Frantzisko Aita Santuaren entziklika berria Jesukristoren Bihotzaren giza eta jainkozko maitasunari buruz
Urriaren 24an Aita Santuak Maitatu izan gintuen (Dilexit Nos), Jesusen Bihotzaren entziklika berria plazaratu zuen. Ondoko lerrotan, idazki honen hildo nagusiak laburtuko ditugu.
«Maitatu izan gintuen» esaten du San Paulo apostoluak Erromatarrei idatzitako gutunean (Erm 8, 37) maitasun hortatik ezerk bananduko ez gaituela ezagutarazteko. Kristoren maitasun mugagabe hau adierazteko bihotzaren sinboloa erabili izan da, hain zuzen ere.
I. Bihotzaren garrantzia
Idazki osoan «kontsumitzaile aseezinak bihurtzeko» arriskuaz eta «bihotzaren garrantzia berreskuratzeko» beharraz» ohartarazten zaigu. Bestetik, bihotza «itxura ororen atzetik» eta «azaleko pentsamenduen atzetik dagoen» muina bezala ulertzen da, muin edo erdigune honek «egiazko asmoak eta, azken batean, egia biluzia bera erakusten digularik».
Hala, gezurren arriskuaz abisu ematen da eta munduan zergatik eta zertarako nagoen galdetzeko beharraz, «nola baloratu nahi izango dut nere existentzia bere amaiera iristerakoan… nor naizen Jainkoaren aurrean». Galdera hauek bihotzarengana garamate.
Aita Santua bihotzaz mintzatzen da bihotza usteen, pasioen eta aukeraketen «iturria eta erroa» delako. Gainera, «bihotza falta» duten eta «serieko kontsumitzaileak» diren gizarteez damutzen da.
Frantziskok salatzen duen «mundu likidoan, bihotzaren balioa galduz, «bihotzez jardutearen» balioa gutxitzen da. Hortaz, egintza guztiak bihotzaren «aginte politikopean» jartzeko iradokitzen digu, «oldarkortasuna eta desira obsesiboak baretze» aldera.
Gainerakoan, benetako lotura bat ezinezkoa dela jakinarazten du, izan ere, «bihotzaz eraikitzen ez den harreman batek ezin du indibidualismoaren zatiketa gainditu».
Aita Santuak nartzisismoa eta autoerreferentzia gaitzesten ditu ere. Hauetan, hurkoa zerumugatik desagertzen da «eta gure nitasunean ixten gara, harreman egokiak izateko gaitasunik gabe”. Orduan, «Jainkoa hartzeko ezgai bihurtzen gara».
Ondoren, Ebanjelioa aipatzen du «Mariaren begiradaz» hitz egiteko. Mariak «bihotzaz begiratzen zuen» eta gauza zen gordetako esperientziak hor hausnartzeko. Argi uzten du, ordea, Ama Birjinak gordetzen zuen guztia «ez zela ikusten zuen eszena soilik, baizik eta oraindik ulertzen ez zuena ere bai”.
Gerra berriez penatzen da ere. «Gerra berriak gertatzen dira, beste herrialde batzuen konplizitateaz, toleratziaz edo axolagabekeriaz, nola alde baten interesen inguruko botere borrokaz». Hau guztia nazioartearen bihotz galeraren ondorioa da.
Geroago, Loiolako San Inazioren Gogo Jardunen teologia aipatzen du, «printzipio bezala affectus» delakoa baitute. Diskurtsiboa (teorikoa) dena oinarrizko nahi baten gainean eraikitzen da -bihotzaren indar osoaz- bizitza berrantolatzeko indarra eta baliabideak emanten diona».
Baieztatzen du «filosofoak bere pentsamendua gelditzen duen lekuan, bihotz sinestunak maite, gurtu, barkamena eskatu eta bere burua eskeintzen du Jainkoak emandako lekuan zerbitzatzeko.
John Henry Newmanen pentsamenduak errepasatuz, aipatzen du «Jaunarekin eta norbere buruarekin topatzeko tokirik sakonena ez direla irakurketa eta hausnarketa», hizketaldi otoizlaria baizik. Bihotzetik bihotzera, Kristo biziaren aurrean… Horregatik, Newmanek Eukaristian Jesukristo biziaren Bihotza aurkitzen zuen, askatzeko, memento bakoitzari zentzua emateko eta gizaki bakoitzarengan egiazko pakea isuritzeko”.
