GURUTZE – BIDEA
Gurutze-Bidea, eginkizun egokia da:
Gurutziltzatuarekin elkarrizketa hunkigarria sortzeko.
Azterketa sakon bat egiteko Maisuaren jarraitzaile bezala.
Erabateko konpromisoa hartzeko gure Artzai denari zintzo jarraitzeko.
Salbatzailearen aurrean konzientzia argia sortzeko gizarte-elkartearekin daukagun erantzunkizun bereziaz.
Jainkoaren hitza entzuteko gure ezaguera Egiarekin argitua izan dadin.
Jainkoaren Grazia hartzeko gure gogoa janaritu eta indartu egiten duenarekin.
Gure zeru-bidea behin betiko zuzentzeko Jesusen nekaldi eta heriotzaren fruituarekin.
ESKEINTZA
Presta nazazu, Jauna, Gurutze-Bidea zurekin baturik egiteko. Ager zaidazu, Jauna, zure nekaldia eta gurutzeko heriotza nere pekatu guztien barkamenerako izan dadin eta zeruko ateak irekitzeko.
Baita ere konturatu nahi dut zure nekaldia gaur Elizan berritzen dela, nere inguruko senideetan eta familietan; hainbeste gaixoetan, gose eta bazterturik daudenetan, terrorismoaren eta gerraren menpean eroriak.
Zurekin baturik, Jesus Gurutze-Bidean, bihotzez damuturik, nere pekatuak aitortu nahi ditut eta zure jarraitzaile zintzoa izateko konpromisoa hartu. Eskerrak ematen dizkizut zure heriotzaren bidez eman didazun bizitzarengatik. Emaidazu, Jauna, zure barkamena, zure errukia, zure indarra, eta zure maitasuna, Ebanjelioari zuzen erantzuten ikas dezadan.
– Gurtzen zaitut, Kristo, eta goresten.
– Zure gurutze santuaz salbatu baituzu mundua.
– Erruki zaitez nitaz, Jauna.
LEHENENGO GERTALDIA
Jesus hiltzera epaitua
“Orduan, Pilatok, jendeari poz emateagatik, Barrabas askatu zien eta Jesus, zigorkarazi ondoren, haien eskuetara eman zuen, gurutziltza zezaten” (Mk 15, 15).
Jauna, gurutzean hiltzera epaitua zara, zure eginkizunetan beti zintzoa izan zarelako. Beti adierazi duzu Aitaren maitasuna, gizartean anaitasuna, gizon-emakumeen, behartsuen, eta baztertuen zerbitzua. Haiek zure kutunak ziren. Zuk esan duzu hori bakarrik dela garrantzizkoa eta horregatik hiltzera epaitu zaituzte.
Lagun nazazu Jauna, zuregandik ikasitako guztia maitasunaren zerbitzuan jartzen. Zu, benetan, gauza guztien gainetik maitatzen. Lagun nazazu, baita ere, nere anai-arrebak maitatzen, haien ondoan egoten, beraientzako laguntza eta poza izaten, batez ere, guretzako hurbilekoenak eta behartsuenak direnak.
– Gurtzen zaitut, Kristo, eta goresten.
– Zure gurutze santuaz salbatu baituzu mundua.
– Erruki zaitez nitaz, Jauna.
BIGARREN GERTALDIA
Jesusek gurutzea hartu
“Hartu zuten, beraz, Jesus, eta hau, gurutzea lepoan zuela, hiritik “Burezur” -hebreeraz Golgota- zeritzan tokirantz irten zen” (Jn 19, 17).
Zein handia eta pisua zen, zigorrez eta arantzaz odoldu eta ahuldutako gorputzaren gainean jarri zuten gurutzea. Hala ere Jesusek gogoz eta kemen handiz nere salbazioko zuhaitza hartu zuen.
Jauna, erakutsidazu zure bidean jarraitzen. Ez nadila gelditu ajolagabekerian, segurtasuna bilatzen, nere burua zaintzen. Lagun nazazu nere antzekoen ondoan ibiltzen, zu ibili zinen bezala, nahiz zenbait aldiz gogorra izan eta arazoak sortu. Zu zoaz aurretik zeure gurutzearekin. Ez nazazula utzi zuri begira gelditzen nola zoazen ikusiz. Egizu zuri jarraitzea.
