II. PAZKO IGANDEA
hots, Jainkoaren errukiarena
(Indarkeria terroristak hildako biktimentzat betiko atsedena eskatzeko
eta haien senitartekoen kontsolamendurako eskainitako Eukaristia)
(Donostiako Gotzain-elizan, 2012ko apirilaren 15ean)
Senide maite-maiteok: Gaur, bereziki, indarkeria terroristaren zauriak sufritu dituzuenei zuzentzen dizuet nire agurra eta aparteko nire aitormena. Eskerrak eman nahi dizkizuet, baita ere, Eukaristia honetan hauei laguntasuna erakutsi nahi izan diezuen guztioi.
Ez dugu nolanahi aukeratu indarkeriaren biktimentzat betiko atsedena eskatzeko eratu dugun Eukaristia honetarako eguna… Ospatu berria dugu Aste Santua, eta gertaera horien azkena ez da Kristoren porrota izan, heriotzaren gain hark lortu duen garaipena baizik. Begira, Elizak Pazko Zortziurreneko Igandea ospatzen du gaur; Kristok heriotzaren gain lortu duen garaipenaren oihartzuna entzuten da egun honetan indartsu gugan: gure itxaropenaren garaipena etsipenaren eta tristuraren gainetik; fedearen garaipena gure mesfidantzaren eta beldurren gainetik; maitasunaren garaipena gaitzespenaren eta gorrotoaren gainetik; baita gure artean ez ditugun geuretarrekiko elkartasunaren garaipena ere bakardade- eta babesgabetasun-sentipenaren gainetik…
Joan Paulo II.a dohatsuak izendatu zuen gaur ospatzen dugun Bigarren Pazko Igande hau “Jainkoaren errukiaren Igande” eta Elizan jai hau gogoratzea eta ospatzea nahi izan zuen. Aita Santuaren intuizio honen jatorrian, XX. mende-hasierako poloniar erlijiosa gazte bat zegoen: Santa Faustina Kowalska; 33 urte besterik ez zuela hil zen. Europak Lehenengo Mundu Gerraren zigorra jasan zuen urteetan bizi izan zen, eta Bigarren Mundu Gerraren atarian hil zen. Gizadiaren oinazeak markatua zegoela esan zitekeen haren bokazio erlijiosoa; hain zuzen, bere esperientzia mistikoak Jainkoari bere bizia “borondatezko biktima” bezala eskaintzera eraman zuen munduaren salbamenerako, eta, batez ere, bere garaian eta historia guztian sufritu behar izan duen hainbat arimaren salbamenerako. Erlijiosa honen bizitza eta mezua ezagutzera hurbiltzea gomendatzen dizuet.
Baina gaur ospatzen dugun liturgi jai honen jatorriarekin zerikusia duten historiako gertaerak ezagutzeaz gainera, ERRUKIAREN misterioa azaltzen zaigu kristau-fedearen mezu nagusi bezala: Jainkoa MAITASUNA da eta Jainkoaren gurekiko harremanak ERRUKIAN oinarritzen dira. Misterio hau ezagutzen eta geure barnean hausnartzen dugunean, itxaropenez betetzen da gure bizitza. Eta, alderantziz, Jainkoaren errukia ahazten edota bazterrera uzten dugunean, ezinbestean geure zoritxarraren mende geratzen gara. Sendo sinesturik gaude, Jainkoaren errukian bakea aurkituko duela munduak, eta zoriontasuna gizakiak.
Indarkeriaren biktima izan zareten senide maiteok, gogoeta batzuk egin nahi nituzke zuekin batera. Errespetu handiz egin ere, konturatzen bainaiz eremu sakratu batean sartzen naizela, sakratua delako zuen bizitzako sufrimena. Konturatzen naiz errukizko maitasunez bakarrik hurbil daitekeela biktimengana, altxa eta berriro bizitzako bidean aurrera egin dezaten laguntzeko. Sufrimendua dagoen tokia eremu “sakratu” bezala ikustera eramaten gaitu kristau-fedeak; eta, beraz, “oinetakoak erantzi” behar ditugu leku sakratu horretan sartzeko…
Gaizkiaren misterioak bi ondorio izan ditzake gugan: bata, biktima errugabe bezala sufriaraztea. Baina oraindik larriagoa izan daiteke bigarrena: biktima bidegabeki nozitzen ari den gaitz horrekin moralki nahiz espiritualki kutsaturik gelditzea. Hain zuzen, ez dugu harritu behar, erremediorik gabeko kalte fisikoa nozitu ondoren, Gaiztoak espirituzko kalte sakona eta iraunkorra guri sufriarazi nahi izateaz. Gogoan ditut zuetako bati noizbait entzundako hitzak, niretzat apaiz-bizitzan benetako ikasgai izan diren hitzak: “Semea hil didate, baina ez didate Jainkoaganako fedea lapurtuko, ezta santutasunerako itxaropena ere”.
