MARTHA PELLONI ERLIJIOSO ARGENTINARRARI EMAN DIOTE 2013ko ELKARTASUNAREN “NAFARROA” NAZIOARTEKO SARIA

astelehena, 2013.eko irailak 30

Epaimahaiak Argentinako Giza Eskubideen alde egin duen lana nabarmendu du, batez ere adingabeen salerosketa, sexu-abusu eta haur-lapurreten aurka borrokatu baita.

Bideoa hemen from Gobierno de Navarra on Vimeo.

Martha Pelloni (72 urte) erlijioso argentinarrak jaso du 2013ko Elkartasunaren «Nafarroa» Nazioarteko Saria bere herrialdean Giza Eskubideen alde egin duen lanagatik. Adingabeen salerosketa, sexu-abusu eta organoen salerosketarako gertatzen diren haur-lapurreten aurka egin du borroka bereziki.

Epaimahaiak salaketak aurkezteko eta familiei laguntzeko egin duen lana, eta kasuak argitzen lagundu duten agerraldi publikoetan azaldu duen irmotasuna azpimarratu ditu, baita giza duintasuna errespetatzen ez duten jardunak eta lege kaltegarriak aldatzeko egin duen ahalegina ere.

Horren bidez nazioarteko lankidetzaren alorretan azpimarragarriak diren instituzio, erakunde edo pertsonak saritzen dira, batez ere Milurtekoko Garapenerako Helburuak lortzeko ahalegina egiten dutenak. 25.000 euroko saria da eta Nafarroako Gobernuak eta Laboral Kutxak ematen dute. Aurten 20 herrialdetako 25 hautagai aurkeztu dira.

Sarituaren izena jakinarazi du gaur eguerdian Miguel Induráin txirrindulari ohi eta epaimahaiburuak prentsaurreko batean. Han izan dira, halaber, Íñigo Alli Gizarte Politiketako kontseilaria eta Javier Cortajarena Nafarroako Laboral Kutxako lurralde-zuzendaria. Azken erakunde horrek finantzatzen du sari osoa.

Martha Pelloni

Martha Pelloni Buenos Airesen (Argentina) jaio zen 1941. urtean, eta Misiolari Karmeldar Teresarren kongregazioko erlijiosoa da.  1990. urtean, Argentinako Catamarca probintziako ikastetxe bateko errektorea zenean, María Soledad Morales ikaslearen bortxaketa eta hilketa bortitza hurbiletik bizi izan zituen. Geratera hark Martha Pellonik Argentinako haurren Giza Eskubideen aldeko konpromisoa hartzea ekarri zuen, batez ere adingabeen salerosketaren, sexu-esplotazio eta -abusuen, eta lapurreten aurka.

Urte hartan, 1990ean, Pellonik isiltasunaren ibilaldi bat antolatu zuen (bera buru izan zuten 82 ibilaldietatik lehena) María Soledaden hilketa argitu eta arduradunak epaitzeko bidean aurrera egiteko, eta zabaldu ziren ustelkeria eta botere-abusuen kasuetan Gobernuak probintziako hiru botereek esku hartzea dekretatzeko. Konpromiso publiko horren ondorioz, sarituak presio eta irain ugari jaso zituen.

Pellonik haurren lapurreta- eta salmenta-kasuak argitzeko lanetan ere hainbat familiari lagundu die. 2008an Haur Lapurtuen Sare Nazionala eratu zuen, Argentinako zazpi probintziatako 21 foro sozialek osatuta. Erakundearen helburua haurren eta nerabeen salerosketa eta esplotazioari aurre egiteko prebenitzea, laguntza ematea eta borroka egitea da, besteak beste. Erlojiosoak Santa Teresa fundazioa, nekazariei lagundu eta horiek trebatzeko, eta premia handiena dutenei laguntzeko Curuzú Cuatiáko Giza Eskubideen Etxea sortu ditu.

2005ean egindako lanagatiko nazioarteko esker ona jaso zuen Bakearen Nobel Sariaren hautagaitzarekin. Hautagaitzan izan ziren, baita ere, Bakearen Munduko Emakumeen erakundeko beste mila emakume.

Albiste laburtura itzuli

Sei finalista

Epaimahaia gaur goizean elkartu da Nafarroako Jauregian, eta aurkeztutako 25 hautagaietatik sei finalista hautatu ditu. Horietako bat izan da Martha Pelloni irabazlea.