Segidan, Kristoren Bihotza «estasia, irteera, dohaintza eta topaketa» direla seinalatzen du. Hori dela eta, «Berarengan modu egoki eta zoriontsuan harremanatzeko gauza bihurtzen gara… Gure bihotza Kristoren Bihotzarekin bat eginez mirari sozial hau lortzeko gai da».
Ostera, argitzen du «ez dela nahikoa Ebanjelioa ezagutzea, ezta honek agindutakoa mekanikoki betetzea ere. Jainko-maitasunaren laguntza behar dugu. Eta Bihotz Sagaratua errealitatearen printzipio bateratzailea da, Kristo munduko Bihotza baita; Bere heriotza eta piztueraren Pazkoa historiaren erdigunea da, Berari esker salbazio historia bilakatuz».
Horregatik, Aita Santuak Jaunari eskatzen dio «lur zauritu hontaz erruki dadila… Bere argiaren altxorrak eta maitasuna isuri ditzala, gure munduak, gerren, desoreka sozioekonomikoen, kontsumismoaren eta teknologiaren erabilera antihumanoaren erdian bizirik dirauenak, garrantzitsuena eta beharrezkoena berreskuratu dezan: bihotza”.
II: Maitasun keinu eta hitzak
Frantzisko Aita Santuak sostengatzen du Kristoren Bihotzan «gure fedearen jatorria dagoela, kristau uste sendoak bizirik mantentzen dituen iturburua, alegia”. Eta Kristok «bereak bezala hartzen gaitu», ez bere esklabuak garelako, «lagunen elkarren arteko kidetasuna» proposatzen duelako baizik. Zailtasunaren erdian, «belarrira xuxurlatzen digu: «Konfiantza izan», agindu baitzigun: “Ez zaituztet umezurtz utziko”.
Zenbaitetan, Jesusen hitzek adieazten zuten “maitasun kartsu bat: gure alde sufritzen duena, hunkitzen dena eta malkoak ixuri arte atsekabetzen dena. Bistakoa da pertsonen kezka eta estutasun arruntek ez zutela axolagabe uzten, gaineratzen du Aita Santuak.
Horregatik esaten du San Paulok: «maite izan ninduen eta bere bizia nire alde eskaini zuen» (Ga 2,20), “hori zen, bada, bere usterik handiena, maitatua zela jakitea. Kristoren eskaintza gurutzean liluratzen zuen, baina hau eskaintza hori baino haindiagoa zen beste zerbaitengatik bakarrik zeukan zentzua: «Maite izan ninduen»”.
III: Hau da hainbeste maite izan duen Bihotza
Dilexit Nos entziklikaren parte hontan, Frantzisko Aita Santuak Elizaren hausnarketa Jaunaren Bihotzaren misterioaren inguruan azaltzen du. «Kristoren Bihotzarenganako debozioa ez da Jesusen pertsonarekiko bananduta dagoen organo batenganako kultua».
“Kontenplatu eta adoratu egiten duguna Jesukristo osoa da, Jainkoaren Semea gizaki egina, bere Bihotza nabarmentzen duen irudi batean irudikatua. Kasu honetan, haragizko bihotza Seme haragituaren gunerik barne-barnekoaren irudi bezala hartzen da eta baita bere giza eta jainkozko maitsunaren irudi edo zeinu pribilegiatua bezala ere.
“Kristoren pertsonarekin adiskidetasunean eta gurtzan harremanatzen gara», “bere Bihotzaren imajinan irudikatzen den maitasunaz erakartuta”. «Bera irudikatzen duen imajina hori ohoratzen dugu, baina Kristo bizia bakarrik adoratzen dugu, bere jainkotasun eta gizatasun osoetan, bere jainkozko zein giza maitasunaz besarkatzen uzteko”.
Irizten du «inork ez lukeela pentsatu behar debozio honek Jesukristorengandik nahiz bere maitasunarengandik banatzen edo arreta galerazten gaituela»; berez, «bihotza zulatua eta kartsua daukan Kristo hori Belenen maitasunagaik jaio zen berbera baita«.
Aurrekoari ondokoa eransten dio Frantziskok: Kristoren imajina bere Bihotzarekin «ez da idazmahai batetan asmaturiko zerbait edota artista batek diseinatutakoa». Eta oroitarazten du «azalpen zientifiko orotik kanpo, lagun baten bihotzean ipinitako esku batek afektu berezi bat adierazten duela”.
