GIZAKIAK EZAGUTU AL DEZAKE JAINKOA?

Gizakiak, izate arrazioduna denez, bere adimenaren indar hutsez, Jainkoa existitzen dela ezagutu dezake. Ezagutza honen bila, gizakiak «bide» batzuk aurkitzen ditu, «Jainkoaren existentziaren frogak» ere deituak. Ez dira metodo esperimentalean oinarritzen diren natur zientzien (fisika, kimika, etab.) berezko frogak, baizik eta izatearen eta horren kausen inguruko hausnarketatik abiatzen diren argudio filosofikoak.

Photo by Nathan Cowley on Pexels.com

Izan ere, ikusten ditugun mundu honetako izakiak sortuak eta burutuak agertzen zaizkigu, ez dute beren baitan izatearen arrazoia, hau da, beraien izateak azalpen bat eskatzen du. Hain zuzen ere, inguruan ditugun gauzak existitzen hasi dira eta ez dira existituko, perfekzio-maila desberdinak dituzte baina ez dira perfekzioa, xede edo objektibo erregular batera jotzen dute beraiek proposatu gabe, ez baitute adimenik, etab.

Honek guztiak izaki finitu edo mugatuak existitzeko arrazoia emango duen Kausa baten beharrera garamatza. Lehen kausa hori da, hain zuzen ere, guztiok Jainkoa deitzen duguna.

Jar dezagun honen guztiaren adibide zehatz bat. Hondartzan bazabiltza eta arrasto batzuk aurkitzen badituzu, inor horiek egiten ikusi ez arren, badakizu arrasto horiek ez direla kasualitatez agertu, baizik eta hortik igaro den norbaiten (edo zerbaiten) oinatzen ondorio direla. Gainera, arrasto horien formaren arabera, zer izakiri dagozkion jakin dezakezu: txori bat, txakur bat, pertsona bat, etab. Hau da, badakizu «egindako» zerbait direla, eta, beraz, kausa bat daukatela. Hortaz gain, egindako efektuarekiko kausa proportzionatua izan behar dute (giza oinaren aztarna ezin du txori batek edo karramarro batek egin, esate baterako).

Era berean, inor Unibertsoa eta bertan bizi diren izakiak egiten ikusi gabe, Egile bat dutela pentsa dezakegu. Izan ere, hondartzako aztarnak hankak dituzten izaki bizidun batzuek -eta ez hareak berak- egin behar izan dituzten bezala, mundu honetako izakiak eta unibertsoa eginak izan behar dute. Benetan, existitu ez litekeen ezer ezin baita bere izatearen kausa izan, ezta pentsatzen ez duen zerbaitek erregulartasunez jokatu -naturako legeak bezala- Legegilerik ez badago, eta zerbait ere ezin izan daiteke ederra edo ona neurri batean, Edertasun edo Ontasun neurrigabea existituko ez balitz.

Jainkoaren existentzia ziurtasunez ezagutzeko gaitasun arrazional honi dagokionez, Anthony Flew XX. mendeko filosofo ateo famatuaren kasua esanguratsua da. Pentsalari hau DNAren azterketak eskaintzen dituen datuen bidez Jainkoaren existentzia onartzera ailegatu zen. There is a God. How the world ‘s most notorious atheist changes his mind (New York: Harper One, 2007) liburuan, Flewk dio «zientziak Jainkoari buruzko naturaren hiru dimentsio nabarmentzen ditu. Lehena da naturak legeak betetzen dituela. Bigarrena, bizitzaren existentzia, adimenez antolatua eta helburuz hornitua, materiatik sortua. Hirugarrena naturaren existentzia bera da».

Gehiago jakiteko:

Aristoteles, Metafisika, Klasikoak Bilduma, UPV-EHU, Bilbo, 1997, I, IV, V eta XII lib.

Tomas Akinokoa, Lan hautatuak I, Klasikoak Bilduma, UPV-EHU, Bilbo, 2004, 319. orr. Jentilen Kontrako Bilduma, I. lib.

Anthony Flew, Dios existe, Trotta argitaletxea, Madril, 2012.

Deja un comentario

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *

Scroll al inicio