Atzo, apirilak 15, Pazko II. igandea, Jainkoaren Errukitasunaren festa ospatu zen Iruñako Katedralean. 18:00etan Sakramentu Guztiz Santuaren adorazioa eta Santa Faustinari agertutako mezuaren inguruko gogoeta egin zen. 18:30etan: Jainkoaren Errukiaren Errosarioa (Koroatxoa) errezatu zen. Ondoren, Meza Santua ospatu zuen On Jose Inazio Munillak, Donostiako Gotzainak. Aurreko ostegun eta ostiralean, jaia prestatzeko Hirurren Ospetsua ospatu zen Neriko San Feliperen Oratorioan, Jainkoaren Errukiaren kaperan (Kale Berria, 12. Hotel Maisonnavetik 20 metrora).
Baina, ezagutzen al duzu debozio garrantzitsu hau?
Askorentzat oraindik debozio hau ezezaguna izan arren, ezin da ukatu gure Nafarroan denbora laburrean zabalpen handia ezagutu duela, fededun gazteen artean batik bat. Argi dago «koroatxoa»ren otoitzaren erraztasuna eta erlijiotasun sakonak bost kontinentetako milioika katolikok egunero errezatzera mugitu dituztela, Eliza Katolikoan gaurkotasuna handien daukan otoitza bilakatuz. Baina, zein da debozio honen jatorria? Jarraian ikusiko dugu.
30. hamarkadan, Polonian, hasi zen guztia. Ikasi gabeko moja soil eta xume bat izan zen protagonista, Jainkoak gizateriari mezu bat eman nahi dionean ez baititu jakintsuak edo garrantzitsuak aukeratzen, txikiak eta apalak baizik. Hauek dira Jainkoaren graziak onartzeko otzanak. Moja gazte hau Sor Faustina Kowalska deitzen zen.
Faustina Kowalska Glogowiecen jaio zen, Cracoviatik hurbil, 1905ean. Nerabezaroa graziaz, oinazez eta aparteko esperientziez beterik pasa ondoren, hogei urte bete baino aste batzuk lehenago, Errukitasunaren Amaren Kongregazioan sartu zen. «Madalenak» bezala ezagutuak, moja hauek gazte behartsuen heziketan jarduten zuten. Erlijio-izen bezala Maria Faustina hartu zuen. 1928 behin-betiko botoak egin zituen, eta bere bizitza laburrean zehar kometuz komentu ibili zen lan apalenak eginez: sukaldea, lorategia, garbiketa, edo atezaintza.
1931. urtea zen Ploch herri ederreko komentura bidali zutenean. Bertan, ogia egitea eta janaria prestatzea zegokion. Hemen agerkunde bat izan zuen. Faustinak berak kontatzen digu bere egunkarian:
Gauez, nere gelan nengoela, Jesus Jauna zuriz jantzita ikusi nuen. Esku bat altxata zegoen, bedeinkatzeko keinua eginez, eta beste eskuak soinekoa ukitzen zuen. Soinekoa bularra aldera irekia zegoen, bi izpi luzek diztira egiten zuten: bat gorria zen eta beste zuria. Ni ixilik gelditu nintzen Jauna kontenplatzen. Nere arima beldurrez beterik zegoen baina baita zoriontasunez gainezka ere. Tarte bat pasa eta gero, Jesusek esan zidan: “Margo ezazu Nire irudi bat, ikuskari honen arabera, Idazkun honekin: Jesus, Zugan konfidantza daukat! Nik Irudi hau beneratua izan dadin nahi dut, zure kaperan lehenengo eta gero mundu osoan. Irudi hau ohoratzen duena bizia ez duela galduko agintzen dut. Hemen lurrean, etsaiak garaituko ditu eta, bereziki, heriotzeko orduan. Nik, Jaunak, Nere Aintza bezela defendatuko dut.
“Bi izpiek Ura eta Odola adierazten dute. Izpi argiak Ura adierazten du, arimak justu egiten dituena. Izpi gorriak arimen bizia den Odola adierazten du.”
“Bi izpi hauek nere Errukitasun samurraren sakontasunetik atera ziren Nire Bihotz hila Gurutzean lantzaz irekia izan zenean”.
Faustina, izandako ikuskariak erabat hunkituta, gertatutakoa bere aitorleari kontatu zion. Honek entzundakoa egitzat jo zuen segituan eta moja gazteari bere esperientzia guztiak egunkari batean idaztea agindu zion; agerkariak oso ugariak izan ziren 1931tik heriotza arte. Gaur, agiri horri esker, Jainkoaren Errukitasunaren mezuaren ezagutza paregabea dugu.
Faustinak, Jaunak agindutakoa betetzearren, bertako margolari batekin hitz egin zuen eta honek, mojaren deskripzioak eta datuak kontutan hartuz, gaur egun Jesus Errukitsuaren irudia bezala ondratzen dugun koadroa margotu zuen.