Hala ere Aita Santuak azpimarratzen du bihotza isolatuta ez egotearen garrantzia, aitzitik, «Jesukritoren irudi baten parte da… Horrela uler daiteke zergatik Elizak debekatu duen aldare gainean Jesus edo Mariaren bihotzen irudiak bakarrik jartzea». Izan ere, «bihotzaren imajinak Jesukristoren osotasunera bere gune bateratzailean eraman behar gaitu».
Halaber, Aita Santuak nabarmentzen du «Eukaristia adoratzen den presentzia erreala den bitartean, kasu honetan, irudi batez soilik ari gara: bedeinkatuta egon arren, bera baino haratago joateko gonbidatzen gaitu, gure bihotza bera Kristo biziaren Bihotzarengana igotzera eta berarekin bat egitera eramaten gaitu”.
Jarraian, Elizaren gurasoak eta hainbat santuren hausnarketak aipatzen ditu, hauen artean, Juan Damaskokoa, zeinak «uste baitzuen Kristoren egiazko esperientzia afektibo honek agerian uzten duela gure natura osoki berea egin zuela, natura hau bera berrerosi eta erabat eraldatzeko”.
Dena dela, «oso ederrak eta hunkigarriak izanagatik ere, ez gara bere giza sentimenduetan bakarrik geratzen, Kristoren Bihotza begiesten, bere sentimendu zintzo eta onetan, bere samurtasunean, bere giza maitasunaren dardaran, agertzen baita bere jainkozko maitasun infinituaren egia”.
Aita Santuaren esanetan, «Jaunaren Bihotzaren irudiaren barruan liluratzen gaituen maitasun hirukoitz bat dago. Lehenik eta behin, Kristorengan aurkitzen dugun jainkozko maitasun infinitua. Baina, hortaz gain, Jaunaren gizatasunaren dimentsio espiritualan pentsatzen dugu». Ikuspuntu horretatik, bihotza «karitate guztiz sutsuaren sinboloa da, bere ariman sartua, zeina bere giza borondatearen dohai preziatua baiten». Azkenik, «bere maitasun sentiberaren sinboloa da».
Hiru amodio hauek ez dira paraleloki nahiz loturarik gabe jarduten duten gaitasunak, elkarrekin jarduten eta adierazten dira bizi jario iraunkor batean: «fedearen argitan -zeinaren bidez sinisten dugu Kristoren Pertsonarengan giza zein jainkozko naturak elkartuta daudela- gure adimena egokitzen da ulertzeko zer lotura estuak dauden Jesusen bihotz fisikoa eta bere maitasuna bikoitzaren artean, hots, gizatiarra eta jainkotiarraren artean».
Hortaz, Kristoren Bihotzean sartzen garenean, giza bihotz batek maitatuak sentitzen dugu geuren burua, gureak bezalako giza afektu eta sentimenduz beteta dagoen bihotz batek maitatuak, alegia. Bere giza borondatea libreki maitatu nahi gaitu eta nahi espiritual hori graziaz eta karitatez erabat argituta dago”.
Aita Santuak baieztatzen du Jesusen Bihotzarenganako debozioa «nabariki kristologikoa» dela eta baita Kristok berarekin batzeko egiten digun gonbitearen konteplazio zuzena. Baina argi uzten du «Jesusek bere burua Aitarengana joateko bide bezala aurkezten duela», zeina, azkenean, betetasunaren iturri bezala, goretsia izan behar baiten”.
Erromako apezpikuak gogora ekartzen ditu Semea gizaki egin eta «Aita maitatuari otoitzean gaua igarotzen zueneko» Bibliako pasarteak (Ik. Lk 6,12)”. Trinitate Santuaren hirugarren pertsona ez du ahazten ere: “Espiritu Santuak Kristoren Bihotza betetzen du eta Beragan sutan dago. Juan Pablo II.ak esaten zuen bezala, Kristoren Bihotza «Espiritu Santuaren maisulana da”.
Azkeneko mendeetan, Espiritualtasun hau Jaunaren Bihotzarenganako egiazko kultu baten forma hartuz joan zen. Leon XIII. eta Pio XII., aurreko Aita Santuak, aipatzen ditu. Azkeneko honek, esate baterako, «Bihotz Sagaraturenganako kultuak ezin hobeki, laburpen bikain baten gisan, adierazten du Jesukristorenganako gure kultua”.
