Erlijio Katolikoko curriculum berria plazaratu da eta, bata bestearen atzetik, Erlijio hezkuntzaren kontrako leloak entzun eta irakurri ahal izan ditugu. Argudio topikoen artean ikasleei kosmosaren jatorri jainkotiarrari buruz ebaluatuko zaiela edo kreazionismoa irakatsiko dela ditugu (hemen irakurri). Honela, Erlijioa arrazoia eta zientziarekin kontrajartzen da. Obskurantismoa eskoletara itzultzear omen da…
Egia da eskolaren xedea ez dela adoktrinatzea. Horregatik, XXI. mendeko gure ilustratuei galdetu nahi diegu zer dela eta DBH eta Batxilergoko LOMCE curriculuma plazaratu zenean ez zuten tutik ere esan. Ikasleek fededunak -eta batzuk apezak- izan diren zientzialari zerrenda amaigabe bat ikasi beharko dutelako. Zientzialari hauek inolako arazorik gabe adostu zuten bere zientzialari lana eta munduaren kreazio jainkotiarraren uste filosofiko edo teologikoa.
Newton, Kepler, Galileo, Pasteur, Ampère, Mendel, Lemaître (Big Bangen teoriaren aita), Max Planck edo Heisenberg dira, besteak beste. Argi eta garbi dago Erlijio hezkuntzaren kontrako enegarren kanpaina honen kirats ideologikoa. Jakina, gure propagandista laikoak zientziaz ari direnean, ez dute Big Bangen edo herentzia genetikoaren legeetan pentsatzen, Estatua jainkotzat daukan erlijio laikoan baizik. Eskolan zientzia eta ez ideologia irakats zedin utzi beharko lukete.
Martin Sanz Iriarte