2014-08-15
Donostiako Gotzainak gerren biktimen alde eta jazarpena sufritzen duten kristauen aldeko otoitza eskatu du
Donostiako Gotzainak zuzendu du Ama Birjinaren Eguneko Meza Nagusia Santa Maria Basilikan eta ohi bezala, Orfeoiak ere hartu du parte; honakoan, Reciferen «Misa Choralis» kantatu du.
Homilian, Gotzainak abortua, erlijio ikasgaia, krisia eta Ekialde hurbileko gerrak izan ditu ahotan.
Hasteko eta behin, datorren ikasturtean indarrean sartuko den erlijio ikasgaiaren erregulazio berriaz aritu da. «Oso gune egokia dugu ikuspegi laiko zein erlijiosotik hezkuntza normalizatzeko», esan du gotzainak , eta «aldaketak, familiekin elkarlanean egitea eta gurasoek euren seme-alabak beraien oinarri moral eta erlijiosoekin bat datorren heziketa jaso ahal izateko duten eskubidea egiaz errespetatzea»eskatu du.
Bestalde, irailean onartuko den abortuaren lege berriaren inguruan, abortua aurrerakoia dela diotenei,«aurrerakoitasuna eta abiadura nahasten» direla ohartarazi die gotzainak. Ildo honetatik, «gero eta abiadura azkarragoa, orduan eta inboluzio, erregresio handiagoa gertatzen dela» azpimarratu du eta «abortua, indartsuenaren legera garamatzan gizartearen atzerako aldaketa dugula», gaineratu du.
Krisiaz eta langabeziaz ere aritu da Donostiako Gotzaina.
Honen inguruan, krisitik irteteko guztion ahaleginak eta sakrifizioa beharko direla onartu du baina krisiaren aurretik nagusi zen egoerara itzultzeko arriskuaz ohartarazi du, hau da, aberastea helburu duen kulturara.
Bukatzeko, On Jose Ignaziok gerra jasaten ari diren herriez hitz egin du. Aurren kontrako erasoak salatu ditu bereziki eta baita kristauen aurkako jazarpenak.
«Penagarria da nazioarteko erakunderen gaitasunik eza leku hauetan bake baldintzak errespetatu arazi eta askatasun erlijiosoa babesteko», salatu du gotzainak.
Halaber, dei berezia egin die fededun guztiei, jazarpena jasaten duen Elizaren alde eta gatazken biktima ororen alde otoitz egin dezaten.
HOMILIA IRAKURRI
Fuente: www.elizagipuzkoa.org