2015-08-15
Gotzainak kontsumoaren gizarteak inposatzen digun pentsamendu bakarraren arriskuez ohartarazi ditu fededunak
Donostiako Gotzainak zuzendu du Ama Birjinaren Eguneko Meza Nagusia Santa Maria Basilikan eta ohi bezala, Orfeoiak ere hartu du parte; honakoan, Reciferen «Misa Choralis» kantatu du.
Homilian, gotzaina, genero ideologian oinarriturik, kontsumoaren gizartea zabaltzea helburu duen pentsamendu bakarraren kulturaren kontra mintzatu da. .
Egungo krisia ulertzeko tresna moduan Frantzisko Aita Santuak behin eta berriz aipaturiko «Munduaren Jauna», Robert Hug Benson idazlearen eleberria izan du ahotan.
Eleberrian gertatzen den bezala, gaur ere mundo mailako gizateria faltsuaren aurrean gaude, itxuran baketsua eta balore etikoetan oinarritutakoa hain zuzen; baina politikoki zuzenaren izenean, lege naturalaren eta Jainkoaren legearen kontrako baloreak zabaltzea du helburu: horretarako kristautasuna bizitza publikotik baztertu eta pribatutasunera mugatzen saiatu da.
Are gehiago, gotzainaren esanetan «ideologia politikorik gabeko mundu ordena berria hasi dela esan digute eta askoren esanetan ekonomia bera nahikoa da gizarte-ordena arautzeko, teologiarik edo eta filosofiarik gabe». Hau ordea, gezurra dela esan du On Jose Ignaziok.
Izan ere, «urte gutxitan kulturak ideologia berria hartu zuen bere gain: genero ideologia, hain justu».
Gotzainak ozen salatu du «genero ideologia familia eta gizakiaren izaera eta zentzu naturala deuseztatzeko helburua duela. Familia delako pertsonaren egiazko baloreen euskarria».
«Totalitarismoak ez ditu gogoko familia sendo eta osasuntsuak, gizaki bakarti eta loturarik gabekoak baizik», gaineratu du.
Zentzu horretan, egun, eskuin eta esker aldeko alderdi politiko guztiek oinarrian ideologia bera dutela salatu du; guztiak ere sekularizatutako alderdiak dira eta genero ideologiak eta pentsamendu bakarrak agintzen dutena egitera bultzatzen gaituzte, politikoki zuzena denaren izenean.
Horregatik guztiagatik, on Jose Ignaziok kontsumo gizarteak deuseztatu nahi duen familia defendatzera deitu ditu fededunak. Eta Ama Birjinari, ideologia faltsuek engainatu ez gaitzaten argia eman eta bidea erakutsi diezagula eskatu dio.
HOMILIA IRAKURRI