JESUSEN PIZTUERA

KRISTOREN PIZTUERA

Denek izan zuten Jesus gurutzean hilik ikusteko aukera. Erromatar soldaduek gurutziltzatuak hankak  hautsiz hiltzeko ohitura zeukaten (lapurrei egin zietena, ez baitziren oraindik hilak: ez zuten jasan aurretik Jesusek jasandako zigorra). Jesusi ez zioten hori egin, nabari baitzen hilik zegoela. Jesusi soldadu batek sahietsa lantzaz zulatu eta bertatik, dio san Joanek, odola eta ura atera zirela.

Benetan hilobiratu zuten: Gurutzetik jeitsi eta maindire batetan gorpua bildu eta hilobira eraman zuten. Ezin izan zuten ez gorpua garbitu, ezta ukendurik ezarri ere, ohitura zen bezela, judutarren pazkoa zelako. Igande goiza arte itxaron behar izan zuten (hirugarren eguna).

Bitartean, zein zen apostoluen jarrera? Zerbait espero al zuten apostoluek? Etsia hartua zuten hilobian beren abentura osoa amaitzen zela: ez zuten Jesusen piztuera espero inondik ere. Beraien jarrera ihes egitea izan zen, judutarren beldurrez. Hor dugu Emauseko ikasleen pasartea.

Baina bat-batean dena hankaz gora jarri zuen zerbait gertatu zen: goiz hartan hilobia hutsik aurkitu zuten eta egun haietan askok, apostoluak barru, Jesus berpiztuta ikusi zuten. Jesus agertu zitzaien eta benetan bera zela sinistarazteko, bere nekaldiko zauriak erakutsi zizkien. Horrela, Bere Piztuerarekin, Jesusek egiaztatu zuen, frogatu egin zuen, Berak erakutsitako guztia, eta horrela, bere Elizari hasiera eman zion munduaren historian. Judutarren beldurrez iheska zebiltzan apostolu horiek Ebanjelioa zabaldu zuten misiolari ausartak bihurtu ziren, bizitza ematera ailegatu arte.

Jesusen Piztuera gure fedearen eta gure biziaren oinarria da: Jesukristo piztu ez bada, Jesukristo ez badago bizirik kristau elkartean, Elizan, guri bizi berri bat eskeintzen, orduan kristauok alperrikan ari gara, gizajo batzuk besterik ez gara.

HONA HEMEN NOLA IZAN ZEN DENA

* Aldez aurretik iragarri zuen: Mt 20,19.

* Benetan Gurutzean hil zen: Mt 27,50; Mk 1,37; Lk 23,46; Jn 19,30.

* Judutarrek zaintzaileak jarri zituzten hilobi aurrean: Mt 27,62-66.

* Jesukristo hilobitik piztu zen: Mt 28,1-7, eta honako hauei agertu zitzaien:

– Maria Magdalena: Mk 16,9; Jn 20,11-18.

– Emakume santuak: Mt 28,8-10.

– Simon Pedro: Lk 24, 34.

– Emauseko ikasleak: Lk 24,12-31; Mk 16,12-13.

– Apostoluak Tomas izan ezik: Mk 16,14: Lk 24,36-43; Jn 20,19-23.

– Apostoluak Tomasekin: «Nere Jaun eta Jaungoikoa»:Jn 20, 26-29.

– Bost apostoluak bi ikasleekin Tiberiadeseko lakuan: Jn 21,1-14.

– Hamaika apostoluak Galilean: Mt 28,16-20.

– 500 lagun gutxi gora behera: 1 Kor 15,6.

– Santiago: 1 Kor 15,6.

– Hamaika apostoluak Jerusalenen eta Betanian Igokundearen egunean: Mk 16,19; Lk 24,50-52; Eg 1, 1-12.

– San Pablo, Damaskorako bidean:

Eg 9, 3-6; 1 Kor 15,8.

Piztueraren froga honek bere indar osoa eta definitiboa hartzen du kontutan edukirik apostoluek ez zutela aluzinaziorik jasan eta ez zutela inor engainatu nahi izan. Gainera, saiatu izan balira ere ezin izango zuketen ezer lortu. Ikus dezagun labur-labur:

APOSTOLUEK EZ ZUTEN ALUZINAZIORIK JASAN

Historikoki gauza jakina da apostoluek eta ikasleek ez zutela Jesusen piztuerarik espero. Honako gertakizunek frogatzen digute:

– Arimateako Josek eta Nikodemok Jauna behin-betiko ehortzi zuten eta hobia harri handi batekin itxi zuten. (Mt 27,60; Jn 19,38-42)

– Bere jarraitzaile ziren emakumeak lurrikaiak erosi eta igande goizean hobira itzuli ziren Jaunaren gorpua gantzutu asmoz betiko modu duinean hobiratua izan zedin (Mk 16,1-2). Ez zuketen halakorik egingo Maisuaren piztuera espero izan balute.

– Maria Magdalenak hobia hutsik zegoela ikusi zuenean Pedro eta Joani honela esan zien: «Jauna hobitik hartu eta ez dakigu non utzi duten» (Jn 20,2). Ez zitzaion bururatu piztuta egon zitekenik ere.

