Atzo, Nafarroako Filmotekak «La Brujeria en España» dokumentala eman zuen. «El alma de las historias» telesailaren lehenbiziko emanaldia da eta Luis Cortés zuzendariak eta bere seme Luis Cortés Briñol ikertzaileak burututako lanari zor diogu.
Egileek Mikel Azurmendi edo Javier Alvarez Caperochipi bezalako adituen laguntza izan dute. Nafarroako Artxiboko eta NUPeko iturriak ikertu dituzte ere.
«La brujería en España» filman ikus daitekeenez, ikertzaileak ondorio harrigarrietara iristen dira. Izan ere, sorginkeriari buruz nagusi den kontakizuna kolokan patzen dute.
Erraterako, ez zen Inkisizioa Zugarramurdin gertatutakoaren erantzule izan, botere zibila baizik. Hain zuzen ere, Alonso de Salazar y Frías -Inkisizioak Nafarroara igorri zuen jurista- izan zen jazarpen, epaiketa eta bestelakoak geldiarazi zituena.
Bertze gauza askoren artean, dokumentalak akelarre hitzaren jatorria desegiten du ere. Zugarramurdin inork ez zuen hitz hori ezagutzen, itzultzaile batek asmatu zuen. Salazar eta bertze batzuek ikertzen hasi eta konturatu ziren akerraren kontua inork ez zuela behin ere aditu. Luis Cortes semearen arabera, (Noticias de Navarra), Mikel Azurmendi eta Gustav Henningsen adituekin mintzatu zen eta, berez, alkalarre dela ondorioztatu zuten. Hitz konposatu bat da. Alde batetik, alka, belar arrunt bat, eta, bertzetik, larre, soro erran nahi duena. Hala, larratzeko soroa zen (abereek bazka hartzeko larrea, alegia).
“La brujería en España” ikusentzuleari antzinako mito eta sinesmen ezberdinen berrikuste kritikoa eskeintzen duen telesail baten lehenbiziko atala da. Espero dezagun lan interesgarri honek merezi duen zabaltzea izatea.