«EDALONTZIA, URA ETA ELEFANTEA»

2013-03-31

Espiritualtasunarei buruzko teoria berrien inguruan, gure gotzainaren gogoeta

   Jarraian irakur dezakezun idazkian, On Jose Ignacio Munilla gure gotzainak, «New Age» deritzon mugimenduak espiritualtasunari eta erlijioei buruz esaten dituenen inguruko gogoeta egiten du. Hauek, erlijioak eta bereziki erlijio katolikoa Jainkoaren Misteriora hurbiltzeko duten baliagarritasuna kolokan jarri nahi izaten dute. Gure gotzainak teoria hauek bertan behera uzten ditu, haren idazkian. 

                              «EDALONTZIA, URA ETA ELEFANTEA»

       Eliza Katolikoa Fedearen Urtea ospatzen ari da. Gotzainok, fedea bere osotasunean gordetzeko zerbitzua jaso dugu. Hiru maila biltzen dituen zeregina da: Fede koherentea izan, pedagogiaz predikatu eta aurkako okerrak zuzendu. Zentzu horretan, gure inguruan, gure fede katolikoarekin bat ez datozen jainkozaletasunaren eta espiritualtasunaren gainean zabaltzen ari diren hainbat irudik kezkatzen naute. Bi irudi hauez ari natzaizue zehazki:
«Edalontzia eta ura»: Erlijioa eta espiritualtasunaren arteko bereizketarekin parekotasuna egin nahi duen irudia da. Erlijioak edalontzia lirateke (edalontzi asko dago); eta espiritualtasuna aldiz, ura. Ildo honetatik, edalontzi ezberdinak baliagarri dira ura edateko eta haien beharrik gabe ere edan genezake. Erlijioekin, gauza bera: guztiak dira baliagarri, espiritualtasunaren ura edan ahal izateko. 34elefanteaguatxiki.gif

«Elefantea»: Elefante baten inguruan, erlijio ezberdinetako jantziak soinean daramatzaten pertsonaiak irudikatzen dira; guztiak ere begiak estalita: Gotzain katoliko batek eskuez elefantearen tronpa ukitzen du; monje budista batek, haren letagina; agintari islamiarrak atzeko hankak laztantzen ditu; errabino batek elefantearen belarri bat du esku artean,… Eta irudiaren azpian zera dio: «Jainkoa, erlijioek Haren inguruan diotena baino handiagoa da». Hartaz, irudi honen arabera, erlijio guztiak gizona Jainkoarengana heltzeko egiten duen saiakera antzua dira.

Norbaitek esana da, erlatibotasuna dugula, sekularizatutako mendebaldeko kulturaren ezaugarririk azpimarragarriena. Eta ezbairik gabe, gogoeta teologikoa ere, ez dago arrisku honetatik salbu. «Erlijio pluraltasunaren» teoria- hau da, erlijio guztiak zilegi direla uste izatea- erlijiotasunaren irakurketa erlatibotasunaren arabera egin izanaren ondorio besterik ez da. «New Age» edo Aro Berria deritzon hori ere, erlijioaren arloan erlatibotasunak duen eraginaren ondorio dugu. Egun, sinkretismoa eta esoterismoa modan ditugu; «denera» zabalik dagoen espiritualtasunaren adierazgarri dira, «ezertan» sinesteko beharrik gabe.

Hala ere, ildo horretatik gure garaiko espiritualtasuna aurkituko dutela uste dutenak, guztiz oker dira. Erromako Inperioan nagusi zen paganismoaren kopia baino ez dugu; kristautasunak aurre egin behar izan zuena, alegia. Oso adibide argia jarriko dizuet; Simanco eta San Anbrosiok IV. Mendean izandako hika-mika:
Simanco izeneko Erromako Senatuko presidenteak, «Garaipenaren aldarea» ezarri zuen Senatuan. Senatari guztiek aldarean intsentsua erre behar zuten, euren sinesmena zena zela ere, Simancoren aburuz, kristautasuna eta paganismoa pareko zirelako. Haren iritziz erlijio guztiak zilegi ziren, gu guztion gainetik dagoen eta inoiz ukituko ez dugun errealitatea aurkitzeko bideak baino ez bai dira. Bere ustea, esaldi bakar batek laburtzen du: «Hain Misterio handira iristeko ez da posible bide bakar bat baino ez izatea».