Jesus Jauna, Zuk esan zenuen “Nire ikaslea izan nahi baduzu uko egin zeure buruari, hartu zeure gurutzea eta zatozkit”. Erakutsidazu nere grina, nahikeri txarrei, harrokeriei uko egiten eta zuri zintzotasun osoarekin jarraitzea eta zerbitzatzea.
– Gurtzen zaitut, Kristo, eta goresten.
– Zure gurutze santuaz salbatu baituzu mundua.
– Erruki zaitez nitaz, Jauna.
HIRUGARREN GERTALDIA
Jesus, lehenengo aldiz erortzen da
“Baina gure errebeldiengatik zulatu zuten, gure erruengatik birrindu; berak jasan zuen guretzat salbagarri izango zen zigorra: haren zauriek sendatu gintuzten” (Is 53, 5).
Jauna, zure erortzearekin, bere bizi bidean erortzen diren guztiengana hurbildu zara, altxatzen laguntzeko. Hurbildu zara, batez ere, etsipenean, gogorkeriaren erokerian, itsuturik haragikerian, drogaren errabian, harrokerian, bere ustean, erori direnak altxatzera, eta berdin borrokan, etsaikerian, eta gaiztakerian dabiltzanak.
Egizu, Jauna, nik ere ezagut dezadala haien egoera hortan zer ikusi badaukadala. Jakin dezadala haien egoera ulertzen eta altxatzen. Nere gurutzeak eroriarazita nago ere. Lagundu nazazu altxatzen. Nik ere lagundu nahi ditut hainbeste lagun, beren grina txarrak eta beren gurutzearen zamak eroriarazi baititu. Emaiguzu erortzen garen guztioi zure egiaren indarra honen argiak altxa gaitzan eta zuri jarraituz ibili gaitezen heriotza arte. Beharrezkoa baita zure argia eta grazia okerkeria ezagutzeko eta egiazko aldaketa bilatzeko.
– Gurtzen zaitut, Kristo, eta goresten.
– Zure gurutze santuaz salbatu baituzu mundua.
– Erruki zaitez nitaz, Jauna.
LAUGARREN GERTALDIA
Jesusek topo egiten du bere Ama
“Jesusen gurutzearen ondoan zeuden haren Ama, amaren ahizpa, Maria Kleofaren emaztea, eta Magdalako Maria. Jesusek, bere Ama eta honen ondoan maite zuen ikaslea ikusirik, esan zion Amari: «Emakume, horra hor zure Semea». Gero ikasleari esan zion: «Horra hor zure Ama» Eta ordudanik ikasleak bere etxean hartu zuen” (Jn 19, 25-27).
Jauna, zure Ama Maria, bidera atera zitzaizun. Jende artean bere begiak ikusi zenituen eta bere laguntza zure barrenean sumatu zenuen. Zuk utzi diguzu zure Ama gizaki guztien Amatzat. Beharrezkoa dut nere bidera ere atera dadin, nere bizitzako Kalbario bidera. Eta beharrezkoa dute gizon-emakume guztiek Ama bezala, pekatarien babesa baita, nahigabetuen poza, kristau guztien laguntza.
Mundu honetako hainbeste seme-alaben amek, gertaera zailetan eta arriskuetan bere seme-alaben bidera ateratzen direnean laguntza eskeiniz, behar zaituzte zu Maria, Jesusen Ama eta Gure Ama. Atera zaitez haien bidera. Argitu eta indartu itzazu gizon-emakume guztien amak bere seme-alaben arazoetan eta arriskuetan beharrezkoa duten laguntza eskeintzen jakin dezaten.
– Gurtzen zaitut, Kristo, eta goresten.
– Zure gurutze santuaz salbatu baituzu mundua.
– Erruki zaitez nitaz, Jauna.
BOSGARREN GERTALDIA
Jesusi Zireneko Simonek gurutzea eramaten laguntzen dio
“Jesus gurutziltzatzera zeramatela, sorotik etxera zihoan bat, Simon Zirenekoa, hartu zuten eta gurutzea leporatu zioten, Jesusen ondotik eraman zezan” (Lk 23, 26).
Jauna, sorotik zetorren gizon hark, ez zintuen, aurki, ezagutzen, gurutzea eramaten lagundu zizun. Zure gorputza zigorrez zauritua eta odoldua, burua arantzaz josia, gizakiek isekaz eta biraoka gaitzetsia, gurutzearen zamarekin ahuldua, laguntza bat behar zenuen Kalbariora iristeko eta han zure Aitari eskeintzeko.
