Urnietako misiolari bat hil dute Burkina Fasoko salestarren etxe batean
2019/05/18
Fernando Hernandez, 60 urtekoa, sastadaz hil egin omen du Don Bosco zentroko langile ohi batek, Bobo-Doiulasoko udalerrian. Gainera, beste apaiz bat larri zauritu du.
Urnietako misiolari salestar bat hil dute Burkina Fasoko Don Bosco zentroan, Angel Miranda Urnietako Salestarren arduradunak eitb.eus-i jakinarazi dionez.
https://www.eitb.eus/eu/albisteak/gizartea/bideoak/osoa/6415463/bideoa-fernando-hernandez-60-urteko-urnietako-salestarra-hil-dute-burkina-fason/
Zabalduko informazioaren arabera, salestarren etxeko langile ohi batek Fernando Hernandez, 60 urtekoa, labankatuta hil du, hura bazkaltzen zegoela. Gainera, beste apaiz bat larri zauritu du. Jazoera Bobo-Doiulasoko udalerrian gertatu da, Salestarrek bertan kudeatzen duten etxean.
Antza, ustezko hiltzailea zazpi urtez egon zen salestarren etxe horretan sukaldari moduan lanean eta, hainbat arrazoi tarteko, kaleratu egin zuten. Hori dela eta, erasoaren atzean mendekua egon daitekeela uste dute.
Erasotzailea atxilotu egin dute, eta Burkina Fasoko Fisakaltzak ikerketa abiatu du, jazoeraren nondik norakoak argitzeko.
Misiolariaren hileta-elizkizuna Burkina Fason bertan izango da, «hala izatea nahi baitzuen Fernando Hernandezek berak, sarritan adierazi zuen bezala». Hainbat senide eta salestar Urnietatik eta Ledesmatik Burkina Fasora joango dira.
Hernandez Salamankakoa zen jaiotzez, baina umetan Urnietara bizitzera joan zen familiarekin, eta oso gaztea zela hasi zen Salestarren komunidadearekin kolaboratzen. Azken urteak Afrikan eman zituen, misiolari lanetan.
Salestarren dolua
Salestarrek «min handia» adierazi dute misiolariaren «heriotza tragikoagatik», eta bere babesa adierazi diete familiari eta salestar komunidadearen kideei. «Indarkeria mota guztiak» gaitzetsi dituzte, eta «Afrikako herrialdeetan lanean jarraitzeko» asmoa erakutsi dute, «bereziki gazteen hezkuntzarekin eta ebanjelizazioarekin lotutako proiektuetan, euren garapen osoari laguntzeko asmoz».
1994az geroztik dabiltza salestarrak Bobo Diuoulasson lanean, hiru proiektutan antolatuta: kalean bizi diren neska-mutilentzako harrera-zentro bat, alfabetatze zentro bat, eta 300 ikasle baino gehiago dituen lanbide heziketarako zentro bat.
Adierazpen instituzionala
Bestalde, Urnietako Udaleko Bozeramaileen Batzarrak salestarraren hilketa gaitzesteko adierazpen instituzionala onartu du, gaur goizean, familiari eta lagunei «babesa, elkartasuna eta maitasuna» adierazteko.
Gainera, «indarkeriaren edozein motatako adierazpenen aurrean esku-hartzeko konpromisoa» azpimarratu dute Urnietako Udaleko alderdi politiko guztiek.
Salestarraren heriotza arbuiatzeko, elkarretaratzea deitu du astelehen honetarako, 19:00etan, Urnietako Udaletxe aurrean.
BIDEOA: Mikel Ormazabal, salestarra: ‘Bere ideia zen Afrikan bukatzea bere bizitza, baina ez horrela’:
https://www.eitb.eus/eu/albisteak/gizartea/bideoak/osoa/6415169/bideoa-mikel-ormazabali-elkarrizketa-afrikan-hildako-misiolariaren-inguruan/
Iturria: Eitb