«GARTXOT»en MITOAK: EUSKARA ORREAGAN

roncesvalles virgen 012
Orreagako Ama

Aurreko sarrera batean, «Gartxot», konkista aitzineko konkista filmaren faltsukeriaz eta oinarri historiko ezaz hitz egin genuen. Gauza askoren artean, ondoko galdera botatzen genuen: Elizak -kasu honetan Orreagako abadeek- latina euskararen kaltetan inposatu izan balu nola da posible herri horretan gaur egun arte euskaraz mintzatu izana?

Gainera, lurralde hauen kristautzea latinaren bidez egin izan balitz, hainbesteraino errotuko al zen kristau-fedea? Gaur egun arte iraun dute mendez-mende hainbat bailarek Orreagara egindako erromeriek. Zein hizkuntzatan zuzendu da herria Orreagako Amarengana? Bere ama hizkuntzan, hau da, euskaraz. Honen isla aurki daiteke kantuetan, otoitzetan, bertsoetan, sermoietan, hainbat ohituretan, etab.

Honen guztiaren adierazgarri diren zenbait testigantza historiko ekartzen ditugu jarraian:

Hasteko, Juan Huarte, XVII. mendean Orreagako kalonje izandakoak bere Historia de Roncesvalles liburuan bildutako olerki bat aipatuko dugu. Orreagako Ama Birjinari zuzenduta dago olerki eder hau:

Orreagako Amari

(1619)

Aynguiruen erreguina
Orierriagan xarriric,
Aynguiruen compañian
Gloria guztiz veteric,

Çu zarade ederrena
Creaturen ertean,
Gloria ere andiago
Çeru eta lurrean.

Sandulariac ecusi du
Gozo andis veteric,
Jhs. Jaincoac eman dio
Benedictio ederric.

Bertsio honen iturria: K. Mitxelena, Textos Arcaicos Vascos, Madrid, 1960, 125 or.

Bigarrenez, Nikolas Polit (1834-1906) auriztarraren idatzi batzuk aipatuko ditugu. Nikolas Polit 1887 izendatu zuten Orreagako priore edo burua, bere anaia Frantziskok kargu hau uzterakoan. Orreagako priore ospetsuenetarikoa izan zen. Sermoi hauek Jose Maria Satrustegik bere Euskal testu zaharrak liburuan bildu zituen (273-291 or.). Luzaide eta Orreagako euskalkien adibidetzat jotzen dira.

Hirugarrenez, Jabier Ibarra (1876-1955) Orreagako kalonjearen sermoi bat ekartzen dugu. Jabier Ibarra Lakaben, Artzibarko bailaran, jaio zen eta bere bizitzaren azkeneko 33 urteak Orreagan pasa zituen kalonje gisa. Sermoi hau Erroibartik Orreagara joaten ziren erromesei zuzenduta dago eta egilearen bigarren iloba den Orreaga Ibarra ikertzailearen lan honetan irakurtzen ahal da: Orreagako elizan aurkitutako On Javier Ibarraren prediku bat Artzibarko hizkeran idatzirikoa (Fontes linguae vasconum: Studia et Documenta, 40. urtea, 107. zbk., 2008, 105.-118. or.).

Orreagako euskararen testigantza garaikide batekin bukatuko dugu. 2009an Orreagako euskaldun bati egindako elkarrizketa batekin hain zuzen ere. Solasaldian, gizon honek bere aita eta familia Orreaga eta ingurukoak zituela eta euskaldunak zirela esaten du. Euskarabidearen Nafarroako Euskararen Mediatekan ikus eta entzun daiteke elkarrizketa hau. XXI. mendera arte iraun du euskarak Orreagan!

Goiko lekukotasunak irakurrita, atera ditzala norberak bere ondorioak Orreaga, Eliza eta euskararen iraupenari buruz.

Gehiago irakurri:

Milaka ikasle «Gartxot» filma ikustera eramaten ari dira

4 comentarios en “«GARTXOT»en MITOAK: EUSKARA ORREAGAN”

  1. Pingback: “EDALONTZIA, URA ETA ELEFANTEA” | RELIGIÓN EN NAVARRA – ERLIJIOA NAFARROAN

  2. Pingback: “GARTXOT”en MITOAK (II): ALTOBIZKARREKO KANTUA | RELIGIÓN EN NAVARRA – ERLIJIOA NAFARROAN

  3. Pingback: ASMAKIZUNETIK USADIORA | RELIGIÓN EN NAVARRA – ERLIJIOA NAFARROAN

  4. Pingback: TARSIZIO AZKONA KAPUTXINOAK ESKURATUKO DU 2014ko VIANAKO PRINTZEA SARIA | RELIGIÓN EN NAVARRA – ERLIJIOA NAFARROAN

Deja un comentario

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *

Scroll al inicio