.3. Izangaiak aukeratu gogo duen hezkuntza maila bereko espezialitateetan, bestelako ikastetxeetan, irakasle lanean emandako urte bakoitzeko: 0,150 puntu.

Atal honetan aipatzen diren lanpostuetan emandako hilabete edo urteko zatiki bakoitzeko: 0,0125 puntu.

I.4. Izangaiak aukeratu gogo duen hezkuntza mailaz bestelako espezialitateetan, beste ikastetxe batzuetan, irakasle lanean emandako urte bakoitzeko: 0,100 puntu.

Atal honetan aipatzen diren lanpostuetan emandako hilabete edo urteko zatiki bakoitzeko: 0,0083 puntu.

Egiaztagiriak: ikastetxearen ziurtagiria edo hura emateko eskumena duen organoarena, Hezkuntza Ikuskapen Zerbitzuaren oniritziarekin, bertan espezialitatea, hezkuntza maila eta zerbitzuen benetako iraupena ageri direla, hasi eta bukatu zireneko data zehatzak adierazita. Ziurtagiri horiei oniritzia emateko, Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuak lan bizitzari buruzko txosten eguneratua eta kontratuak aurkez ditzatela eskatuko die interesdunei.

Unibertsitateko irakasle esperientzia frogatzeko, ikastetxearen ziurtagiria beharko da. Bertan ondokoa adieraziko da: zerbitzuak noiz hasi eta bukatu ziren, data zehatzak adierazita, eta zerbitzu horiek irakasle gisa izan zirela.

I. atala osatzen duten xedapenak:

1. Hona hemen definizio batzuk:

–Ikastetxe publikoak (I.1 edo I.2 atalak, kasuan-kasuan): sare publikoan integraturiko ikastetxeak, hezkuntza administrazioek sortu eta finantzatuak, alegia, Estatuko Administrazioan eta autonomia erkidegoetakoan hezkuntza arloan eskudunak diren departamentu edo kontseilaritzek sortu eta finantzatuak. Halaber, ikastetxe publikoak dira Espainiar Estatuak atzerrian dituen ikastetxeak.

–Bestelako ikastetxeak (I.3 edo I.4 atalak, kasuan-kasuan): titulartasun pribatuko ikastetxeak, hezkuntzan ez diharduten administrazioenak (Toki Administrazioarenak…) eta unibertsitate publikoak eta pribatuak.

2. Ez dira kontuan hartuko interesdunek izenpetutako kontratuen fotokopien bidez soilik frogatzen diren zerbitzuak, ezta ikastetxe pribatuek edo udal ikastetxeek emandako ziurtagiriak ere, nahiz eta Gizarte Segurantzari kotizatutakoaren ziurtagiriak erantsi, bertan Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuak ontzat eman dituela agertzen ez bada.

3. Ez dira kontuan hartuko zerbitzuak hasi eta bukatu zireneko data zehatzak (eguna, hilabetea eta urtea) ez dituzten ziurtagiriak, nahiz eta bertan adierazi zerbitzuen iraupena ikasturte batekoa izan dela.

4. Zerbitzuak zein kidego edo mailatan eman diren zehazten ez bada, beste kidego edo hezkuntza maila batean emandakotzat joko dira.

5. Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan emandako zerbitzuen balorazioari dagokionez, zerbitzuak ikastetxe publikoetan eman badira eta Hezkuntza Administrazioaren ziurtagiriak adierazten badu maisu edo maistra gisa eman direla, Haur eta Lehen Hezkuntzan emandakotzat joko dira. Bestetik, zerbitzuak bestelako ikastetxeetan eman badira eta ziurtagiriak irakasletzako diplomadun gisa eman direla adierazten badu, hezkuntza maila berean baloratuko dira.

6. Atzerrian egindako zerbitzuak dagokion herrialdeko Hezkuntza Ministerioak edo Espainiar Estatuak Atzerrian duen Administrazio Orokorrak emandako ziurtagiriaren bidez egiaztatuko dira. Bertan ondokoa adierazi beharko da: eman den hezkuntza maila eta arloa, zerbitzuen iraupena eta horiek hasi eta bukatu zireneko data zehatzak. Hezkuntza maila edo arloa frogatzen ez denean edo hori izangaiaren helburu den kidegoko espezialitateekin bat ez badator, ulertuko da zerbitzuak beste hezkuntza kidego edo maila bateko espezialitateetan eman direla. Ziurtagiri horiek gaztelaniazko itzulpenarekin batera aurkeztu beharko dira. Zinpeko itzultzaileek egin beharko dituzte itzulpen horiek.

