BAKEAREN ETA ADISKIDETZEAREN ALDEKO ELKARTERATZEAREN HOMILIA

«BILATU BAKEA ETA ABIA BERAREN ONDOREN»

2012-02-25

Bakearen eta adiskidetzearen aldeko elkarteratze homilia

Donostiako IESU elizak jaso du Euskadiko hiru Gotzainek, bakearen eta adiskidetzearen alde deitu duten otoitzaldia. Donostian, gure Gotzainak, On Jose Ignacio Munillak irakurri du homilia bateratua. Hartan, «justizian, barkamenean eta damuan oinarritutako egiazko bakea aldarrikatu» dute eta adiskidetzearen bidean Elizak zeresan handia duela azpimarratu dute.

41IESUdesdearribatxiki.gif

41IESUdesdedetrastxiki.gif

«Bilatu bakea eta abia beraren ondoren”
Zorionekoak bakegileak

Bakearen eta adiskidetzearen aldeko elkarteratzeko homilia
2012, otsailak 25

Senide maiteok:

1. Zoriontasunek Kristogan eraberrituak izan direnen bizi-testigantza aurkezten digute. Horien artean. Bakea eraikitzen dutenena aurkitzen da: “Zorionekoak bakegileak, Jaungoikoaren seme-alaba esango baitzaie” (Mt 5, 9). Zoriontasunaren aldarrikapenarekin, lege zaharra bere betera eramana izan da. San Paulok dioenez, “Kristorena dena, sorkari berri da; zaharrarenak egin du, berria hasi da” (2 Kor 5, 17). Jesusek giza harremanen era berri bat hasten eta ahalbideratzen du: “lagun urkoa zeure burua bezala maitatzea”, agindu berri honekin gainditua gelditu da: “maita ezazue elkar Nik maite izan zaituztedan bezala”. Gehiago oraindik, Jaunak esaten digu Jaungoikoaren seme eta alaba izate berriak berekin daramala etsaiak ere maitatzea eta erasotzen gaituztenen alde otoitz egitea (cfr. Mt 6, 44)

2. Jesusek badaki era berri honetara maitatzeko, guztiz beharrezko dela gizadiaren berrikuntza sakon bat. Eta horrela bere burua apaldu eta beheratu zuen, heriotzaraino beheratu ere. Kristok giza oinazearen eta sufrimenaren sakontasuneraino jaistea nahi izan du, hortik gure gizatasuna sustraitik eraberritzeko, oinazearen eta heriotzaren leizetik, bizi berria sortarazteko: “Berak gure sufrimenak eraman zituen eta gure oinazeak beraren gain hartu” (Is 52, 4). Jainkoaren Zerbitzariari buruz Isaiasek egiten duen azalpen honek adierazten digu nola Jaungoikoaren Semeak, gure haragia berarengan hartuz, beraren gain hartzen duen gaitz guztia eta injustizia guztia. Bera ez baita gizakien iluntasun eta sufrimenetatik aparte bizi, baizik eta sufrimen ororen eta heriotzaren beraren solidario egiten baita, azkeneraino.

3. Isaiasek harriduraz oihukatzen jarraitzen du: “Haren zauriek sendatu gaituzte” ( Is 53, 5). Jaunaren Pazko misterioak zauria sendabide bihurtzen du, sufrimena poztasun, heriotza bizi. Gurutzean hil den Jesusen zauri irekitik ura eta odola ateratzen dira, biziaren iturria, betiko biziraino daraman biziaren iturria. Hilobiaren ilunpe sakonetik piztueraren iragarpena ateratzen da eta kreazioa berriaren hasiera gertatzen da. Haren zauriek gureak hartu zituzten beraiengan, eta berorietatik, Kristorengan, indar berriz eta itxaropenez betetako bizi berri bat birjaiotzen da.