– Emakumeak apostoluei Jauna piztu zela eta agertu zitzaiela jakinarazi zietenean, haiek ez zieten sinistu. (Lk 24,11)

– Tomas apostoluak ez zuen sinistu beste apostolu guztiei adituta ere. (Jn 20,25)

– Kristok Berberak aurpegiratu behar izan zien haien sinesgabekeria. (Lk 24,25; Mk 16,14; Jn 20,27).

Apostoluek aluzinazioren bat jasan izan balute, nola azaldu daiteke hobia hutsik zegoela? Azken finean hauxe izan baitzen judutarrei kezka handiena sortu zien datua.

APOSTOLUEK EZ ZUTEN INOR ENGAINATU NAHI IZAN

Apostoluak ez ziren gezurtiak. Haiek ikusi eta ikututakoa besterik ez zuten aipatu. Hona honen arrazoiak:

– Kontutan eduki Pedrok Ostegun santu egunez azaldu zuen koldarkeria eta aldiz, Mendekoste eguneko adorea. Zer pasatu zen?

– Oroitu apostolu guztien koldarkeria, Pazko egunean «judutarren beldurrez» izkutatuz  (Jn 20,19), eta haien osotasuna eta ausardia judu-biltzarraren aurrean piztueraren ondoren (Eg 4,20 5,29).

– Ez zuten inolako etekinik ateratzen gisa hartako gezur bat adieraziz. Denek izugarrizko pertsekuzio eta nekeak jasan behar izan zituzten Kristoren izenean eta azkenik martiritza jasan zuten. Pascalek honen aurrean dio: «erraz sinisten diet testigantza emateagatik odola ixuritzen duten lekukoei».

– San Paulok sekula ez zuen halako faltsukeria batean parte hartuko, bera judutarren tradizioen defendatzaile sutsua baitzen. Bere bihotz berritzea apostoluen eginetan kontatzen zaigun mirarizko gertakizun harengatik bakar-bakarrik uler daiteke: Kristo piztuaren agertzea (Eg 9,1-9).

– Apostoluak Jaunaren piztueraren testigantza eman ez ezik, mirari ikaragarriak eginez frogatu zuten ere (Eg 3,1-16; 5,12-16). Izan ere, Jainkoak ezingo luke inolaz ere onartu mirariekin gezur kaltegarri bat hedatzea.

APOSTOLUEK EZINGO LUKETE INOR ENGAINATU

Demagun apostoluak gezurti hutsak zirela. Lortu izango lukete? Argi da ezetz. Arrazoiak:

– Nork sinistu behar zien Jerusalenen gizon gutxi batzuei denek gurutzean josia, hila eta hobiratua ikusi zuten gizon bat bizirik zegoela inolako frogarik eman gabe? Denek far egingo liekete.

– Eta hau ezinezkoa izan balitz Jerusalenen, are gehiago beste edozein tokitan. Jesus ezezaguna zen lekutan, bere mirariak eta doktrina ezezaguna zen lekutan, Mesias baten zai ez zeuden lekutan eta judutarren erlijioak ezer balio ez zuen lekutan…

– Nola izango zen posible bada 12 gezurti ezjakinak Erromatar Inperioa erabat aldatzea judutar gurutziltzatu baten doktrina predikatuz? Eta gainera sakrifizioak eskatzen dituen doktrina eta bizioak debekatzen dituena, kalte egin dizuna maitatzea agintzen duena, mendekurik ez egin eta Jesus ukatu baino lehen bizia eman behar dela irakasten duena…? Nor dago hain itsua ez ohartzeko hau guztiz ezinezkoa dela ez bada onartzen apostoluen hitzaren naturaz gaindiko indarra, mirarien ikaragarrizko indarra eta martirien odolaren emankortasuna? Eta hori guztia Kristoren piztuera aitortuz.

Arrazoi guztiarekin arrazionalistek bere indar guztiz erasotu dute Kristoren piztuera, jakinik hauxe dela bere Jainkotasuna adierazten digun frogarik handiena eta gure fedea eta Eliza sostengatzen dituen zutabe sendoena. San Paulo berak honela esaten zien korintotarrei: «eta Kristo pizturik ez badago, funtsik gabea da gure predikua eta zentzurik gabea gure sinesmena. Egiaz hilak pizten ez badira, Jainkoak ez zuen piztu Kristo ere; eta, hori horrela bada, gu ere Jainkoaren lekuko faltsu bihurtzen gara, beraren kontra egiten baitugu testigantza, Kristo piztu zuela esatean» (1 Kor 15,14-15).

Gehiago irakurri:

Torinoko Izarari buruzko baliabideak

“Prohibido robar cadáveres». Una inscripción encontrada en Nazaret proporciona pistas de interés acerca de la Resurrección de Jesús

[slideshare id=12519942&style=border: 1px solid #CCC; border-width: 1px 1px 0; margin-bottom: 5px; max-width: 100%;&sc=no]

1 comentario en “JESUSEN PIZTUERA”

  1. Pingback: MENDEKOSTE EGUNEKO SEKUENTZIA: «ZATOZ ESPIRITUA» | RELIGIÓN EN NAVARRA ERLIJIOA NAFARROAN

Deja un comentario

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *

Scroll al inicio