Kristauek uko egin zioten aldare hartan intsentsua erretzeari. Milango gotzain zen San Anbrosiok, zera esan zion Simancori: Egiaz, Jainkoaren misteriora gizakiak ezingo du bere kasa iritsi, baina Jainkoaren Errebelazioari esker, misterio hori eskuragarri egin zaigu. Kristautasuna ez da gizonak Jainkoarenganaino egiten duen bidea, Jainkoak gizakiarengana heltzeko egiten duena baizik. Hartaz, San Anbrosioren hitzetan, Jainkoarenganaino iristeko bideak ez dira anitzak, bakarra baino: Jainkoak gugana etortzeko erabili duena, hain zuzen.

Simanco senatari fedegabearen ustez -eta gaur egungo erlijio pluraltasunaren aldekoen aburuz- «hain Misterio handira iristeko bide bakar bat baino ez izatea ezinezkoa da». Hala ere, San Anbrosiok, politeismoa irrazionala dela eta Jainkoak Errebelazioari esker harengandik aske egin gaituela azpimarratzen du. Beste erlijioen aurrean, kristautasuna ez da gnosisa, hau da, ezagutzaren bitarteko salbamena; alderantziz, Kristoren Haragitzea, Heriotza eta Berpizkundearen gertakizun historikoetatik abiatuta, Jainkoak bizitzaren Misterioaren bidea zabaldu digu. Hemen datza kristautasunaren ezaugarririk nagusiena: Gizakion historian gertakizunik garrantzitsuena, Jainkoaren etorrera dugu; Hura, Kristoren bitartez, gizakiaren bila irten zitzaigun. Honenbestez, erlijio-pluraltasunaren teoria eta Jaunaren Gizakundean dugun fedea bateraezinak dira. Erlatibismoaren eta sinkretismoaren joerak eta Aro Berria deritzona, ez dira «berriak» inolaz ere; erromatarren paganotasunaren berrargitalpena baizik. Biek ere ezin onartu edo jasan dezakete, Jesukristo, «Jainkoaren eta gizon-emakumeen bitarteko bakarra» (1 Tm 2, 5) izatea. Izan ere, bi mila urteren ostean, ez da batere erraza heresia berri-berria eta orijinala asmatzea!

Berrogeita hamar urte betetzen dituen honetan, Vatikanoko II. Kontzilioa berraurkitzeko aukera paregabea dugu. Hark oso modu orekatuan onartzen du hainbat erlijiotan topatu dezakegula egiaren hazia eta baita Ebanjeliorako prestatzeko modua (ik. LG 16). Baina halaber, Jainkoaren Errebelazioa eta erabateko salbamenerako bitartekoak, Kristorengan eta Haren Elizan bakarrik topatuko ditugula, gogoratzen zaigu. (ik. UR 3).

Laburbilduz, Jesukristo ez da ura soila, edalontzia ere bada. Izan ere, gizakiok gure zainak eta haragia bizitza galdu gabe bereizi ezin ditugun modu berean, kristautasunean ere ezin ditugu erlijiotasuna eta espiritualtasuna banandu.

Iturria: www.elizagipuzkoa.org

Gehiago irakurri:

Munilla gotzaiaren inaugurazio-hitzaldia Erlijio-ikasgaiaren sinposioan

“Gartxot»en mitoak: euskara Orreagan

“Idiez eta astoez: justizia eta karitatea”

Deja un comentario

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *

Scroll al inicio