4. Astearen lehenengo egunean, ikasleak beldurragatik ateak itxita zeuzkatela, Jesus agertu zen beraien erdian eta zauriak, eskuak eta saihetsa aurkeztu zizkien. Gizon eta emakume senide maiteok: gaur ere, hemen eta orain, Jaunak bere zauriak aurkeztu nahi dizkigu, bakez eta itxaropenez bete gaitezen. Zure zauriek sendatu gaituzte! Kristorekin posible da egur zahar eta lehorra biziberritzea. Gorrotoa, indarkeria eta zatiketa maitasunarekin, barkapenarekin eta berradiskidetzearekin garaitu izateko ahalbidea eskaintzen zaigu. Beharrezko zaigu esku horiek eta saihets hori ikustea, asmo sendoz berradiskidetzearen bideari ekiteko. Jesusen zauri horietan ikusten ditugu, bereziki, terrorismoak eta era guztietako zuzengabekeriazko indarkeriak eragindako zauriak eta heriotzak. Kristo da pazko Biktima eta, Berarengan, biktima guztiak dira Jesusen maitasunak besarkatuak eta Beraren opariarekin betirako elkartuak, euren odola alferrikakoa izan ez dadin lortuz. Beraien oroiomena, eta euren familiei lagun egitea, justiziazko eskakizun bilakatzen dira, eta baita eskerron eta onarpenezko etengabeko testigantza eta gizarte berradiskitzerako utziezinezko bide ere…

5. Eta esan zien: “ Nire bakea uzten dizuet, nire bakea ematen, ez ordea munduak ematen duen antzera “ (Jn 14, 17). Jaungoikoak eskaintzen digun bakea , beraien hutsegiteak eta bekatuak aitortzen dituztenek onartzen dute; beren barnea bihotz-berritzearen graziara irekitzen dutenek. Bakea, Jainkoaren dohain gisa, giza ahalegina lagun duela, Espirituak eraldatutako bihotz berri batetik jaiotzen da. “Haien gainera haize eman zuen eta esan zien: hartzazue Espiritu Santua; zuek bekatuak barkatzen dizkiezuenei barkatuak geratzen zaizkie” Espiritu Santua da bihotzaren aldaketa egiten duena eta bakearen eraikuntza ahalbideratzen duena. Bakea jatorriz Jaungoikoarengandik dator, baina fruitu eman dezan beharrezko du gure partaidetza. “Hilik egon nintzen, baina orain bizirik nago” (Apk 1, 18). Heriotza, Jesusengan, bizi bihurtzen da. Euren haragian beldurraren eta biolentziaren zauria barneraino jasan izan dutenak bakez eta lasaitasunez bete ditzaken itxaropen segurua da. Kristorengan aurkitzen dugu geure bakea eta sufrimenak eta heriotzak ere hor aurkitzen dute itxaroteko eta Jainkoaren bizi berriaren jabe eginik sendatuak izango garenaren arrazoia.

6. Hila izan den Bildotsa da liburua hartzeko, honen zigiluak irekitzeko eta bere edukia ikusteko gai (cfr. Apk 5, 7). Lepoa moztua izan den Bildotsa agertzen da bizirik eta zutik. Horrek adierazten du egia benetan ezagutzeko gaitasuna, giza bihotzaren eta historiaren sakontasun osoa ezgutzen duelako. Bera da Egia, Egia pertsonala eta hilezkorra, Berak argi egiten du gure historiaren gainera eta Berarengandik bakarrik ezagutu genezake gauzen egia, bizi izan dugun egoera hain mingarriaren erdizkako eta zatikatutako ikuspegiak gaindituz. Berarekin begiratu ahal izango diogu gure historiaren kontakizunari, eta Berarekin bat eginik ezagutu ahal izango dugu egin dugun mina, kritikoki balioztatu egin ditugunak eta egin ez ditugunak, berreraiki justiza eta geure buruak barkamenera eta adiskidetzera ireki.

7. “Jaungoikoak Kristoren bitartez berekin adiskidetu gaitu eta adiskidetzeko zerbitzua gure esku utzi du” (2 Kor 5, 18). Izan ere, adiskidetze ministeritza Elizaren bihotzean bertan baitago. Pazko Misterioaren bidez Berarekin adiskidetu dituenei Jaunak eman dien zerbitzua da. Gure elizbarrutietako kristauek, euren artzainak lagun dituztela, ibilbide luze bat egin dute adiskidetzearen zerbitzuan, ekinbide ugari eta ezberdinen bidez, jabeturik Jainkoaren nahiaren eta Honek emandako misioaren ondorioko lana eta era berean gure gizarteari beharrezko zitzaion lana egiten ari zirela. “Kristoren mandatari gara, eta kristoren izenean eskatzen dizuegu; egitzazue bakeak Jainkoarekin” (2 Kor 5. 20). Jainkoaren barkamenaren eta errukiaren iragarpena, eta era berean bihotz-berritzeko eta damurako deia, funtsezko eta betikoak dira Jesusen predikazioan. Elizak bere lehen eginkizun ditu bihotz-berritze sakonera deitzen duen grazia hau iragartzea eta adiskidetze bidean barkamena eskaintzea.

