ASTELEHENEAN ZABALDUKO DA DBHn, BATXILERGOAN ETA LHn AURREZ IZENA EMATEKO EPEA

Osteguna, 2015.eko apirilak 9

Eskaerak apirilaren 13tik 17ra aurkeztu beharko dira lehen aukera modura hautatutako ikastetxean

Hezkuntzak 2015-2016 ikasturterako aurrez izena emateko epea zabalduko du datorren astelehenean, apirilak 13, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan (DBH), Batxilergoan, Lanbide Heziketan (LH) eta Arte Plastiko eta Diseinuan. Eskaerak apirilaren 17ko, ostirala, 14:00ak baino lehen aurkeztu beharko dira maila horiek ematen diren ikastetxeetan.

DBH eta Batxilergoaren kasuan, eskaera egin ahalko dute bakarrik, alde batetik, beren ikastetxeari esleitutakoa ez den beste zentro batean ikasi nahi duten sare publikoko ikasleek, eta bestetik, matrikulatuta dauden zentroan beren ikasketekin jarraitzeko aukerarik ez duten itunpeko sareko ikasleek.LH eta Arte Plastiko eta Diseinuaren kasuan, ikasle guztiek, derrigorrezkoen ondoko ikasketak baitira.

Aurrez izena ematea gauzatzeko eskaera bakarra bete behar da, eta bertan hiru aukera jarriko dira, guztira. Agiria lehen aukera modura hautatutako ikastetxeko instalazioetan aurkeztu beharko da.

Plazak esleitu ondoren, Hezkuntzak matrikula-aldia zabalduko du, ekainaren 29tik uztailaren 13ra DBH eta Batxilergorako, eta uztailaren 16tik 23ra LH eta Arte Plastiko eta Diseinurako.

Abuztuaren amaieran eta irailaren hasieran izena emateko aparteko epea izango da ohiko epea amaitu ondoren helbidez aldatutako DBH nahiz Batxilergoko ikasleentzat, bai eta sartzeko baldintzak betetzen ez edo ohiko aldian plaza lortzen ez duten LH eta Arte Plastiko eta Diseinuko ikasleentzat.

Gogora ekarri behar da Nafarroan 44 ikastetxetan ematen dela DBH (27 publikoak eta 17 itunpekoak), eta 48tan DBH eta Batxilergoa (29 publikoak eta 19 itunpekoak). Gainera, LHko 30 zentro daude, eta haietatik 22 publikoak, 6 itunpekoak eta 2 itunik gabekoak dira.

LHko prestakuntza-eskaintza

2015-2016 ikasturterako LH eta Arte Plastiko eta Diseinuko ohiko eskaintza aurrez aurreko 81 prestakuntza-ziklorekin osatzen da; haietatik 49 goi-mailakoak dira eta 32, erdi mailakoak. Haietatik 16 LH dualeko modalitatean eskainiko dira.

 Honako ikasketa hauek hartzen ditu barnean: merkataritza eta marketina; elektrizitatea eta elektronika; eraikuntza eta obra zibila; arte grafikoak; zerbitzu sozio-kulturalak eta komunitateari emandakoak; irudi pertsonala; elikagaien industriak; ostalaritza eta turismoa; arte plastikoak eta diseinua; egurra, altzaria eta kortxoa; informatika eta komunikazioak; energia eta ura; garraioa eta ibilgailuen mantentze-lana; instalazioa eta mantentze-lana; kimika; nekazaritza; administrazioa eta kudeaketa; osasuna; fabrikazio mekanikoa eta jarduera fisikoak nahiz kirol-jarduerak.

Berrikuntza modura, «Mendekotasun-egoeran dauden pertsonen arreta» maila ertaineko zikloa estreinakoz emango da modalitate orokorrean San Adriango EGA BHIn; hiru ikastaroei egokituta Iruñeko Hezitzaileen Eskolan, eta sektorean esperientzia duten langileentzat, Tafallako LHIn.

Gainera, ikasketa-plan berriei egokitutako hamaika prestakuntza-ziklo ezarriko dira, goi-mailako zazpi eta erdi-mailako beste lau, LOGSE lehengo titulazioen ordez.

Goi-mailako ziklo berriak honako hauek dira: «Zuzendaritza laguntzailea» (lehengo «Idazkaritza»), «Garraioa eta logistika» (lehengo «Kontsumitzailearentzako zerbitzuak»), «Gizarteratzea» (lehen izen bera zuen), «Diagnostiko eta medikuntza nuklearrerako irudia» (lehengo «Diagnostikorako irudia»), eta «Laborategi kliniko eta biomedikoa» (lehengo «Diagnostiko klinikoko laborategia»). Gainera, lehengo ·Merkataritzako kudeaketa eta marketina» «Salmenten kudeaketa eta merkataritza-guneak» eta «Marketin eta Publizitatea» izeneko zikloetan banatu da.

Bestalde, erdi-mailako ziklo berriak dira: «Merkataritzako jarduerak» (lehengo «Merkataritza»), «Inprimaketa Grafikoa» (lehengo «Arte grafikoen inprimaketa»), «Inprimatutako produktu grafikorako laguntza» (lehengo «Autoedizioa») eta «Indusketak eta zundaketak» (lehengo «Eraikuntzako makinak erabiltzea eta mantentzea»).

Ohiko eskaintza horri on-line bidezko prestakuntza gehitu behar zaio, eta izena irailean eman ahalko da. Datorren ikasturterako eskaintza bederatzi ziklok osatzen dute (7 goi-mailakoak eta 2 erdi-mailakoak), aurten baino hiru gehiago, lan-esperientzia duten helduentzat bereziki. Honako hauek dira goi-mailako zikloko titulazio berriak: «Zentral elektrikoak», Imarkoaingo Energia Berriztagarrien IBan; «Web aplikazioen garapena» Lizarrako IB Politeknikoan, eta «Sareko informatika-sistemen administrazioa», Iruñeko Maria Ana Sanz Iban.

Gainera, maiatzean LHko zazpi titulu eskuratzeko proba libreetan izena emateko epea zabalduko da osasun, mendekotasunaren arreta eta administrazio-kudeaketako espezialitateetan.

HEZKUNTZA DEPARTAMENTUA NAFARROA

Iturria: www.pnreligionenlaescuela.blogspot.com

Deja un comentario

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *

Scroll al inicio