Hau da Jainkoaren Errukiaren egun honetan eman nahi dizuedan lehenengo mezua: Jasan duzuen eta jasaten ari zareten sufrimena ez dadila eragozpen izan Jainkoaren ontasuna ezagutu eta horren esperientzia izateko, eta besteengan konfiantza eta etorkizun hobe baten esperantza ere izateko. Bereziki tristea izango litzateke, hartzen ditugun zauriek Jainkoaganako maitasunaren eta besteenganako maitasunaren esperientzia kenduko baligute. Era berezian Andre Mariari, Doloretako Amari, eskatzen diot, zuen sufrimenak ez zaitzatela behinere Maitasunera, Federa eta Itxaropenera itxirik gelditzera eraman; alderantziz baizik, lagun diezazuela aurkitzen, Gurutziltzatua eta Berpiztua izan den Jesu Kristo dela “inoiz huts egiten ez duen laguna”, eta gure bihotza bakez bete dezakeen bakarra.
“Berriro jaio” beharra aipatzen digu Jesusek Ebanjelioan, Zeruetako Erreinuan sartu ahal izateko (ik. Mt 18, 1-7), eta nik esango nuke, baita bizitza honetan zoriontasuna lortu ahal izateko ere. Jesusen mezua guztiz baliagarri da gu guztiontzat. Inork ez du uste izan behar, Kristok egiten digun “berriro jaiotzeko” gonbidapen hau berari ez dagokionik: ez kriminaletan kriminalenek, ez hizketan ari zaizuen gotzain honek, ez klausurako mojek, ez hemen zaudetenetako inork…
Norbaitek galde dezake, zein den berriro jaiotzeko egin beharreko ibilbidea. Jesusek San Joanen Ebanjelioan esaten digu: “Egi-egiaz diotsut: Ezin da inor Jainkoaren erreinuan sartu, goitik jaiotzen ez bada, uretik eta Espiritutik jaiotzen ez bada” (ik. Jn 3, 3-5). Senide maiteok, Jesusek Ebanjelioan eskatzen digun “goitik” jaiotze horren giltza “ERRUKIA” da. Errukia, sufritzen dutenen zauriak sendatzeko eskuzabaltasunez ematen den Maitasuna besterik ez da. “Ekintzan erakusten den maitasuna” da errukia, “bereaz hustu” eta oinazearen misteriora hurbildu eta laguntzeko “prest” dagoenaren jarrera, Piztueraren itxaropena eramateko.
Beste aipamen bat ere egin nahi nuke gauden leku honetako inguruneari buruz. Ikusi ahal izan duzuenez, Donostiako Gotzain-eliza honetan ari gara Eukaristia ospatzen, Kalkutako Ama Teresaren bizitza eta karisma biltzen dituen erakusketa eder honek inguratzen gaituela; apiril osoan ikusgai egongo da erakusketa hau. Kalkutako Teresa dohatsuak adierazten duen ERRUKIAREN mezua, Ebanjelioaren askatasun-mezua aldarrikatzeko Elizak erakuts dezakeen ikonorik ederrena dela pentsatzen dut…
Hain zuzen, Ama Teresak Kalkutako kaleetan jaso eta zaindu zituen pobreetan irudikatuak daude indarkeria terroristaren biktimak. Baina indarkeria terroristaren biktimak irudikatuak daude, era berean, Karitateko Misiolarien ikonoan ere, indiarren “sariaz” jantzirik, ahaztu egiten baitira beren buruaz eta errukiaren aingeru bihurtzen besteentzat… Hau azalduko dizuet laburki:
a) Alde batetik, beharrezko dugu erukiara zabalik egotea, eta bereziki Jainkoaren errukiara. Beste era batera esanda, geure ingurukoen maitasuna onartzen dugun bezala, Jainkoaren guganako maitasuna ere onartzen ikasi behar dugu. Horrela bakarrik sendatu ahal izango dira gure zauriak, indarkeria terroristak gure bihotzean egin dituen zauriak… Ez pentsa; maitasuna onartzea ez da begirada batean dirudien bezain berezkoa eta erraza! Indarkeriaren krudelkeria jasan denean, askotan traumak nozitzen dira eta horiek zaildu egiten dute gure inguruko pertsonenganako konfiantza, eta baita gizakiarenganako konfiantza bera ere.
