FRANTZISKO AITA SANTUAK TIRANARA (ALBANIA) EGINDAKO BIDAI APOSTOLIKOA
BESTE ERLIJIOTAKO BURUEKIN ETA BESTE KRISTAU DENOMINAZIOEKIN TOPAKETA
FRANTZISKO AITA SANTUAREN HITZALDIA
«Aholku Onaren Ama» Unibertsitate Katolikoa (Tirana)
Igandea, 2014ko irailaren 21a
Lagun maiteak:
Asko pozten naiz Albanian diren erlijio-konfesio nagusien ordezkariekin biltzeagatik. Zuetariko bakoitza eta ordezkatzen dituzuen elkarteak begirunez agurtzen zaituztet; eta mila esker bihotzez Mons. Massafrari bere aurkezpen eta sarrera hitzengatik. Garrantzitsua da zuek hemen elkarrekin egotea: egunez egun bizi duzuen elkarrizketaren zeinu da, gizarte osoaren onurarako zuen artean anaitasun eta elkarlan harremanak sortzen saiatuz. Egiten duzuen guztiagatik, mila esker.
Zoritxarrez, Albania Jainkoa pertsonal eta elkarte bizitzatik baztertzen denean sor daitezkeen biolentzia eta trajedien lekuko izateagatik izan da ezaguna. Ideologia baten izenean, gizartetik Jainkoa kanporatu nahi denean, idoloak gurtzen bukatzen da, eta berehala gizakia galtzen da, bere duintasuna zapaldua izaten da, eta bere eskubideak bortxatuak. Zuek ongi dakizue zer gehiegikerietara eramaten ahal duen kontzientzia- eta erlijio-askatasuna gabetzeak, eta nola zauri horrek erabat pobretuta, esperantza eta helbururik gabe, uzten duen gizateria.
Aurreko mendearen 90. hamarkadatik aurrera gauzatu diren aldaketek ondorio positibo bezala benetako erlijio-askatasun baterako baldintzak sortzea izan dute. Honek, jazarpen basatiak izan arren, elkarteek inoiz erabat itzali ez ziren tradizioak berpiztea posible egin du. Denek, beraien erlijio-uste propioetatik, herriaren berreraikitze moralan -ekonomikoan baino lehenago- lagundu ahal izatea posible egin du ere.
Egia esan, Juan Pablo II. Santuak Albaniarako bere bisitan (1993) esan zuen bezala, «erlijio-askatasuna […] ez da fedearen grazia daukatenentzako Jaunaren dohai preziatua soilik: denentzako dohaia da, askatasunaren edozein beste adierazpenerako oinarrizko baldintza delako […]. Fedeak inork baino hobe oroitarazten digu, Egile bakarra baldin badugu, denok anai-arrebak garela. Erlijio-askatasuna totalitarismo guztien kontrako gotorleku bat eta giza anaitasunerako ekarpen erabakiorra da» (Albaniar Nazioari Mezua, 1993ko apirilak 25).
Baina segituan gaineratu beharra dago: «Benetako erlijio-askatasunak intolerantzia eta sektarismoaren tentaldietatik ihes egiten du eta begirunearen eta elkarrizketa eraikitzailearen jarrerak sustatzen ditu» (ibid.). Aitortu behar dugu gaur egun munduko eskualde ezberdinetan agertzen ari den erlijio-uste desberdinenganako intolerantzia etsai bereziki maltzurra dela. Fededunak garen heinean, adi egon behar dugu uste osoz bizi ditugun erlijioa eta etika -zeinen inguruan lekukotasun kartsukia ematen dugun- mirestu nahi duten misterioarekin bat datorren duintasunaz adieraz daitezen. Jainkoaren eta gizakien duinekoak ez izateagatik, erlijioaren erabilera desitxuratzaileak diren forma guztiak irmotasunez faltsuak bezala baztertuz. Benetako erlijioa ez da inoiz biolentzia iturri, pake iturri baizik. Inork ezin du Jainkoaren izena biolentziaz jokatzeko erabili. Jainkoaren izenean akatzea sakrilegio handia da. Jainkoaren izenean baztertzea ez-gizatiarra da.
Ikuspuntu honetatik, erlijio-askatasuna ez da soilik indarrean dagoen lege sistemak bermatzen duen eskubidea -hau beharrezkoa izan arren-: espazio komun bat da -hau bezalakoa-, guztion parte hartzearekin eraikitako begirune eta elkarlan giroa, baita erlijio-usterik ez daukatenentzat ere. Zilegi bekit erlijio-askatasuna sustatzeko bereziki erabilgarriak izan daitezkeen bi jarrera seinalatzea.
