AZKENERAINO MAITATU ZITUEN

PAZKO HIRURREN SANTUA
JAUNAREN AFARIKO ARRATSALDEKO MEZA

Jesu Kristoren Ebanjelioa San Joanen liburutik

Pazko jai aurrean, ikusi zuen Jesusek etorri zitzaiola mundu honetatik bere Aitarengana joateko
ordua, eta munduan zeuden beretarrak maite izanik, azkeneraino maitatu zituen.

Afaltzen ari ziren. Ordurako etsaiak buruan sartua zion Simon Iskarioteren seme Judasi Jesusen saldukeria egitea. Jesusek jakinik Aitak gauza guztiak eskura eman zizkiola, Jaungoikoarengandik zetorrela eta Jaungoikoarengana zihoala, jaiki zen mahaitik, erantzi zuen soingainekoa eta, eskuzapi bat harturik, bere gerrian lotu zuen; gero ontzi bat urez bete, eta ikasleei oinak garbitzen hasi zitzaien, eta gerrian zeukan eskuzapiaz lehortzen.

Pedrorengana iritsi zenean, honek esan zion: «Jauna, Zuk niri oinak garbitu ?»Eta Jesusek: «Zuk
ez dakizu orain, Ni egiten ari naizena; geroago ulertuko duzu».

Pedrok: «Zuk ez didazu niri behinere oinik garbituko». Eta Jesusek: «Garbitzen ez bazaitut, ez
duzu zerikusirik Nirekin».

Simon Pedrok orduan: «Jauna, ez oinak bakarrik, baita eskuak eta burua ere». Jesusek erantzun zion: «Garbitua hartu duenak, ez du oinak besterik garbitu beharrik, erabat garbi baitago. Zuek ere garbi zaudete, baina ez guztiok». Bai baitzekien nork salduko zuen, horregatik esan zuen: «Ez zaudete garbi guztiok».

Oinak garbitu zizkienean, soingainekoa hartu eta, berriro mahaian eseririk, esan zien: «Ba al dakizue zer egin dizuedan ? Zuek Maisu eta Jaun esaten didazue, eta ongi esana, hala naiz eta. Maisu eta Jaun izanik, oinak garbitu badizkizuet, zuek ere elkarri oinak garbitu behar dizkiozue; jarraibide eman dizuet, Nik zuei egin dizuedana, zuek ere egin dezazuen».

Iturria: Gotzaien Batzarra

Deja un comentario

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *

Scroll al inicio