GASTEIZ, BILBO ETA DONOSTIAKO ELIZBARRUTIETAKO IRAKASKUNTZA ARDURADUNAK ISABEL CELAÁRI ERANTZUN DIOTE

Erlijio ikasgaia ez da katekesia

(Gasteiz, Bilbo eta Donostiako Elizbarrutietako Irakaskuntza arduradunak)

Isabel Celáa, Jaurlaritzako Hezkuntza Sailburu ohiaren idazkia argitaratu zen pasa den asteburuan “Erlijioa ikasmahai artean” izenburupean. Hari hainbat xehetasun egitera beharturik gaude:

Hasteko eta behin, emandako datua ez da egi osoa: batxilergoan ikasleen % 3ak soilikaukeratu du erlijio ikasgaia; baina honen atzean dauden arrazoiak isiltzen dira, eta Hezkuntza Sailak badu horretan zerikusirik. 2008ko Jaurlaritzaren araudi berria martxan jarri zenetik, Erlijioa ikastordu arruntatik kanpo gelditu zen eta haren ordezkorik gabe gainera; indarrean dagoen legearen kontrako neurria hartu zen, orain Epaitegi Gorenaren erabakiak adierazi duen bezala. Hori gutxi ez eta azken urteotan erlijio ikasgaiaren aurka egin diren arau hausteek, manipulazioek eta presioek, ikasleria %24tik %3ra eraman dute. Hau da, “hiltzeko moduko” egin zioten ikasgaiari eta orain, “hilik” dagoela diote. 2012ko Uztailaren 20ko epaiari esker, Epaitegi Gorenak Euskadiko Gotzaindegien eskaerak entzun zituen; okerra zuzendu eta Hezkuntza Sailak hartutako norabide desegokia bide onera eraman zuen.

Bestalde ez da egia erlijio ikasgaia eta katekesia gauza bera direnik, sailburu ohiak dioen moduan. Hala bada, nola da posible Celáaren Hezkuntza Sailak Euskadiko Agintaritzaren Aldizkarian Erlijio ikasgaiaren curriculuma onartu eta argitaratzea eta orain aldiz eduki horiek katekesi hutsa direla esatea? Argi utzi nahi dugu ezin dela erlijioaren irakaskuntza estrategia politikoen baitan erabili; eta modu berean ez da zilegi alderdi politiko berri batek boterea hartu bezain pronto, hezkuntza planak bere pentsaeraren arabera aldatzea (hor ditugu LOGSE, LOCE eta oraingo LOMCE legeak), inolako giza-adostasunik gabe.

Argi dago Erlijio Ikasgaiak, ikuspegi konfesionaletik egiten duela kristautasunaren inguruko gogoeta, baina horrek ez du inolaz ere esan nahi katekesia denik. Katekesiak fedearen baitan Jainkoarekin topatzea bilatzen duen bitarte an (esperientzia da batez ere), erlijio klaseak ekintza erlijiosoaren ezagutza eta edukietan eta horrek gizartean duen eraginean sakontzea du helburu. Horregatik hain zuzen erlijio katolikoa ikasgaia maiz aukeratzen dute fededun ez diren eta beste erlijiotako kide diren askok.

Celáa anderearen idazkiak bestalde guztiak barneratzen dituen estatu laikoaz hitz egiten du, erlijio guztiak errespetatzen dituena, haiek eman dezaketena kontuan hartzen duena, baina horietako bat ere ez bere egiten ez duena. Hau da hain justu guk defendatzen duguna. Gizaki bakoitza bere uste eta sinesmenen arabera hezita izan dadila, Estatuak gizartearekiko dituen betebeharrak areago eraman gabe eta gizartearen baitan erori gabe; hau da, gizartea anitza dela kontuan hartu eta ez gaitzala guztiak kolore bakarra duen ikuspegi ideologiko beretik pasa arazi. Hain zuzen kontzientzia eta erlijio askatasuna da defendatzen dugun ikuspegi horretatik abiatuta, guraso eta familiei euren seme-alabak nahiago duten sinesmenaren arabera hezteko ahalmena ematen diena.

Estatuak eta Egoitza Santuak dituzten akordioen inguruan, azpimarratzekoa, “pacta sunt servanda”: akordioak bete egin behar dira. Eta Gorenaren epaiak bertan behera uzten du Euskal Erkidegoan, Batxilergoko azken lau urtetan Erlijio ikasgaia tratatu den

modua. Ez genuke Eliza eta Estatuaren arteko akordiora jo beharko, administrazioak konstituzioak jasotzen duen kontzientzia eta erlijio askatasuna errespetatuko balitu. Konstituzioak bete-betean babesten du pertsonaren heziketa osoa, haren sinesmenaren araberako eskubideak eta askatasuna eta erlijio eta moral heziketa (27.2 eta 27.3 Art.). Baina azkenaldiko esperientzia eta historiak behin eta berriz erakusten digute hezkuntza, antropologia, morala eta erlijio alderdietan batez ere, elementu ideologiko gisa erabiltzen dela.

 Zergatik ez Europako gainerako herrialdeei begiratu? Horietako gehienetan erlijio ikasgaia, ikasle eta familien hautaketa asketik abiatuta curriculumaren barnean sartzen da eta erlijioaren ordezko ezberdinak eskaintzen dira. Erlijio klaseak pertsona duina egiten duten egiak eta baloreak eskaintzen ditu eta garaiko gizartearekin konpromisoa hartzeko gai diren gizon-emakumeak hezten ditu. Honen aldeko Europa ko Kontseiluko Parlamentu Batzarraren ikuspuntua azpimarratu nahi genuke (1720-2005 Aholkua): “Hezkuntza eta Erlijioa”, eta baita beste hainbat dokumentu eta hausnarketa. Izan ere hezkuntza sistematik kanpo utzi nahi den ikasgai honek, zerikusi handia du heziketa, hori bera izan dadin: heziketa, hain justu; pertsonari heldutasunera iristen, errealitatea ulertzen eta guztion onuraren alde gizartearen zerbitzari izaten erakusten dio.

 Iturria: www.elizagipuzkoa.org

 Gehiago irakurri:

 Isabel Celaak Erlijio-ikasgaiaren inguruko eztabaida bat irekitzeko eskatu du

Aralarrek bere poza adierazi du “Erlijio-ikasgaian matrikulatzeko kanpaina eten delako irrati-telebista publikoan

Euskadiko Gotzainen haserrea

Deja un comentario

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *

Scroll al inicio