Jauna, egizu ikus zaitzadala zure gurutzearekin nere nahigabean, gaixoaldian, bakardadean. Baita ere, nere senideen behartasunean, haien gurutzearen minean, gaixoaldian, bakardadean eta baztertuak direnean, eta nere laguntzaren behar beharrean. Indartu nazazu, saiatu nadin, haiei beraien beharretan beti laguntzen.
Eskerrak ematen dizkizut nere bizitzako Kalbarioan laguntzen nautenengatik. Bedeinka itzazu, Jauna.
– Gurtzen zaitut, Kristo, eta goresten.
– Zure gurutze santuaz salbatu baituzu mundua.
– Erruki zaitez nitaz, Jauna.
SEIGARREN GERTALDIA
Veronikak Jesusi aurpegia xukatzen dio
“Zatozte nire Aitaren bedeinkatuok; hartzazuen munduaren sortzetik zuentzat prestatua dagoen erreinua. Gose bainintzen eta jaten eman zenidaten; egarri eta edaten eman; arrotz, eta etxean hartu ninduzuen; biluzik nengoen eta jantzi egin ninduzuen; gaixo eta bisitatu; kartzelan, eta ikustera etorri” (Mt 25, 34).
Jauna, Zireneko gizon hark lagundu zizun gurutzea eramaten, bainan zure aurpegia arantzaz jositako burutik zetorren odolez eta lurreko hautsaz zikindua zegoen. Emakume bat, Veronika, ausarta benetan, berarenganako urrikaltasunez kupituta eta maitasunez betea, jende artetik atera zen eta oihal txuri eta garbiarekin aurpegia garbitu eta xukatu zizun. Eta Jainko Aitaren eta Maria Amaren Semeak aurpegi ederraren irudia oihalean utzi zion.
Erakutsidazu, Jauna, Veronikak bezala ikus ditzadala mundu honetan Gurutze-Bidea egiten duten anai-arreben aurpegiak nahigabez eta oinazez itsustuak. Bera da ikasbide zuregana hurbildu nahi duten guztientzat. Erne egon nahi dut besteren kezketaz arduratzen. Anai-arrebetan Zu maitatzen. Gaixoetan Zu ikusten. Erakutsidazu hauei pakea eta itxaropena eskeintzen.
– Gurtzen zaitut, Kristo, eta goresten.
– Zure gurutze santuaz salbatu baituzu mundua.
– Erruki zaitez nitaz, Jauna.
ZAZPIGARREN GERTALDIA
Jesus bigarren aldiz erortzen da
“Hara iristean, Jesusek esan zien: “Egizue otoitz tentaldian ez erortzeko”. Eta haiengandik harrikada bat bide aldendurik, belauniko honela egiten zuen otoitz: “Aita, nahi baduzu, urrun ezazu niregandik edari samin hau. Hala ere, egin bedi zure nahia, ez nirea” (Lk 22, 40).
Jesus Jauna, bigarren aldiz gurutzearen menpe erori zara. Inor ez da ausartu altxatzen laguntzera. Zure inguruan asko zeuden bainan ez zen inor aurreratu. Ni ere, zenbait aldiz, hauen artean nagoela iruditzen zait. Azkenean Zerorrek bakarrik zutitu behar duzu eta berriro gurutzea bizkar gainean hartu.
Zure erortze bakoitzak gogora ekartzen dizkit hainbeste gizonen erortzeak, gaiztakeri eta pekatuen menpean. Eta konturatzen naiz ni ere gaiztakeri eta pekatu horietan nagoela, eta neroni askotan erortzen naizela etsipenean, ilun aldian, atsekabean. Lagundu nazazu, Jauna, nere pekatuak aitortzen. Egin dudan kaltea ezagutzen. Erakutsidazu otoitz egiten tentaldian ez erortzeko, bainan erortzen naizenean, Zu bezala altxatzen.
– Gurtzen zaitut, Kristo, eta goresten.
– Zure gurutze santuaz salbatu baituzu mundua.
– Erruki zaitez nitaz, Jauna.