6. Atal honen ondorioetarako, puntuak ezin izanen dira pilatu zerbitzuak aldi berean ikastetxe batean baino gehiagotan eman badira.

II.–Titulazioak:

II.1. Unibertsitateko titulazioak:

Unibertsitateko titulazio ofizialak, kontrataziorako izangaien zerrendetan parte hartzeko baldintza gisa alegatu ez badira, honela baloratuko dira:

1. Lehen zikloko titulazioak:

Erlijio zientzietako eta eliza ikasketetako diplomatura bakoitzarengatik eta urtarrilaren 13ko 3/1995 Errege Dekretuan ezarritako lizentzietako baten lehenengo zikloari dagozkion ikasketengatik edo azaroaren 14ko 1619/2001 Errege Dekretuan ezarritako graduko tituluengatik: 1,5 puntu.

Diplomatura, ingeniaritza tekniko edo arkitektura teknikoko titulu bakoitzeko edo legez baliokide diren tituluak eta lizentzia, arkitektura edo ingeniaritza bateko lehen zikloari dagozkion ikasketak edo baliokide den graduko tituluak: bakoitzeko puntu bat.

B taldeko irakasle mailako izangaien kasuan, atal honetan ez dira inolaz ere baloratuko izangaiak aurkezten duen lehen titulua edo era horretako ikasketak.

A taldeko irakasle mailako izangaien kasuan, atal honetan ez dira inolaz ere baloratuko izangaiak aurkezten duen lizentziadunaren, arkitektoaren, ingeniariaren edo graduatuaren lehenbiziko titulua lortzeko gainditu behar diren ikasketen titulua.

2. Bigarren zikloko titulazioak:

Urtarrilaren 13ko 3/1995 Errege Dekretuan jasotako lizentzietako bigarren zikloari dagozkion ikasketak, edo azaroaren 14ko 1619/2011 Errege Dekretuan ezarritako graduko tituluak: 1,5 puntu.

Lizentzia bateko, ingeniaritzako edo arkitekturako bigarren zikloari dagozkion ikasketak edo legez balio berekotzat emandako tituluak edo baliokide den graduko tituluak izateagatik: bakoitzeko puntu bat.

A taldeko irakaskuntza mailako izangaien kasuan, atal honetan ez dira inolaz ere baloratuko izangaiak aurkezten duen lizentziadunaren, arkitektoaren, ingeniariaren edo graduatuaren lehenbiziko titulua lortzeko gainditu behar diren ikasketak (lehen zikloa, bigarren zikloa edo, hala badagokio, irakaskuntza osagarriak).

Bigarren ziklokoak bakarrik diren titulazioak eta ondorio guztietarako lizentziadunaren tituluaren baliokidetzat jotako tituluak bigarren ziklo baten gisan soilik baloratuko dira.

Egiaztagiriak: ezinbesteko baldintza den tituluaren fotokopia, baita merezimendu gisa alegatzen diren guztiena ere, edo, bestela, titulua eskuratzeko eskubideak ordaindu izanaren ziurtagiria.

Lehen zikloko titulazioak puntuatuko badira, ezinbestekoa izanen da diplomadunaren tituluaren fotokopia aurkeztea edo, bestela, lizentzia, ingeniaritza edo arkitektura bateko lehenbiziko hiru ikasmailetako edo lehen zikloko irakasgai guztiak edo gradua osatzen duten lehen bi ikasmailetakoak egin eta gainditu direla azalduko duen ikasketa-ziurtagiri pertsonala. Egokitzapen ikastaroa gainditzea ez da hartuko lehen zikloko titulaziotzat.

Lizentziadun, ingeniari edo arkitekto tituluaren fotokopia aurkezten bada, soilik bigarren zikloko titulazioari dagokion puntuazioa hartuko da aintzat, non ez diren aurreko lerroaldean aipatutako ikasketa-ziurtagiriak eransten, 1. azpiatalaren arabera baloratzeko.

Zerrendetan sartzeko, ezinbesteko baldintza gisa alegatzen ez diren titulazioak soilik baloratuko dira.

Izangaiek atzerrian lortutako titulazioak aurkeztuz gero, horien homologazioa edo onarpena egiaztatzen duen agiriaren jabe izan beharko dute. Horiek tituluaren fotokopiarekin batera aurkeztu beharko dira.

