PAZKO HIRURREN SANTUA JAUNAREN AFARIKO ARRATSALDEKO MEZA (A)
Otoitza
Jainko Jauna,
zure Seme bakarrak
bere burua heriotzara eman aurretik
betiko Itunaren opari berria utzi zion Elizari;
Haren maitasun agiri den
Afari santua ospatzera bildu gaituzu gaur hemen;
egizu, misterio haundi hau ospatzeak
maitasunez eta bizi berriz bete gaitzala.
Zure Seme Jesu Kristo.
I. IRAKURGAIA: Ex 12, 1-8. 11-14
Pazko afariari buruzko aginduak.
Exodo liburutik
Egun haietan, Jaunak honela esan zien Moisesi eta Aaroni Ejipto aldean: «Hil hau izango duzue
hilik haundiena; urtearen lehenengo hila izango duzue. Esaiozue Israel herri osoari: «Hil honen
hamarrean, guztiok bildots bana hartuko duzue, familia bakoitzak eta etxe bakoitzak berea. Eta
bildotsa jateko familikoak aski ez badira, deitu auzoari eta bildu behar adina lagun; bakoitzak
bere zatia jango du, guztia bukatzeraino.
Bildotsa, akatsik gabea izango da, aharikoa, urtekoa, arkume, nahiz antxume. Bizirik edukiko
duzue hilaren hamalau arte, eta israeldar guztiek ilunabarrean hilko dute. Odola hartu, eta
igurtziko dituzue, jan duzuen etxeko atearen bi zutoinak eta ateburua. Gau hartan, sutan errea
jango duzue haragia, eta ogi legami gabea eta barazki garratzak.
Eta era honetan jango duzue: gerria lotuta, oinetakoak jantzita, makila eskuan; ahal
duzuen lasterrenik jango duzue, Pazkoa baita, hau da:Jaunaren Igarotzea. Gau hartan Ni Ejiptoko
lurraldetik igaroko naiz, eta Ejipto lurraldeko lehen ume guztiah hilko ditut, bai gizonetan, bai
abereetan, eta Ejiptoko jainkoei berena emango diet. Hala Ni Jauna! Zaudeten etxeetan, odola
izango da zuen ezaugarri. Odola ikustean, aurrera igaroko naiz, eta ez da zuenean herio zigorrik
izango, Nik Ejiptoko lurraldea jotzean.
Egun hau oroigarri izango duzue eta jai haundi egingo diozue Jaunari zuen belaunaldietan; betiko
jai egun egingo duzue».
ERANTZUN SALMOA: Sal 115, 12-13. 15-16. 17-18
R/. Esker onezko kalizak
Kristoren odolean elkartzen gaitu.
Zer bihurtuko diot Jaunari,
eman dizkidan guztiengatik?
Salbamen-edontzia dut hartuko,
eta Jaunaren izena deituko. R/.
Jaunaren begietan balio haundikoa
Haren zintzoen herioa.
Zure morroi nauzu ni, Jauna,
zure morroi eta zure neskamearen umea,
askatu dituzu nire kateak. R/.
Eskainiko dizut gorets-oparia,
deituko dut, Jauna, zure izena.
Emango dizkiot Jaunari zin egindakoak,
herri guztia begira dagoela. R/.
II. IRAKURGAIA: 1 Ko 11, 23-26
Ogi honetatik jaten,
eta kaliza honetatik edaten duzuen bakoitzean,
Jaunaren heriotza adierazten duzue.
San Paulo Apostoluak Korintotarrei
Senideok: Jaunarengandik harturik daukat nik, neuk zuei eman dizuedan hau: Jesus Jaunak,
saltzekoa zen gauean, ogia hartu eta, esker otoitza eginda, zatitu zuela eta esan: «Hau nire
gorputza da, zuentzat ematen dena. Egizue hau nire oroigarri».
Era berean, kalizarekin ere afal ondoan, hitz hauek esanez: «Kaliza hau itun berria da nire
odoletan; egizue hau, edaten duzuen bakoitzean, nire oroigarri». Beraz, ogi honetatik jaten, eta
kaliza honetatik edaten duzuen bakoitzean, Jaunaren heriotza adierazten duzue, Bera etorri arte.
EBANJELIOA: Jn 13, 1-15
Ebanjelio aurreko txatala: Ik. Jn 13, 34
V/. Agindu berri bat ematen dizuet -dio Jaunak-:
Maita ezazue elkar,
Nik maite izan zaituztedan bezala.
Azkeneraino maitatu zituen.
Jesu Kristoren Ebanjelioa San Joanen liburutik
Pazko jai aurrean, ikusi zuen Jesusek etorri zitzaiola mundu honetatik bere Aitarengana joateko
ordua, eta munduan zeuden beretarrak maite izanik, azkeneraino maitatu zituen.
Afaltzen ari ziren. Ordurako etsaiak buruan sartua zion Simon Iskarioteren seme Judasi Jesusen
saldukeria egitea. Jesusek jakinik Aitak gauza guztiak eskura eman zizkiola, Jaungoikoarengandik
zetorrela eta Jaungoikoarengana zihoala, jaiki zen mahaitik, erantzi zuen soingainekoa eta,
eskuzapi bat harturik, bere gerrian lotu zuen; gero ontzi bat urez bete, eta ikasleei oinak garbitzen
hasi zitzaien, eta gerrian zeukan eskuzapiaz lehortzen.
Pedrorengana iritsi zenean, honek esan zion: «Jauna, Zuk niri oinak garbitu ?»Eta Jesusek: «Zuk
ez dakizu orain, Ni egiten ari naizena; geroago ulertuko duzu».
Pedrok: «Zuk ez didazu niri behinere oinik garbituko». Eta Jesusek: «Garbitzen ez bazaitut, ez
duzu zerikusirik Nirekin».
Simon Pedrok orduan: «Jauna, ez oinak bakarrik, baita eskuak eta burua ere». Jesusek erantzun
zion: «Garbitua hartu duenak, ez du oinak besterik garbitu beharrik, erabat garbi baitago. Zuek
ere garbi zaudete, baina ez guztiok». Bai baitzekien nork salduko zuen, horregatik esan zuen: «Ez
zaudete garbi guztiok».
Oinak garbitu zizkienean, soingainekoa hartu eta, berriro mahaian eseririk, esan zien: «Ba al
dakizue zer egin dizuedan ? Zuek Maisu eta Jaun esaten didazue, eta ongi esana, hala naiz eta.
Maisu eta Jaun izanik, oinak garbitu badizkizuet, zuek ere elkarri oinak garbitu behar dizkiozue;
jarraibide eman dizuet, Nik zuei egin dizuedana, zuek ere egin dezazuen».
Oparigaien gainekoa
Egizu, Jauna,
zintzo hurbil gaitezela sakramentu honetara,
gure erospena egiten baita
opari hau oroigarri ospatzen dugun bakoitzean.
Jesu Kristo.
Jaunartze ondorengoa
Jainko ahalguztiduna,
hemen ospatu dugun zure Semearen Afarian berriztatu gaituzu;
egizu, egunen batez,
Haren erreinuko mahaian ase gaitezela.
Errege bizi baita.