Lehenbizikoa, gizon eta emakume bakoitzarengan, gure erlijio-tradizioaren parte ez direnengan ere, ez aurkaririk, ezta hare gutxiago etsairik ikustea, anai-arrebak baizik. Bere uste-sendoez seguru dagoenak ez dauka inposatzeko edo bestea derrigortzeko beharrik: egiak berak distiratzeko indarra daukala badaki. Funtsean, denok gara lur honetan erromesak eta, bidai honetan, egia eta betierekotasuna bilatuz, ez gara, norbanako zein talde nazional, kultural edota erlijioso bezala, izate autonomo eta buruaskiak moduan bizitzen, elkarrekiko menpeko moduan baizik. Batzuk besteekiko ardura daukagu. Erlijio-tradizio orok, bere barrutik, bestearen existentzia arrazoitzeko gai izan beharko litzateke.
Bigarren jarrera onura komunaren aldeko konpromezua da. Erlijio-tradizio batekiko atxikimendutik gizarte osoarekiko serbitzu sendoagoa, eskuzabalagoa, desinteresatuagoa sortzen denean, erlijio-askatasunaren benetako erabilera eta garapen bat sortzen da. Honela, ez da soilik zilegitasunez aldarrikaturiko autonomia esparru bat bezala agertzen, bere mailakako erabilerarekin giza familia osoa aberasten duen ahalmen bat bezala baizik. Zenbat eta besteen serbitzura gehiago jarri, hainbat eta libreagoa da bat.
Begira dezagun gure ingurura: zenbat behar dauzkaten pobreek, zenbat geratzen zaien gure gizarteei gizarte justizia elkarbanatuago baterako, garapen ekonomiko bateratzaile baterako bideak aurkitzeko. Giza arimak ezin du bizitzaren esperientzien zentzu sakona bistatik galdu eta esperantza berreskuratzeko beharra dauka. Esparru hauetan, beraien erlijio-tradizioen balioetan inspiratutako gizon-emakumeek laguntza garrantzitsu eta ordezkaezina eskein dezakete. Erlijioen arteko elkarrizketarako lur bereziki emankorra da hau.
Gainera, beti mamu bat dena aipatu nahiko nuke: erlatibismoa, “dena erlatiboa da”. Honi dagokionez, printzipio argi bat izan behar dugu gogoan: ezin da elkarrizketa izan ez bada norberaren nortasunarengandik abiatuta. Nortasunik gabe ezin da elkarrizketarik izan. Elkarrizketa mamu bat izango litzateke, alferrikako elkarrizketa: baliorik gabekoa. Norberak bere nortasun erlijiosoa dauka, zeinarekiko leialtasuna daukan. Baina Jaunak badaki historia nola aurrera eraman. Norbera bere nortasunetik abiatzen da, baina beste bat daukala itxura eman gabe, honela ez duelako balio eta ez duelako laguntzen, eta erlatibismoa delako. Batzen gaituena bizitzaren bidea da, anai-arrebei ongia egiteko norbere nortasunetik abiatzeko borondate ona. Ongia egin. Eta, horrela, anai-arrebak bezala, elkarrekin egiten dugu bidea. Gutariko bakoitzak bestearen aurrean bere nortasunaren lekukotasuna eman eta elkarrizketan jarduten du. Geroago, elkarrizketak gai teologikoen inguruan egin dezake aurrera, baina garrantzitsuena eta ederrena norbere nortasunari uko egin gabe, izkutatu gabe, hipokresiarik gabe, elkarrekin bidea egitea da. Neri mesede handia egiten dit honetan pentsatzeak.
Lagun maiteok Albanian diren erlijio elkarte desberdinen arteko harreman onen tradizioa mantentzeko eta zuen sorterri maitearen serbitzuan bat sentizeko animatzen zaituztet. Umore pixka batekin, hau futbol talde bat bezala dela esan liteke: katolikoak besteen kontra, baina denok elkarrekin sorterriaren eta gizateriaren mesederako. Jarrai zaitezte, zuen herri eta beste herrientzat, erlijio desberdinetako gizakien arteko harreman adeitsuak eta emankorrak posible direlaren zeinu izaten. Eta mesede bat eskatzen dizuet: otoitz egin nire alde. Nik asko behar dut ere, asko behar dut. Mila esker.