ZORTZIGARREN GERTALDIA
Jesusek Jerusalengo emakumeei hitz egiten die
“Herriko jende-talde handia zihoan Jesusen ondoren, baita emakume asko ere bular-joka eta harengatik aieneka. Itzuli zen Jesus haiengana eta esan zien: “Jerusalengo emakumeok, ez egin negarrik niregatik; egizue negar zeuengatik eta zeuen seme-alabengatik” (Lk 23, 27).
Jesusek ongi aski daki zoritxarra ez dagoela sufrimenduan, Jainkoaren seme-alaben familiatik baztertuak izatean baizik. Horregatik esaten die: “Egizue bai negar zeuen pekatuengatik, Jainkoarengandik bereziak zaretelako. Egizue negar zuen seme-alabengatik, ajolagabekerian eta sinismengabezian bizi direlako, Elizaren eta bere zuzendarien aurka daudelako.
Jauna, erakutsiguzu negar egiten gure pekatuengatik eta benetan damuturik bila dezagun Aitortzako Sakramentuan, egindako pekatu guztien barkamen osoa, zure gurutzeko fruitu ugaria. Eskerrak, Jauna, hainbeste aldiz, barkatzen diguzulako ordainik eskatu gabe. Zure barkamenaren mezulari izan nahi dut, nere ingurukoen artean beren bihotzetan pakea, poza eta atsegina arkitu dezaten.
– Gurtzen zaitut, Kristo, eta goresten.
– Zure gurutze santuaz salbatu baituzu mundua.
– Erruki zaitez nitaz, Jauna.
BEDERATZIGARREN GERTALDIA
Jesus hirugarren aldiz erortzen da
“Sendotu beso ahulduak, bizkortu belaun makalduak. Esan bihotz-eroriei: «Eutsi gogor, ez beldurtu! Horra zuen Jainkoa!” (Is 35, 3, 4).
Jauna, bidea pisua eta oso gogorra gertatzen zaizu. Zure indarrak ahuldu zaizkizu eta berriro errori zara. Zuri bezala, bidea pisua eta gogorra gertatzen zaie, nire ondoan dauden, gizon eta emakume askori, gaitzarekin minduak, zalantzan eta lanik gabe nahigabean bizi direnak, bakardadean aurkitzen direnak, beren familietan ezin konponduz, edo elkarrengandik berezita sufritzen dutenak.
Jauna, urrikal zaitez denetaz. Eta egizu, hainbeste bihotz hautsiak eta urratuak zure pakeaz bete daitezela. Bakarrik daudenak adiskide zintzoa aurkitu dezatela. Bere emazte eta familiarengandik berezita bizi direnak elkartasuna bila dezaten. Gure inguruan, gaitzaren mina sufritzen dutenak, behar duten laguntza eta hurbiltasuna guregan aurki dezatela.
– Gurtzen zaitut, Kristo, eta goresten.
– Zure gurutze santuaz salbatu baituzu mundua.
– Erruki zaitez nitaz, Jauna.
HAMARGARREN GERTALDIA
Jesusi bere jantziak kentzen dizkiote
“Soldaduek, Jesus gurutziltzatu ondoren, haren jantziak hartu eta lau zati egin zituzten, bakoitzarentzat bana; gero tunika hartu zuten, baina josturarik gabea zenez, goitik behera ehundua, akordio hau hartu zuten: “Ez dezagun urra; zotz egin dezagun ea zeini egokitzen zaion” (Jn 19, 23, 24).
Jauna, dena eman duzu. Dena kendu dizute eta biluzik gelditu zara. Hiltzera zoaz gabezi osoan. Bakardadean, adiskideak ere ihesi joan dira. Ni ere batzuetan halaxe ikusten dut neure burua; behartsu, bakarrik, zer egin ez dakidala, aldizka iruditzen zait zugan ustea galdu dudala. Eta orduan munduko aberastasuna, dirua etabar, bilatzen hasten naiz, itxaropena eta atseginaren atzetik.
Jauna, egoera hontan aurkitzen naizenean, egizu zure ondoan sentitzea, nere gabezian, nere bakardadean, nere ahulerian. Benetan egiazko aberastasuna ez baitago gauzak nereganatzean, zurekin bizitzen eta zuregan nere atsegina aurkitzen baizik. Egizu, Jauna, zure gabezia nere gabezian sentitzea eta nere poza zure laguntzan sumatzea. Hustu nahi dut munduko gauzez eta zutaz bete.
– Gurtzen zaitut, Kristo, eta goresten.