Juan Paulo II.arengan jartzen du begirada ere. Aita Santu honek jaiera hau «Jaunaren errukia ahazten zuten espiritualtasun zorrotz eta desgorpuztuei aurre egiteko tresna bezala aurkeztu zuen baina, aldi berean, Jainkorik gabe eraiki nahi den mundu baten aurrean egiten den dei baten moduan ere”.
Era berean, argi uzten du «Jaunaren giza eta jainkozko maitasunarekiko irekiera fededun eta gurtzailea den heinean, Kristoren Bihotzarenganako debozioa kristau bizitzarekiko funtsezko zerbait izan arren»… “santu batzuek kontatutako adierazpenak… ez dira Jainkoaren Hitza bailitzan sinistu behar”. Ulertu behar dira «mugiarazi eta onura handia ekar dezaketen pizgarri ederrak bezala, inork hauek jarraitzeko beteharra ez izan arren”.
Beste testuinguru batean, Aita Santuak hitz egiten du jatorrian arrazoi desberdinengatik arbuiatuak izan ziren hainbat tradizioren onuraz: lehenbiziko ostiraletako Jauna hartzeaz eta ostegunetako adorazio eukaristikoaz ari da hain zuzen ere.
Jansenismoa errepesatuz eta nola jansenista askok «gizakoia, afektiboa eta gorpuzduna zen guztia mespretxuz ikusten zutela eta, azken batean, Jainko Goi-goikoaren adoraziotik aldentzen gintuela ulertzen zutela” aipatuz, orain, «jansenismoari baino gehiago, Jainkorik gabeko mundu bat egin nahi duen sekularizazioari» aurre egiten diogula esaten du”.
Orobat, Aita Santuak abisua ematen du: «elizaren baitan itxura berriekin dualismo jansenista kaltegarria berriz sortu zen. Azkeneko hamarkadotan indarberritu da, baina kristau-fedearen lehenbiziko mendeetan espiritualtasuna kaltetzen zuen gnostizismoaren adierazpen bat da… Horrexegatik, Kristoren Bihotzarengana bueltatzen dut begirada eta bere debozioa berritzeko gonbitea luzatzen dut”.
Beste dualismo bati erantzuteko proposatzen du ere: “gogoa kanpoko jardueretan, Ebanjlioz hustuta dauden egitura berritzeetan, antolakuntza obsesiboetan, egitasmo mundutarretan, nola hausnarketa sekularizatuetan jarrita besterik ez daukaten elkarte eta artzaiena, alegia”. «Traszendentalismo faltsu eta desgorpuztuaren beste forma bat da» bere esanetan.
IV. Edaten ematen duen maitasuna
Aita Santuak mantentzen du lehenbiziko kristauek Jainkoaren promesa Kristoren sahiets irekian beteta ikusten zutela: “bizi berria darion iturria”. Bere saihets zulatua kontenplatzen dugula dio, nondik Espirituaren ura irtetzen den. Eta seinalatzen du Etxola jai handian (Jn 7,37) Jesusek oihu egin zuen: «Egarri dena betor niregana, eta edan beza […] ur biziko errekak jarioko zaizkio barru-barrutik» (Jn 7,37-38). Hortarako bere «ordua» iritsi behar zen, Jesusen «jainkozko aintza ez zelako oraindik azaldu» (Jn 7,39). Guztia Gurutzean, gainezka egiten duen iturrian, bete zen.
Saihets zulatua aldi berean maitasunaren egoitza dela erakusten du, bere herriari hitz ezberdin ugariz adierazi zion maitasuna. Kristoren saihetz zulatuan «Eskritura Santuko maitasun adierazpenak haragian idatzita biltzen dira». Hortaz, ez da adierazten den maitasuna soilik», «maitatuendako bizi iturburua» baizik.
Bihotz Sagaratua Jaunarekin topaleku pertsonalerako tokia ikusteko bidea San Agustinek ireki zuela defendatzen du ere. San Bernardok, bestalde, saihets zulatua “bere Bihotzaren maitasunaren dohaintza eta agerkunde» bezala ikusten du. San Buenaventurak, gainera, sakramentu eta graziaren iturri aurkezten du, aldi berean, kontenplazio hau «lagunen arteko harremana» eta «maitasun topaketa pertsonala» bihurtzea proposatzen duelarik.
