DONOSTIAKO GOTZAIAK ARANTZAZUKO AMAREN FESTAN EMANDAKO HOMILIA 2012

«SALBAMENAREN AMA ETA ERREGINA»

2012-09-09

Irakurri Donostiako Gotzainak Arantzazuko Amaren egunean aldarrikatutako homilia

 Donostiako Gotzainak, Arantzazuko Santutegian, gure Zaindariaren egunean ospatutako Eukaristia zuzendu du.

Homilian, On Jose Ignaciok gaixoen konbertsioaren alde otoitz egin dezaten eskatu die fededunei, haiek ere betiko salbamena eskuratu dezaten.

Salbamenaren Erregina eta Ama
(Arantzazu, 2012ko irailaren 9)

Arantzazuko frantziskotar, apaiz ete fededun maiteok. Agur berezi bat hemen bildutako agintariei:

Gure herriaren Mariarenganako tradizio sakonari jarraituz, ‘Salbamenaren Erregina eta Ama’ izenpean gure Zaindariari laguntza eskatuz hasi nahi dut. Nazareten jaso zuen bokazioari jarraituz, haren Seme Jesukristoren salbamen planari uztarturik bait dago. Hain zuzen, Jainkoak Betiereko Semearen Ama izateko aukeratu zuen. Eta ondorioz, bataioaren bitartez ‘Semearengan seme’ garen guztion ama izateko dohaina eman dio. Jainkoak Salbatzailearen Ama egin zuen. Eta hartaz, Kristoren agindupean Elizak duen zeregin salbatzaileari bere amatasuna luzatzeko dohaina ere eman dio. Haren bitartez munduaren Salbatzailea guregana etorri zen moduan, orain ere, haren bitartez eskaintzen dizkigu Jainkoak hain beharrezkoak ditugun fedea, itxaropena eta karitatearen dohainak. Guzti horregatik Arantzazuko Amari “Salbamenaren Erregina eta Ama” izenpean, eskatzen diogu laguntza.

Haren eskutik, eta Jainkoaren aurrean, gure gizartea astintzen duten arazoak aztertzen eta ulertzen saiatu nahi nuke… Hain zuzen, udaldi honetan, tristuraz jarraitu dugu gaixotasun sendaezinak dituzten ETAko kideak kartzelatik ateratzeko zioaren inguruan izan den polemika. Hasteko, beharrezkoa iruditzen zait salaketa bat egitea. Badira gizatasunezko printzipio hau aldarrikapen politikorako tresna moduan erabiltzen ari direnak, egindako atentatuak kondenatu gabe. Honela jokatuz, biktimak humilatzen dituzte eta zaildu egiten dituzte gizatasunezko neurri hauek. Azken finean, sufrimendua eta gizatasunezko printzipioak, autokritika saihesteko erabiltzen dituzte.

Orain bai, biolentziaren salaketan edonolako joku bikoitza aldera batera utziz, bigarren hausnarketa bat egitea beharrezkoa zaigu. Ondo al datoz kristau izatearekin eta etika berarekin era honetako esaerak: “Hil daitezela kartzelan, merezi dute eta”? Jakin badakigu, kasu batzuetan, horrelako hitzen atzean, bidegabekeria eta injustizia larrien ondorio diren sendatu gabeko zauriak badaudela. Ez dezagun ahaztu, oraindik orain, jasandako lazturaren ondorioak sufritzen dituzten terrorismoaren biktimak laguntzen lan handia daukagula. Baina era berean oso argi izan behar dugu zalantzarik gabeko kristauon mezua: “Ez zaitzala gaitzak mendera, baizik eta menderatu gaitza ongiaz” (Rm 12, 21). Ez da nahikoa terrorismoa suntsitzea —hori ere ezinbestekoa badugu, noski—. Baina halaber, oinarrizkoa dugu terrorismoa moralki eta espiritualki gainditzea, hark eragiten duen gorrotoan erori gabe.

Dudarik gabe ona da eztabaidatzea, ze nolako neurritan gaixotasun sendaezinak dituzten presoei kartzelatik atera eta etxean hiltzeko aukera eman —haien jarrera eta bestelako baldintzak gogoan izanik—. Baina ez litzateke izango onargarria, baldintzarik gabe gizatasunezko printzipioaren kontrako jarrera. Kontutan hartu dezagun gizatasunezko irizpidea, ematen duenaren eskuzabaltasunaren araberakoa dela, eta ez hainbeste jasotzen duenaren ontasunaren araberakoa (azken hau oso lagungarria bada ere).