Sendabide honetan, benetan garrantzi handia izan dezake eta guztiz beharrezkoa gerta daiteke otoitz-esperientzia sakona izatea! Jainkoaren Errukiaren Igande honetan iragarri den Ebanjelioko pasartean, Tomas Apostoluaren gertaeraren kontakizuna entzun dugu. Jesus Berpiztuaren zauriak ukituz, sendatu egin zen haren sinesgogorkeria. Guk ere beharrezko dugu otoitzean Jesus ukitzea; edota, hobeto oraindik, berari gure zauriak uki ditzan uztea, horrela sendatuak geldi daitezen.
b) Baina, bestetik, guk behar dugun errukia onartu ahal izateko, beharrezko da guk geuk erruki izatea; gu adina edota gu baino gehiago ere errukiaren beharrean aurkitzen direnen, eta baita guk baino gutxiagoren beharra dutenen ere erruki izatea. Gure zauriak sendatzeko terapiarik onena, geure inguruan ditugunekin eskuzabaltasunez erruki izatea da. Hau da Jesusen mezuak erakusten digun kontraesanetako bat: gure zauriak sendatzeko, geure buruak lagun hurkoaren “sendatzaile” eskaintzea da beharrezko. “Errukiaren seme-alaba” izateko, “errukiaren guraso” izan behar dugu. Emanez hartzen baita; eta geure buruaz ahaztuz iristen gara elkar aurkitzera… Hau da Ebanjelioaren logika eta dinamika sendatzailea!: “Zorionekoak errukitsuak, beraiek baititu Jainkoak erruki izango” (Mt 5, 7).
Senide maiteok, indarkeria terroristaren zauriak errukiaren ukenduaz bakarrik senda daitezke; ematen den heinean hartzen da ukendu hori; izan ere, Jainkoagandik sortu eta dohainik emandako maitasuna besterik ez da errukia; eta era berezian sufritzen dutenei ematen die Jainkoak errukia, eskuzabal eman ere. Krakovian, Jainkoaren Errukiaren Santutegia inauguratzekoan, Joan Paulo II.ak esan zuen bezala: “Errukia kenduz gero, ez dago beste itxaropen-iturririk gizakiarentzat” (2002ko abuztuaren 17an).
Uste sendo honetan oinarriturik, “begirunez eta beldurrez” bai, baina Nazereteko Jesusen Ebanjelioak ematen didan ziurtasunez, eskari hau egitera ausartzen naiz Jainkoaren Errukiaren Igande honetan, indarkeriaren biktima zareten eta zeuon burua kristautzat daukazuen guztioi: fedez eta itxaropenez otoitz egin dezazuela zuen borrero izan zirenen konbertsioa eskatzeko. Otoitz heroikoa izango da; baina asko balio izango du zuen zauriak sendatzeko; eta, zalantzarik gabe, izango du bere eragina, nahiz eta egia izan, gizakiak askatasunez emandako erantzunaren misterioaren mende egongo dela betiere eragin hori. Hala izanik ere, Jainkoaren errukian dugun fedeak gizakiarenganako konfiantza sendotzera eta gizakiak onbideratzeko duen gaitasuna lantzera eramaten gaitu. Graziaren laguntzaz, giza askatasuna gai da egiaren eta ontasunaren bidera itzultzeko.
Senide maiteok, nahi baduzue, utzi, nahi baduzue, alde batera nik esandako hitz hauek guztiak, baina geldi zaitezte gutxienean orain esango dizkizuedan hitz hauekin. Izan ere, Joan Paulo II.ak prestatua zuen mintzaldi bat Jainkoaren Errukiaren Igande honetarako, baina ez zuen irakurtzerik izan, egun honen bezperan hil zelako. Hala ere, idazki hau hil ondoko bere mezu gisa irakurri eta argitara zedila nahi izan zuen. Honela dio: «Gizadia desbideratua eta gaizkiaren, norberekoikeriaren eta beldurraren indarren mende dagoela dirudi batzuetan; gizadi honi gure Jaun berpiztuak bere maitasun barkatzailea eskaintzen dio dohain bezala, adiskidetu egiten du eta itxaropena sortzen dio berriro. Bihotzen konbertsioa dakarren eta bakea ematen duen maitasuna da. Zenbaterainoko beharra duen mundu honek Jainkoaren Errukia ulertu eta onartzeko!«
Jesus, Zugan jartzen dut nire konfiantza, Zugan jartzen dugu geure konfiantza!
Pingback: DONOSTIAKO GOTZAIAK ARANTZAZUKO AMAREN FESTAN EMANDAKO HOMILIA 2012 | RELIGIÓN EN NAVARRA – ERLIJIOA NAFARROAN