Hala eta guztiz ere, Aita Santuak azpimarratzen du ez dela neoplatonismoaren emanazio moduko bat bilatzen. Aldiz, «Kristorekin harreman zuzena bilatzen da, bere Bihotzan biziz». Oroitarazten digu gainera Kristoren Bihotzarenganako jaiera ez zela historian zehar berdin-berdin azaldu.
Adibidez, aipatzen du moje kartusiarrek «Bihotz Sagaratuarenganako debozioan Jesukristorekiko harremana afektuz eta gertutasunez betetzeko bide bat aurkitu zuten». Era berean, Santa Katalina Sienakoaz mitzatzen da, «Kristoren Bihotz irekia guretzat maitasunez beteriko topaketa pertsonal baterako aukera dela” idatzi zuena.
Honela, Kristoren Bihotzarenganako jaierak poliki-poliki bizitza monastikoa gainditu zuen. Eta, hala, debozio honek lurraren azkeneraino zabaldu zuten maisu, predikari eta erlijioso-ordenen fundatzaile santuen espiritualtasuna asebete zuen.
Aintzat hartzen du Juan Eudes santuaren ekimena, Rennesko gotzaiak bere elizbarrutian Jesukristo Gure Jaunaren Bihotz gurgarriaren besta onartzea lortu baitzuen. Ofizialki Elizan lehenbizikoz onartzen zen besta hau.
Garai modernoei dagokienez, San Frantzisko Saleskoaren ekarpena nabarmentzen du. Santu honentzat Kristoren Bihotz irekiarenganako debozioa «superstizio modu bat bihurtzeko arriskutik urrun baitzegoen».
Ondoren, Santa Margarita Mariak Jesukristoren maitasunaren errekonozimendu handia zabaldu zuela azpimarratzen du. Baina, segidan argitzen du horrek ez gaituela derrigortzen bere proposamen espiritualaren zehaztasun guztiak onartzera. Aldiz, erabakigarria deritzo santaren mezuaren muina: “Hona hemen gizakiak hainbeste maite izan dituen Bihotza, ezen bere maitasuna erakusteko ahitu eta agortu arte ez duen aukerarik galdu”.
Berez, “Santa Margaritaren zenbait esamoldeek, gaizki ulertuz gero, norberaren sakrifizio zein eskaintzetan konfidantza gehiegi jartzera eraman zezaketen arren, San Claude La Colombierek -bere babeslea bihurtuko zena- nabarmentzen du Kristoren Bihotzaren kontemplazioak, benetakoa izanez gero, ez duela norberarenganako atsegina edo konplazentzia sortzen… Kristorenganako erabateko abandonua«.
Pedroren ondorengoak ez du oinarri historiko gutxi erabiltzen: Carlos de Foucaulden eta Santa Teresita Jesus Haurrarenaren hausnarketak errepasatzen ditu, zeinak Kristoren Bihotzarenganako debozioa Ebanjelioarekiko leialagoa egiten duten elementuak ekartzen baitituzten.
Jesusen Lagundia aipatzen du, izan ere, kongregazio honek «Jaunaren barne ezagutza bat» proposatu zuen «Bera gehiago maitatu eta jarraitu ahal izateko”. Gogora ekartzen du San Inaziok bere Gogo Jardunetan, Ebanjelioaren aurrean kokatzeko gonbitea luzatzen duela, Jesus zauritu batean begirada jarriz, zeinaren Bihotzan gogo jardunetan ari dena sartu behar duen.
Zerbaitegatik “kontenplazioak Gurutziltzatuaren oinetan bukatzen ditu San Inaziok”, Gogo Jardunen ibilbidea «Maitasuna lortzeko kontenplazioan» amaitzen den bitartean, zeinarengandik esker ona sortzen den.
Gero, aipatzen du “Kristoren Bihotzarenganako debozioa santu oso desberdinen bide espiritualan agertzen dela berriro, bakoitzarengan molde berriak hartuz» eta abisua ematen digu “maitasun misterio hau iraganeko gertakari bat bezala ikusteko tentaldiaz”.
Gogoratzen du ere Santa Faustina Kowalskaren esperientziak. Hauek “Kristoren Bihotzarenganako jaiera berriz proposatzen dute Piztuaren aintzazko bizitza eta jainkozko errukia azpimarratuz”. Ondoren, «kontsolamenduaren debozioa» bezala aurkezten du.