Honako hauek izan dira gainerako finalistak: «La formación edifica Bosnia-Herzegovina» elkartea, lehengo Jugoslaviako gerran gurasoak galdu zituzten adingabeei laguntzen diena ekonomikoki eta materialki; Barraquer fundazioa, Afrikan eta Indian baliabiderik ez dutenei oftalmologiako ebakuntza kirurgikoak eta tratamenduak egiten dizkienak ekintza altruista gisa; Adelina Gurpegui erlijiosoa, Bolivian osasuna hobetzeko proiektuak sustatzen dituena; Martín Sarobe erlijiosoa, Txaden GIB-HIESa dutenei, umezurtzei eta urritasunak dituztenei heziketarako, osasunerako eta giza laguntza emateko ekintzak burutzen dituena; Raquel Vásquez guatemalarra, Guatemalako emakume nekazari, indigena eta landatarren eskubideak defendatzen dituena.

Elkartasunaren «Nafarroa» Nazioarteko Saria

Elkartasunaren «Nafarroa» Nazioarteko Saria 2001. urtean sortu zen Laboral Kutxarekin elkarlanean. Sariaren helburua haien ibilbidean azpimarratzeko ekintzak gauzatu dituzten instituzio, gobernuz kanpoko erakunde eta pertsona fisikoen lana eskertzea da. Erakunde eta pertsona horiek garapenerako nazioarteko lankidetzaren edozein alorretan burutzen dituzte ekintzak eta, batez ere, Milurtekoko Garapenerako Helburuak betetzeko ahalegina egiten dute.

Laboral Kutxak sariaren finantziazio osoa hartzen du bere gain. 40.000 euro dira guztira: 25.000 euro saria eta 15.000 saria kudeatzeko gastuetarako. Bestalde, Gizarte Politiketako Departamentua sariari buruzko informazio zabaltzeko, epaimahaia eratu eta antolatzeko, hautagaitzak jaso eta aztertzeko eta saria emateko ekitaldiarekin loturiko zereginez arduratzen da.

Ekimen horren bidez, Nafarroako Gobernuaren eta Laboral Kutxaren asmoa Foru Komunitateko herritarrak herrialde eta herri pobretuetan beharrizan handiena duten gizarte-sektoreen alde egiten den lan boluntario eta solidarioaren garrantziaz jabetzea eta sentsibilizatzea da.

Aurreko urteetako sarituak eta epaimahaia

Aurreko edizioetan, honako hauek jaso dituzte sariak: Mama Tunza kenyarra (2012), Manuel Elkin Patarroyo zientzialaria (2011), Creative Handicrafts GKEa (2010), Aguaricoko Bikariotza Apostolikoa (2009), Mama Samateh Saidy eta Wassu Gambia Kafo GKEa (2008), San Joan Jainkoarenaren anaiak (2007), Fe y Alegría mugimendua (2006), UNASO erakundea (2005), Errefuxiatuentzako Zerbitzu Jesuita (2004), Karitateko Ahizpa Misiolariak (2003) eta Muhhamad Yunnus (2002).

Epaimahaiburua Miguel Induráin txirrindulari profesional ohia da eta honako hauek dira epaimahaikideak: Íñigo Alli Gizarte Politiketako kontseilaria, Javier Cortajarena Nafarroako Laboral Kutxako lurralde-zuzendaria, Miguel Ángel Argal Nafarroako Medicus Mundiren fundatzaileetako da, Xavier Longan Nazio Batuen Erakundearen Milurtekoko Kanpainaren Tokiko Hiri eta Gobernuekiko (Europa) harremanen arduraduna, María Luz Ortega garapenerako hezkuntzan aditua eta Maider Gabilondo Nafarroako UNICEFen koordinatzailea. Idazkari gisa aritu da Garapenari Arreta Emateko eta Pertsonak Gizarteratzeko Zerbitzuko zuzendaria.

Iturria:

www.navarra.es

Gehiago irakurri:

Etxebizitza duin eta egokia izateko eskubidea

On Frantzisko Perez: «Elizak 35.000 milioi baino gehiago aurrezten dizkio Estatuari”

Resurrección Lekuna lekaime nafarra Kristo Erregearen Mirabeen nagusi orokorra izendatu dute

Deja un comentario

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *

Scroll al inicio