– Zure gurutze santuaz salbatu baituzu mundua.
– Erruki zaitez nitaz, Jauna.
HAMAIKAGARREN GERTALDIA
Jesus Gurutzean josia
“«Burezur» zeritzan tokira iritsirik, bertan gurutziltzatu zuten Jesus, baita bi gaizkileak ere, bata Jesusen eskuinean eta bestea ezkerrean. Jesusek honela zioen: «Aita, barka iezaiezu, ez baitakite zer ari diren»” (Lk 23, 33).
Jesus gurutzean zintzilik dago, eskuak eta oinak hiru hiltzerekin gurutzeari josiak. Jauna, iritsi da zure ordua. Bidearen bukaera iritsi da; zure erabateko sakrifizioaren ordua. Zure Aitarenganako erantzun zintzoak eta gizon-emakumeentzako zerbitzu leialak horretaraino eraman zaituzte.
Jauna, gurutzetik zure lehendabiziko hitzak Aitarengana zuzenduak izan dira, gizakientzako barkazioa eske: “Aita, barka zaiezu, ez baitakite zer ari diren”. Zu gurutzean nigatik josirik ikustean eta zure lehendabiziko hitzak entzutean, zuk bezala barkatzen ikasi nahi dut. Zure gurutzean ikusi dezadala beti, ez sufrimenduaren tresna bakarrik, gure salbazioko bidea baizik.
Jauna, eskerrak zure maitasunagatik. Erakutsidazu zure gurutzera begiratzen eta zuri nere bihotza irikitzen nere maitasuna eskeiniz.
– Gurtzen zaitut, Kristo, eta goresten.
– Zure gurutze santuaz salbatu baituzu mundua.
– Erruki zaitez nitaz, Jauna.
HAMABIGARREN GERTALDIA
Jesus gurutzean hiltzen da
“Eguerdi aldea zen, eta ilundu egin zuen lurbira guztian hirurak arte. Eguzkia ezkutatu egin zen, eta santutegiko oihala erdiz erdi urratu zen. Jesusek, oihu handi eginez, esan zuen: «Aita zure eskuetan jartzen dut bizia». Hau esanik, azken arnasa eman zuen” (Lk 23, 44).
Jesukristo Jauna, zalantzarik gabe, hiltzaileen eskuetan jarri zenuen zeure burua, eta sufritu zenituen gurutzeko oinazeak eta nahigabe guztiak guregatik. Zure gurutzea guretzat argitsua da. Zure gurutzea grazizko iturria, gizon guztientzat bizitza sortzen duena. Horregatik esan zenuen: “Nere ikaslea izan nahi duenak, uko egin diezaiola bere buruari, hartu bere gurutzea eta jarraiki”.
Jesus Jauna, Aitaren eskuetan utzi duzu zure bizia. Bere borondatea bete duzu eta iritsi duzu gizonentzat gurutzetik datorren salbamena. Gizon guztiak itxaropenez jantzi dituzu, barkamenaren bidea eta zerurako berpiztea irekiz. Eskerrak Jauna, zure gurutzeko heriotzarengatik. Zure gurutzeak argitu ditzala gure bizitzako bideak eta indartu gaitzala beti zintzo eta leial zuri jarraitzeko.
– Gurtzen zaitut, Kristo, eta goresten.
– Zure gurutze santuaz salbatu baituzu mundua.
– Erruki zaitez nitaz, Jauna.
HAMAIRUGARREN GERTALDIA
Jesusen gorputza gurutzetik jeisten dute
“Ilunabarrean, Jose zeritzan Arimateako gizon aberats bat etorri zen, Jesusen ikaslea. Pilatogana aurkeztu eta Jesusen gorpua eskatu zion. Pilatok emateko agindu zuen” (Mt 27, 57).
Sufrimendua bukatu da. Bakarrik gelditzen da bere gorputza, zauritua, elbarritua, odolustua, hila. Mariak jarraitu du Nekaldi guztia. Zutik gurutze ondoan egon da, samintasunez betea. Bere besoetan hartzen du Seme kutunaren gorputz hila. Ixilik, begiratzen dio magalean daukan Semeari eta berarekin baturik zeruko Aitari eskeintzen dio bere burua gizon-emakumeen salbamenerako.