Hori buruz, irakasten du “ur bizia darion saihetseko zauria irekirik darrai Piztuarengan. Bihotz Sagaratuaren irudikapenetan agertzen diren lantzak eragindako zauri handi hori eta arantzazko koroaren zauriak ezin dira debozio honengandik banatu, honetan kontenplatzen delako bere burua erabat eskeintzera eraman zuen Jesukristoren maitasuna”.
Jarraian, Pio XI.aren irakaspenak errepasatzen ditu. Aita Santu honek ohartarazi zuen “Kristoren nekaldiaren berrerospenaren misterioak denbora eta espazioaren distantzia guztiak jauzi egiten ditu». Hau da, gerora gertatuko ziren pekatuek Jesukristoren Bihotza tristetu zuten. Hortik guk Bihotz hori kontsolatu ahal izatea, Jesusen eskaintza ez delako iraganean geratzen, orain gertatzen ari baita.
Frantziskoren aburuz, Ebanjelioa, bere alderdi desberdinetan, ez da hausnartu beharreko zerbait bakarra, bizi beharreko zerbait baizik. Bizi «maitasun egintzetan nola barruko esperientzian eta honek Kristoren heriotza eta piztueraren misteriorako balio du batez ere».
Are gehiago, atal oso bat «damuari» eskeintzen dio. Bertan, «ezinbestekotzat» jotzen du Kristo kontsolatzeko desioa, “zeina gure alde sufritu zuen guztia kontenplatzearen minarengandik hasten den». Eta uste du «maitasunak malkoen garbikuntza behar duela, azkenean, gure buruarekiko obsesio gutxiago eta Jainko egarri gehiago uzten dizkigutelako”.
Aita Santuak erregutzen du «inork ez dezala burlarik egin bere jaiera herrikoian Kristo kontsolatzen duen Jainkoaren herriaren debozioaren kontura”.
Pentsatzen du bete-betean eskeinitako Kristoren Bihotzaren kontemplazioan «gu garela kontsolatuak», eta “bihotzan sentitzen dugun mina konfiantza osoari ematen diola bidea”.
V. Maitasuna maitasunagatik
Jesusen eskaera maitasuna dela esaten digu Frantziskok. “Bihotz fededunak hau deskubritzen duenean, ez da sakrifizio bilaketa edo betebehar astun baten betekizuna sortzen, maitasun kontua da”.
Seinalatzen du neba-arrebenganako maitasuna ezinbestekoa dela eta ez da egiten, «ez da gure ahalegin naturalaren emaitza, aitzitik, gure bihotz berekoiaren eraldaketa eskatzen du»”.
Gizarteko txikienekin bat eginez (Ik. Mt 25,31-46), «Jesusek pertsona ororen duintasunaren ezagupenaren berritasun handia ekarri zuen”. «Ez duinak» deiturikoak ere bai.
Honela sakontzen du: “Elizak, Kristoren Bihotzetik jaioa, nekaldi berrerosle bakar horren efektuak denbora eta leku guztietan luzatzen eta helarazten ditu”. Elizaren baitan, “Mariaren bitartekaritza, bitarteko eta Ama, «Kristo bera den bitartekotza bakarraren iturrian parte hartzea bezala uler daiteke soilik», Kristo Berrerosle bakarra baita. Zentzu honetan, “Mariaren Bihotzarenganako debozioak ez dauka jomugatzat Kristoren Bihotzari bakarrik zor zaion adorazioa ahultzea, piztea baizik”.
Beste atal batean, Kristoren Bihotzarenganako ordaintza edo erreparazioaren zentzu sozialaz ari da. Juan Pablo II.a aipatzen du, zeinak azaldu baitzuen “Kristoren Bihotzarekin batera geure burua eskeiniz, «indarkeriak eta gorrotoak pilatutako hondamendiaren gainean hainbeste desiatutako maitasunaren zibilizazioa eraiki ahal izango da»: baina, hau egin ahal izateko «Jainkoarenganako seme-alaben maitasuna anai-arrebenganako maitasunarekin batu behar da».
Puntu honetan, Frantziskok herrien garapena galerazten duen «pekatu egitura» bat eta «gizarte alienazioaren» fenomeno bat salatzen ditu. Irizten du «bihotzaren bihurtzea» dela egitura horiek konpontzeko «beharra inposatzen duena». Dena dela, argitu nahi du kristau ordaintza ezin dela kanpoko egintzak bezala besterik ez ulertu, aldiz, Kristoren Bihotzarengandik datorren bizi, su eta argiaren premia dauka.