8. Aldi berri honetan, Elizak adiskidetzearen zerbitzari izateko duen eginkizuna eta konpromisoa berritu nahi ditu. Indarkeria guztien behin betiko amaiera emanez ETAk egin duen iragarpena pozik eta itxaropenez hartua izan da gure aldetik eta gizartearen aldetik, baina bera behin betirako desagertu dadin desiatzen eta eskatzen jarraitzen dugu. Pertsonen osotasun físiko eta morala mehatxatzen duen oro bukatu ondoren, egiaren eta justiziaren bideak izango dira berreraikuntza moral eta soziala bizikidetza baketsu, begirunezko eta duina bermatuko duen ibilbidea. Bereziki damutasuna eta barkamena beharrezko dira terrorismoaren eta era guztietako indarkeria eta injustiziazko jazarpenek zauri sakonak ireki dituzten lekuan. Jainkoari eskatzen diogu, lagun urkoa kaltetu eta iraindu dutenek senti dezatela Berak egiazko damutasunera eta benetan barkamena eskatzera egiten dien deia.

9. Gizon eta emakume, senide maiteok: Kristok barkatzen erakusten digu eta Espirituaren dohainez hori ekintzara eramateko gaitasuna eskaintzen zaigu. Eskatzen eta ematen den barkamenak giza bihotza askatu egiten du eta errukitsu den gure Aitaren antzeko egiten gaitu. Horregatik, Jaungoikoari eskatzen diogu jazarpena eta era guztietako biolentzia fisiko edo morala jasan izan dutenei eman diezaiela, justiziak eskatzen duena ezeztu gabe, baizik berau gaindituz, barkapèn sendatzaile eta askatzaile hau eskain ahal izateko grazia…

10. Gogoratu dugun 33. salmoak bakea bilatzera eta beraren ondoren abiatzera bihozberritzen gaitu. Jaungoikoari eskerrak, bilaketa honetan bidelagun asko izan ditugu eta dauzkagu; erakundeak, elkarteak, mugimenduak, era ezberdinetako ekimenak, eta ahalegin handiz eta iraupenez biolentzia ororen amaiera lortzen eta adiskidetzearen bidea egitera behin eta berriz gonbidatu gaituzten hainbat gizon eta emakume. Jaungoikoak guztiok, erakundeak eta pertsonak, deitzen gaitu adiskidetzearen eta bakearen kultura finkatu dadin lan egitera, elkarteratzea, elkarrizketa eta barne-gogoeta bultzatzuz eta jakinduriaz jokatuz. Ikasi dezagula elkarren begirune eta estimuan bizitzen, geure ideoloji, sozial eta politika mailako baldintza guztien gainetik elkar bizitzan begirunez aurki gaitezen guk bezala pentsatzen eta jokatzen, anitza eta nahasia den baina bakean eta aurrera begira bizi nahi duen gizarte batean, etorkizunari itxaropentsu begira.

11. Senti gaitezen berriro Jaunak adiskidetzearen zerbitzari, bakearen eraikitzaile izatera deituak. Espiritu Santuak bere dohainak isurtzen jarraitzen du, gure artean bakea Jainkoaren dohain gisa erne dadin, eta honek gure aldetik ahalegina eta lana jartzea eskatzen du. Jaunak indartu gaitzala eta Maria, gure Ama, lagun izan dakigula eginkizun eder eta beharrezko honetan. Jaun berpiztuak iragarri zigun bezala: bakea izan dadila beti gurekin! AMEN.

Fuente: www.elizagipuzkoa.org

3 comentarios en “BAKEAREN ETA ADISKIDETZEAREN ALDEKO ELKARTERATZEAREN HOMILIA”

  1. Pingback: EZKER ABERTZALEA: “BARKAMENA ERLIJIOAREN ESPARRUKO KONTZEPTUA DA” | RELIGIÓN EN NAVARRA – ERLIJIOA NAFARROAN

  2. Pingback: GARIZUMAREN INGURUAN | RELIGIÓN EN NAVARRA – ERLIJIOA NAFARROAN

  3. Pingback: MUNILLA: “TRISTEA DA BARKAMENTA ERLIJIOAREN KONTZEPTUA DELA ENTZUTEA” | RELIGIÓN EN NAVARRA – ERLIJIOA NAFARROAN

Deja un comentario

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *

Scroll al inicio