Dena dela, gogoeta etiko hauez gain, azpimarratu nahiko nuke, fedeak indarra galtzearen ondorioz, gure arreta funtsezkoa denetik kendu eta bestelako gaietan jarri dugula.

Eta hain zuzen, Ebanjelioa abiapuntu baldin badugu, benetan garrantzitsua den datua beste
bat da: Hilketa eta bidegabekeria latzak egin dituzten pertsonek, epe labur batera hil litezke.

Eta guri Jainkoaren aurrean agertzeko garaian gertatuko zaigun moduan, haiek ere San
Mateoren Ebanjelioak jasotzen dituen Jesukristoren hitz hauek entzungo dituzte: “Zatozte
zuek, Aitaren bedeinkatuok, jaso ezazue zuentzat prestatutako erreinua (…) gose nintzen eta jaten eman zenidaten …”. Edo, alderantziz: “Alde nire ondotik madarikatuok, zoazte deabruak eta haren aingeruek prestatu duten betiko sutara, gose nintzen eta ez zenidaten jaten eman…”. Eta horrela amaituko du: “Hauetako bakoitzari, nire anaia txikiari egin zenioten aldi bakoitzean, neuri egin zenidaten …”. Ebanjelioaren argira jakin badakigu Jesusek guk eraso ditugun biktimekin bat egiten duela eta zera esaten digula: Ni neu nintzen jaten eman ez zenuten hura; ni neu izan nintzen barkatu nahi izan ez zenuena; ni neu nintzen sekuestratu zenuen hura; neri neroni eman zenidan tiro buruan … Hain zuzen anai-arrebok, guztiok epaituko gaitu sortu eta berrerosi gaituen Jainko Jaunak. Eta Jainko errukitsuaren Egia eta gure bizitzaren errealitate gordina batzen diren une horretan, funtsezkoa izango da gure arimaren betiko helmuga zehazteko, guk geuk egingo dugun azken aukera erabakigarria: apaltasuna eta damuaren bidetik jo edo gaiztakerian egoskor gelditu.

Kristau Tradizioan oinarrizkoa da larri eta hil zorian dauden gaixoen alde otoitz egitea, Jainkoari haien behin betiko konbertsioa eskatuz. Lagun hurkoaren salbamena nahi ez duenak, ez da gai Jainkoarengandik bere salbamena jasotzeko. Horregatik, orain, ika-mika politikoak alde batera utzi eta fededunok egoera honetan, betiko salbamenaren beharrean daudenen alde otoitz egiteari ekin behar diogu; hau da benetan garrantzitsua eta oinarrizkoa. Modu berezian eskatzen diegu eginbehar honetan murgiltzeko, kontenplaziozko monasterioetan daudenei eta otoitzerako dei berezi bat jaso dutenei; baina ez ahaztu, kristau elkarte osoaren eginbeharra dugula. Esan beharrik ere ez dago, orain komunikabideetan oihartzun haundia izaten ari diren kasuetaz hitzegiten ari bagera ere, gure bizitzan zehar, Jainkoaren aurrean agertzeko zorian diren guztien alde, egunero egin beharreko otoitza dugula.

Eta jakin badakit batzuentzat ez dela ulergarria, urteetan zehar besteak sufriarazidituztenek azken uneko damuaren bitartez salbamena eskuratzea. Baina ez dezagun ahaztuKristoren eskuinera gurutziltzatu zuten lapurrak ere, Zeruan betiko bizitza duela (ik. Ik 23, 43)… Beharbada askori, Jainkoaren maitasuna ‘debaldekoa’ dela ulertzea kosta egiten zaie eta beste askorentzat aldiz, ulergaitza da Jainkoaren salbamena ‘merkea’ ez dela,… guk modu librean onartzea eta gure egiazko konbertsioa ezinbesteko baldintza dituelako.

Hala da, Jesusek errieta egin zien, mahastira berandu iritsi ziren langileek eta goizean goizetik lanean ibilitakoek, ordainsari bera jasotzea bidezkoa ez zelako kexu zirenei: “Ezin ote dut neure diruaz nahi dudana egin? Ala ni ona naizelako ezinikusia didazu?” (Mt 20, 15). Baina halaber, ezin ditugu inolaz ere ahaztu Jesukristok berak esandako beste hitzok; konbertsiorik gabe salbamenik ez dagoela azpimarratzen dutenak. Edo zilegi litzateke akaso, komeni ez zaizkigun Ebanjelioaren testuak alde batera uztea? Adibidez: “Bihozberritzen ez bazarete, denok hilko zarete” (Lk 13, 5), edo eta: “Sar zaitezte ate estutik; zabala baita hondamenerako atea eta lasaia bidea, eta asko dira hortik doazenak” (Mt 7, 13), eta abar luze bat.