Bihotz zaurituak erreparatzeko beharraz aparte, Aita Santuak nabarmentzen du barkamena eskatzearen edertasuna, izan ere, «Kristoren Bihotzaren luzapen bat» da. Bere esanetan, «ez da asmo ona nahikoa». Kanpoko ondorioak dituen desira bat behar da.
«Barkamena eskatzea harremanak sendatzeko modu bat da, elkarrizketa berriz zabaltzeaz aparte, anaiarteko karitatearen lotura berrezartzeko desioa demostratzen duelako”.
Azkenik, “Kristoren Bihotzari bere samurtasun kartsua munduan zabaltzeko aukera berri bat eskeintzea» proposatzen du. Erreparazioa «maitasuna jainkotiarrari egindako irainak ordaintzea» baldin bada, «hainbatetan ukatua izan zen aldien ordez, orain gure maitasunak Jaunari zabaldu ahal izateko aukera oparitzea da biderik onena”.
“Kristoren “kontsolamendu” hutsa baino haratago gozenean lortzen da hau… eta anaitasunezko maitasun egintzetan bihurtzen da, zeinekin Eliza eta munduaren zauriak sendatzen baititugun”. Modu honetan, «Kristoren Bihotzaren botere berrezartzaileari bide berriak eskeintzen dizkiogu».
“Bere bizitzan konfidantza osoz Kristoren maitasunari lekua ematen dion giza bihotz batek, bere suarekin, besteak Kristoren antzera maitatzeko gai egiten da. Txikia eta guztiekiko gertua eginez. Hala, Kristok bere egarria asetzen du eta gugan eta gure bidez bere samurtasunaren su garrak loriaz zabaltzen ditu”, argudiatzen du Aita Santuak.
“Aipatu dugun dimentsio trinitarioaren harira, Kristori gizaki bezala eskeintzen zaion erreparazioa Aitari eskeintzen zaio Espiritu Santuaren egitez gure bitartez. Beraz Kristoren Bihotzarenganako gure ordaintzak Aitarengana jotzen du».
Atal hau Kristoren Bihotzaren izaera misiolaria baieztatuz amaitzen da. Kontsakrazioa «Elizaren egintza misiolariarekin harremanean jarri behar da, izan ere, Jesusen Bihotzak bere Gorputzaren partaideen bidez, Erreinuarekiko eskaintza mundu osotik zabaltzeko daukan grinarekin bat dator».
Beraz, Kristoren Bihotzaren su garren luzapena Elizaren eginkizun misiolarian gertatzen da ere. Elizak Kristorengan azaldu zen Jainko maitasuna mundu osotik eramaten baitu. “Misioak misiolari maiteminduak behar ditu”.
“Kristo iragartzea testigantza zein hitzekin, halako moduz non besteek Bera maitatzeko ahalegin handirik egin behar ez dezaten. Hori da arimaren misiolari baten desio handia. Maitasun dinamika honetan ez dago proselitismorik, trabarik egiten ez duten maiteminduaren hitzak dira, ez dute inposatzen, ez dute behartzen…”.
“Elkarteko anai-arrebenganako maitasun egintzak Jesukristoren maitasuna azaltzeko modu onena edo bakarra izan daiteke”, sakontzen du Aita Santuak. “Hau dela eta, norbaiti laguntzen badiogu, horrek ez du esan nahi Jesusekin ahazten garela. Aitzitik, Bera beste era batean aurkitzen dugu».
“Nola edo hala misiolari izan behar duzu, Jesusen apostoluak bezala eta lehenbiziko ikasleak bezala, zeinek Jainkoaren maitasuna iragartzera atera baitziren, Kristo bizirik dagoela eta Bera ezagutzea merezi duela esatera».
Frantziskok Dilexit Nos entziklika bukatzen du Jesukristo Jaunari erregutuz bere Bihotzarengandik «batzuk besteei egiten dizkiogun zauriak sendatuko dituzten ur biziko errekak jario daitezela, maitatzeko eta zerbitzatzeko gaitasuna indartuko dutenak, justu, solidario eta anaitasunezko mundu baterantz bide egiteko bultzatuko gaituztenak”.