II.2. Ezinbesteko baldintza gisa eskatutako tituluaren espediente akademikoa:

Atal honetan izangaiak baldintza gisa alegatu duen tituluaren ikasketa-ziurtagiriaren batez besteko nota baloratuko da soilik, honela:

0tik 10era BITARTEKO ESKALA 0tik 4ra BITARTEKO ESKALA PUNTUAZIOA
6 – 6,99 1,5 – 1,99 Puntu bat
7 – 8,49 2 – 2,74 1,250 puntu
8,5 – 10 2,75 – 4 1,500 puntu

Egiaztagiriak: izangaiak ikasketen ikasketa-ziurtagiri pertsonala igorri beharko du, non titulazioan lortutako batez besteko nota agertuko den.

Betiere, aurkeztutako ikasketen ziurtagirian ageri den batez besteko nota hartuko da kontuan.

Batez besteko nota zenbakien bidez agertzen ez bada, ondoko baliokidetzak aplikatuko dira:

Nahikoa: 5,5 puntu.

Ongi: 6,5 puntu.

Oso ongi: 7,5 puntu.

Bikain: 9 puntu.

Ohorezko matrikula: 10 puntu.

Batez besteko nota berariaz agertzen ez duten ikasketa-espedienteak ez dira inola ere baloratuko.

III.–Prestakuntza (gehienez ere 4 puntu):

Atal honetan 1990eko irailaren 1etik aurrera egindako etengabeko prestakuntza besterik ez da baloratuko, honela:

a) Bukatutako ikastaro, mintegi, lan talde eta ikastetxeetako prestakuntza proiektu bakoitza, hezkuntza administrazioek ILZko erlijioko irakasleak prestatzeko planaren barrenean dei eginik eta Elizbarrutiko Irakaskuntzako Ordezkaritzek koordinaturik, edo hezkuntza eskumen guztiak dituzten administrazioek edo unibertsitateek dei eginik; bestela, prestakuntza iraunkorreko planean sartutako jarduerak, hezkuntza administrazioekin lan egiten duten entitateek antolatuta, edo hezkuntza administrazioak onartutako jarduerak, eskola antolaketarekin, hezkuntzari aplikatutako teknologia berriekin, didaktikarekin, psikopedagogiarekin edo hezkuntzaren soziologiarekin zerikusia badute: 0,05 puntu, ikastaroko hamar orduko edo kreditu akademiko bakoitzeko.

Ondorio horietarako, ikastaro guztien orduak batuko dira, eta ez dira puntuatuko hamarretik beherakoak diren gainerako orduak.

b) a) atalean aipatzen diren prestakuntza ikastaro edo jardueretan zuzendari, koordinatzaile, txostengile, irakasle edo tutore moduan parte hartzeagatik: 0,01 puntu, prestakuntza jardueraren ordu bakoitzeko.

Egiaztagiriak: ikastaro edo prestakuntza jardueren ziurtagiria, dagokion erakundeak emana, zenbat ordu edo zenbat kreditu egin diren eta prestakuntza jarduera zein datatan egin den espresuki azaltzen duena.

Eliza erakundeek antolatutako ikastaroen egiaztagiria dagokion Elizbarrutiko Irakaskuntzako Ordezkaritzak luzatuko du. Haietan, zenbat ordu edo zenbat kreditu egin diren eta prestakuntza jarduera zein datatan egin den espresuki azalduko da.

Etengabeko prestakuntzaren planeko jardueretan edo hezkuntza administrazioak onartu dituen horietan espresuki adierazi beharko da kasuan kasuko jarduera plan horretan sartuta dagoela edo hezkuntza administrazioak onartua dela; bestela, hori gabe, homologazioa edo onarpena erantsi beharko da.

Merezimenduen baremo osorako xedapenak:

1. Deialdian parte hartzeko eskabideak aurkezteko epea bukatu aurretik burutu, eta ezarritako epean aurkeztu diren merezimenduak baizik ez dira baloratuko.

2. Gaztelaniara itzuli beharko dira atzerriko hizkuntza batean idatzitako agiriak eta beste autonomia erkidego bateko hizkuntza ofizial propioan idatzitakoak, euskarazkoak izan ezik. Zinpeko itzultzaileek egin beharko dituzte itzulpen horiek eta agiriarekin batera aurkeztu beharko dira.

3. Izangaiek merezimenduak egiaztatzeko aurkezten dituzten agiriek ez dute zertan jatorrizkoak edo fotokopia konpultsatuak izan; agiri horien fotokopia arruntak aurkezten ahalko dira eskabideak aurkezteko epearen barnean.

Iragarkiaren kodea: F1310335

Iturria: http://www.navarra.es/home_eu/Actualidad/BON/Boletines/2013/148/Anuncio-0/

Deja un comentario

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *

Scroll al inicio