Portada » ERLIJIO HEZIKETARAKO ESKUBIDEA

ERLIJIO HEZIKETARAKO ESKUBIDEA

Osteguna, 2013ko urtarrilak 10
MARÍA ELOSEGI ARANTXA AZURZA
ZUZENBIDEAREN FILOSOFIAKO IRAKASLE TITULARRA /ABOKATUA

Erlijio klaseak direla-eta gauza asko esan da azken bolada honetan. Ikastetxe publikoetan heziketa honi ekin behar zaion edo ez, zenbait berri eta iritzi azaldu da eta, horien bitartez, oinarrizko ikuspegia galdu, beharbada. Hori dela-eta, gaiaren jatorria berreskuratu eta nondik norakoak argitzeko asmoz idatzi ditugu jarraian datozen lerro hauek.

Eskubide batez ari garenez, legeek zer dioten azaldu dezagun lehenik, legezkotasun printzipioa delako Zuzenbide Estatuaren funtsezko euskarrietako bat. Esan dezagun, beraz, erlijio eta moral heziketa bat jaso ahal izatea, Konstituzioak legeztatzen duen eskubideetako bat dela. Edukira murgilduz, botere publikoek gurasoei bermatzen dien eskubide bat da, seme-alabek gurasoen sinesmenarekin bat etorriko den heziketa bat har ahal dezaten. Hau ez da, ordea, erlijio katolikoari dagokionez bakarrik ulertu behar, derrigorrezkoa baita Konstituzioaren atal hau beste zenbait konfesiori dagokienez Estatuak sinatu dituen hitzarmenen arabera interpretatzea. Horren guztiaren bertutez, ikastetxe publikoek katoliko, koraneko, ebanjeliko eta judutar erlijioak eskaini beharra daukate ikasmaila guztietan eta beste ikasketekin diskriminatzailea izango ez den eran.

Aipatutako lege-aurreikuspen horri 2006an eman zitzaion azken garapena Hezkuntzarako Lege Organikoaren bitartez, horren azken garapena Autonomia Erkidegoei dagokielarik, betiere goi-legeek aurrez ezarritako mugen baitan. Honetaz, legedi horrek guztiak Autonomia Erkidegoei betebehar bat ezartzen die: beren ikasketa egitarauak osatzerakoan erlijio ikasketak nahitaez eskaintzea, alegia. Autonomiek, beren eskumena kudeatzerakoan, ezin dute erlijioa ez orduz kanpoko asignatura bezala eskaini, ez eta diskriminatzailea gerta daitekeen beste edozein baldintza ezarri; ez dutelako horretarako ahalmenik edo gaitasunik .

Euskal Erkidegora itzuliaz, joan den otsailean Batxilergoaren curriculuma osatzeko indarrean jarri zen Dekretuak ez du, zuzenean, erlijioa eskaini beharreko ikasketa bat izango denik arautzen. Zeharka aipatzen du gaia, esanez gurasoek, edo haien ordekoek, aukeratu ahal izango dutela beren seme-alabek erlijio klaseak jasotzea diskriminatzailea gertatuko ez den egoera batean. Ez dio ezer, ordea, erlijio ikasketak aukeratze hutsak eskolekiko betebeharren bat sorrarazten duen edo ez. Arau hori hotzean interpretatuta, erlijio klaseak aukeratzea ondorio gabeko aukera litzateke. Egia esanda, batek esango luke diskriminazioa ukatze hori ez ote den nolabait itxura on bat lortzearren jarri, berez eduki gabeko aipamen bat izanik.

Beldurrak beti beldur, baina kasu honetan badute zeri eutsi: joan den udazkenean makina bat ikastetxe publikotan legez kontrako erabaki bat hartuz, ez zen erlijio klaserik eskaini. Irakasle-klaustroetan hartu omen zen ebazpena, sasi-legebiltzar papera hartuz. Ez da jakin jardute horren kontra hartu ote den neurririk. Neurrigabekeria bat izanik, aldiz, prozedura demokratiko baten bitartez indarrean jarritako arauen kontra azaltzea. Ez da hau aurrekari makala, arauaren eduki eskasarekin batera, zenbait mamu berpizteko eta erlijio klaseak ikastetxeetan jaso ahal izango ez direnen ikaraz egoteko.

Euskal eskola publikoan berriki ikerketa bat egin da, ikasleen artean balio moralen inportantzia neurtzeko asmoz. Imanol Zubero, Elisa Usategi eta Irene del Valle EHUko irakasleek eginiko lana da, Innobasque eta Buesa Fundazioaren enkarguz. Badirudi gure gazteei hitza falta zaiela; esan nahi da, emandako hitzari inolako baliorik ematen ez diotela. Ez eta arauak betetzeari ere. Beraz, badute euskal instituzio eta irakasleek jarraibidea ematen non hasi: demokrazia batean ematen diren arauak betez, betetzen erakutsiz eta, kasuan-kasuan, betearaziz.

Iturria: www.berria.info

Gehiago irakurri:

Lehen ez bezala, Erlijioaz hitz egiten du PPren Hezkuntza Legearen Zirriborroak

«Europa Laica»ren gezurrak

Munillak Erlijio-ikasgaiaren normalizazioa eskatu du

Scroll al inicio