Aralarko San Migelen kaperau eta Mendialdeko Bikarioa zen
Aulki Santuaren Prentsa Bulegoak atzo iragarri zuen Aita Santuak Mikel Gartziandia Goñi apez naparra Palentziako Gotzai berria izendatu duela. Mikel, Iruñeko elizbarrutiko apeza, orain arte Mendialdeko Bikario Pastorala izan ezik, Aralarko Santutegiko Kaperaua eta Sakanerriko zonaldeko parroko izan da.
Obispo berria 1964ko martxoaren 21an sortu zen Etxarri Aranatzen, Nafarroan. Filosofia ikasi ondoren, Iruñeko Seminarioan ikasi eta 1995ko ekainaren 25an apeztu zen. Beranduago, Erromako Gregoriana Unibertsitatean Teologia lizentzia eta doktoretza burutu zituen.
Hainbat parrokitan zerbitzatu eta Aralarko San Migelen Santutegiari ikaragarrizko bultzada emateaz gain, ondoko karguak izan ditu, besteak beste; Seminarioko Teologia Ikasketen Goi Mailako Zentroan eta Erlijio Zientzien Institutuan irakasle; Bokazio Pastoraltzaren arduradun; Mendialdeko Bikarioa eta Euskal Pastoraltzaren Bikarioa; Gotzaien Batzarrako Seminario eta Unibertsitateen Batzordeko laguntzailea. 2020tik Erlijio Zientzien Goi Mailako Institutuko Zuzendaria zen ere.
Mila esker, Mikel, elizbarrutiaren alde egindako lan guztiagatik. Otoitzean elkarturik jarraituko dugu. Jainkoak bedeintza zaitzala zure lan pastoral berri hontan.