Anai-arreba maiteok, gure bizitzan une nagusienak ez dira komunikabideen arreta jasotzen dutenak, ezta historiak jasotzen dituenak ere. Aitzitik, gure bizitzarako garrantzitsuena eta behin betikoa izango dena, kontzientziaren baitan gertatzen da; Jainkoarekin gutako bakoitzak dituen harremanetan, kameratatik eta argazkilarietatik kanpo… Baten batek esango dit fededunentzat bakarrik ari naizela hitz egiten. Izan ere, nirekin Jaunaren Hitza eta Eukaristiaren ogian bat egiten dutenekin aritzeak ematen didan konfiantzarekin mintzatu naiz. Hala ere, orain urte batzuk, orduan Ratzinger Kardinala zenak egindako gogoeta ekarri nahi dut gogora: Ez dago fededunik, bizitzan zehar noiz edo noiz bere buruari Jainkorik ez ote den galdetu ez dionik. Eta ezta Jainkorik ba ote den bere buruari galdetu ez dion ateorik ere. Horregatik gaur luzatu dizuedan mezu ebanjelikoa denentzat da baliagarria. Ebanjelioa gizaki ororentzat, guzti-guztiontzat dugu ‘bizitzaren hitza’ eta inor ez da gelditzen kanpoan.

Krisi ekonomiko larri baten erdian gaude —horren inguruko gogoeta egin duzue Arantzazuko santutegi honetan ospatu duzuen bederatziurrenean—. Eta egoera honetan, urrirako hauteskundeak daude iragarrita. Hemendik nire deia eta nire otoitza, hiritarrok justiziara eta bakera eramango gaituzten bideak aukeratu ditzagun; jakinda, etorkizunera begiratu ahal izateko iraganetik apaltasunez ikastea ezinbestekoa dugula. Aukeratutako agintariak, direnak direla ere, krisi egoera gainditzeko gai izan daitezen eskatzen dugu. Eta une honetatik bertatik gure laguntza eskaintzen diegu, guztion ongizatea elkarrekin eraikitzeko. Halaber, balio etikoetan funtsatutako politika aurrera eraman dezatela eskatzen diegu: besteak beste, giza duintasuna, ahulenen arreta eta gizartearen euskarri nagusia den familiaren babesa izan ditzatela oinarri. Eta Arantzazuko Amari, politikaren duintasunagatik eskatzen diogu; guztiok balora dezagun gizarte osoaren onura helburutzat duen zerbitzu apala bezala.

Lagun maiteok, hurrengo urriak 11an, Elizak ‘Fedearen Urtea’ hasiko du. Vatikanoko II. Kontzilioaren hasieraren 50. Urteurrenarekin eta Eliza Katolikoaren Katekismoaren 20. Urteurrenarekin bat egiteak bultzatu du Benedikto XVI.a Aita Santua urte berezi hau deitzera eta sinestun guztiak gure fedea berritzeko asmotan gaude. Jainkoaren Errebelazioarekin jaio den Tradizio aberats baten seme alaba gara eta erronka handia dugu orain, gure arbasoek igorri diguten Kredoan gure fedea berraurkitzen, suspertzen eta gurea egiten. Arantzazuko gure Andre Mariak ekin diezaiola beti bezela, gure familien fedearen Ama eta Maisu izaten, eta ama baten moduan izan dezagula lagun betiko bizitzarako bidean!
Andre Maria, salbamenaren Erregina eta Ama, egin otoitz gure alde

Iturria: www.elizagipuzkoa.org

Gehiago irakurri:

Munilla gotzainak terrorismoaren biktimen alde eskeinitako mezaren homilia

“Bihotzen aldaketa lortu behar dugu armen etetea ezezik»

Munilla: «tristea da barkamena erlijioaren kontzeptua dela entzutea»

1 comentario en “DONOSTIAKO GOTZAIAK ARANTZAZUKO AMAREN FESTAN EMANDAKO HOMILIA 2012”

  1. Pingback: JUAN ANTONIO AZNAREZ GOTZAI LAGUNTZAILE BERRIAREN APEZPIKUGINTZA | RELIGIÓN EN NAVARRA – ERLIJIOA NAFARROAN

Deja un comentario

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *

Scroll al inicio