Urteak aurrera zihoazen, 30. hamarkada bezala, eta Faustina Polonia zeharkatzen zuen komentu batetik bestera. Jaunaren agerraldiek jarraitzen zuten. 1935eko irailaren 13an, ostirala, Jesusek munduarentzako errukitasuna lortzeko bide boteretsu bat agertu zion Faustinari, Koroatxoa. Berak honela idazten du:
“Gauean, nere gelan nengoelarik, Aingeru bat ikusi nuen: Jainkoaren justiziaren exekutatzailea zen. Tunika diztiratzaile batez jantzia, aurpegia loriaz argitua eta hodei bat zeukan oinen azpian. Bere eskuetan trumoiak eta tximistak zituen. Jainkoaren haserrearen seinaleak ikustean, herrialde jakin bat bereziki zigortu behar zutenak, alegia, Aingeruari erregutzen nion, baina berehala nabaritu nuen neure otoitzek Jainkoaren haserrearen kontra ez zutela balio… Aldi berean, Trinitate Guztiz Santua ikusi nuen, Maiestate eta Santutasun paregabea erakusten zuelarik. Orduan, neure barrenean hitz batzuk entzun nituen eta haiekin munduaren salbamena erregutzen hasi nintzen jaiera handiz. Eta, hara mirakulua! Aingeruak ezin zuen deus ere ez otoitz honen kontra eta ezin zuen ezarri zigor justua. Hitz hauekin erregutzen nuen Jainkoaren Errukitasuna: “Betiereko Aita, nik zure Seme guztiz maite Jesukristo Gure Jaunaren Gorputza, Odola, Arima eta Jainkotasuna eskeintzen dizkizut, gure pekatuen eta mundu osoaren pekatuen ordain bezala. Bere pasio mingarriarengatik, erruki zaitez gutaz eta mundu osoaz”.
Jaunak jada gizakiak Jainkoaren Errukitasuna lor zezan bi tresnak emanak zizkion: Kuadroa eta Koroatxoa. Kristok mojari eman zion hirugarren agindua egunero arratsaldeko hiruretan margoaren aurrean koroatxoa errezatu zezan izan zen, ordu hori Errukitasun handiaren ordua zen, ordu horretan gizakien alde hil baitzen Jesus Gurutzean.
Sor Faustina tuberkulosiak jota hil zen 1938ko urriaren 5ean, Krakovian, 33 urte zituela. Laister bere mezua zabaltzen hasi zen bere sorterritik. 1936an bertan, bere aitorleak, Aita Miguel Sopocko dohatsuak koroatxoa inprimarazi zuen Jainkoaren Errukitasunaren irudiaren estanparen atzeko aldean. Hainbat arrazoiengatik -gaur egun garratzirik gabekoak direnak- zenbait hamarkadetan zehar debozio hau debekatuta egon zen. 1978an, Juan Pablo II.ak, poloniar handi hori San Pedroren Aulkian zegoelarik, debozio hau onartu eta Jainkoaren Errukitasunarekiko maitasuna eta debozioa zabaltzen saiatu zen.
Juan Pablo dohatsuak ederki ezagutzen zuen sor Faustinaren mezua eta hamarkada batzuk lehenago Jesusek mojari eskatutakoa burutu zuen. Bere Errukitasunari eskeinitako festa liturgikoa bat nahi zuen Kristok eta Juan Pablo II.ak Pazko bigarren igandean ezarri zuen. Juan Pablo II.ak berak gai honi buruzko entziklika bat atera zuen, Dives in Misericordia, eta 2000. urtean santu egin zuen Faustina Kowalska.
Kristok poloniar moja gazteari egindako promesak ugari dira. Kristok Berak debozio hau zabaltzen dutenei salbamena agindu die; debotoei munduko pekatari handienak koroatxoa fedez eta bihotzez damututa behin errezatuz gero salbatuko dela esan die; salbamena agintzen dio hilzorian dagoenari bere gorputzaren aurrean norbaitek koroatxoa errezatzen baldin badu… kontaezinak dira Jesusek agintzen dituen ondasun espiritualak.
Harrigarria da Santa Faustinaren mezuak izan duen hedapena, bereziki nabarmena da hau gazteri katolikoari begiratuz gero. Ohikoa da erretiroetan, topaketetan, elizbarrutietako jardunaldietan, edo Munduko Gazteen Jardunaldietan gazte asko Jesus Errukitsuaren estanparekin ikustea edota koroatxoa errezatzen ere.
Bistan dago Jainkoak debozio honekin aukera paregabea eskeintzen digula. Kristok bere Errukitasunaren jarraitzaileei agintzen diena eta gizateriarentzako koroatxoa edo bederatziurrena errezatzeak ekartzen dion onuraz jabetzen baldin bagara, zentzugabekeria izango litzateke debozio hau baztertzea.
Norbaitek koroatxoa otoitz egiterakoan, «gure» pekatuen eta «mundu osoaren» pekatuen barkamena eskatzen du. «Gure» horren barruan otoitz egiten duena eta honek gomendatzen dituenak daude, biziak ala hilak, gure otoitzaren beharra duten guztiak. «Eta mundo osoaren pekatuen ordain bezala» esaterakoan ezagutzen ez ditugun bizien alde errezatzen dugu, eta baita ezagutzen ez ditugun hildakoen alde, guztien salbamenaren alde. Jainkoaren Errukitasunari otoitz eginez lortzen den onura ikusita, ezin zaio errezatzeari utzi.
Gure elizbarrutian, poliki-poliki, Jesusen deitura honekiko maitasuna hedatzen ari da. Ez da arraroa eliza edo kaperetako txokoren batean Jainkoaren Errukitasunaren koadroa ikustea. Nafarroan, Errukitasunari eskeinitako lehenbiziko kapera Lesakan ireki zen, 2007. urtean, eta egunero ospatzen da meza bertan.
Iruñan, hil bakoitzeko azkeneko igandean Jainkoaren Errukitasuna ohoratzen da Sakramentu Guztiz Santuaren aurrean koroatxoa errezatuz, Neriko San Feliperen kaperan (Kale Berrian) San Saturnino parrokiako elizatxo eder honetan. Hor hasten da Ostiral Santuan Bederatziurrena ere. Aukera aparta Jainkoaren Errukitasunaren opari hondogabea ezagutzeko eta bizitzeko.
Kaixo lagunok. Slidesharen aurkezpen bat zintzilikatu dut.
Hauxe da helbidea: http://www.slideshare.net/Erlijioabizi/jainkoaren-errukia
Ongi izan.