Maria, Jesusen Ama, eta Jesusek gurutzetik gure amatzat utzi ziguna eta ordutik gure Ama. Lotsaturik nere jokaeraz, hurbiltzen naiz nere Ama Mariarengana. Kupiturik eskatzen dizut: Jesusi bezala, neri ere gurutze bidean lagundu nazazula eta erortzen naizenean altxa nazazu. Eta, batez ere, nire heriotzako ordua datorkidanean gorde nazazu sinismenean eta itxaropenean, zeruetako ateetan hartu nazazu, betiko bizitza zoriontsuan.
– Gurtzen zaitut, Kristo, eta goresten.
– Zure gurutze santuaz salbatu baituzu mundua.
– Erruki zaitez nitaz, Jauna.
HAMALAUGARREN GERTALDIA
Jesus hilobiratua
“(Arimateako) Josek, gorpua harturik, izara garbi batean bildu zuen eta haitzean zulaturiko hilobi berri batean ezarri. Gero, harri handi bat irauliz, hilobiko sarrera itxi eta joan egin zen. Magdalako Maria eta beste Maria hilobi aurrean eserita zeuden” (Mt 27, 59).
Jesusen hilobi aurrean, ixiltasun handia dago. Eliza eta gizateri guztia esnai eta kupiturik pentsakor dago. Jauna, orain gogoratzen ditut zure hitzak: “Gari alea ez bada lurrera erortzen eta hiltzen ez da jaiotzen. Bainan hiltzen bada, fruitu ugari ematen du”.
Jauna, ixilean, zure hilobi aurrean, sinismenean eta itxaropenean aurkitzen naiz. Sinisten dut zure maitasuna, gaiztakeria eta heriotza baino azkarragoa dela. Sinisten dut, hilen artetik pizturik, zure herriaren aurrean zoazela. Zuk gurutzean salbatutako gizon eta emakume guztien herria zara. Jesus Jauna, zure gurutzeko heriotzaren, guztien salbazioaren berri onaren aitorle izan nahi dut, eta hitz ematen dizut.
– Gurtzen zaitut, Kristo, eta goresten.
– Zure gurutze santuaz salbatu baituzu mundua.
– Erruki zaitez nitaz, Jauna.
AZKEN OTOITZA
Jauna, zure grazi diztiratsuarekin argitu ezazu nere ezaguera eta zure esku indartsuarekin Gurutze Santuaren seinaleaz zeinatu ezazu nere bihotza. Gurutzeak elkar gaitzala Jesusekin bere Nekaldian, eta Berarekin baturik gizon-emakume guztien sufrimenduan.
Zure Gurutzeak nere bizitzan agindu dezala. Gurutzearengandik ikas dezadala nere otoitza Zuregana zuzentzen Zure erreinua neregan sortu dadin. Nere gurutzeak, Zurearekin baturik, fruitu ugariak eman ditzala eta betiko bizitzara berpiztu nazala. Amen.
Iturria: Jose Manuel Lasarte apez nafarraren Gurutze-Bidea liburuxka
Pingback: LAS TRES DIÓCESIS VASCAS PROMULGAN MAÑANA EL CATECISMO EN EUSKERA | RELIGIÓN EN NAVARRA – ERLIJIOA NAFARROAN
Pingback: BIHAR EUSKARAZKO KRISTAU-IKASBIDE BAT KALERATUKO DA | RELIGIÓN EN NAVARRA – ERLIJIOA NAFARROAN
Pingback: IRAKATS IEZADAZU OTOITZ EGITEN. ENSÉÑANOS A REZAR, LIBRO BILINGÜE PARA REZAR EN FAMILIA | RELIGIÓN EN NAVARRA – ERLIJIOA NAFARROAN
Pingback: GARIZUMA 2013 LANTZEKO BALIABIDEAK | RELIGIÓN EN NAVARRA – ERLIJIOA NAFARROAN
Pingback: ASTE SANTUA BIDEOTAN | RELIGIÓN EN NAVARRA – ERLIJIOA NAFARROAN
Pingback: MOSULEKO GURUTZEA ZAMARTZEN (UHARTE-ARAKIL) | Religión en Navarra – Erlijioa Nafarroan
Pingback: GARIZUMA 2020 BALIABIDEAK | RELIGIÓN EN NAVARRA ERLIJIOA NAFARROAN
Pingback: GARIZUMA 2024 BALIABIDEAK | RELIGIÓN EN NAVARRA ERLIJIOA NAFARROAN