Portada » FRANTZISKO AITA SANTUAREN ALDEKO HILETA-ELIZKIZUNA IRUÑEKO KATEDRALEAN

FRANTZISKO AITA SANTUAREN ALDEKO HILETA-ELIZKIZUNA IRUÑEKO KATEDRALEAN

Frantzisko aita santuaren aldeko hileta-meza Iruñeko Katedralean

Elizbarrutiak Frantzisko Aita Santuari azkeneko agurra eman zion

Aita Santu berria aukeratzeko konklabea hasi baino egun bat lehenago, aurreko maiatzaren 6an, Iruñeko Santa Maria Katedralean Frantzisko Aita Santuaren aldeko hileta-elizkizuna egin zen. Ospakizun hori apirilaren 28rako antolatuta zegoen, baina bertan behera utzi behar izan zuten itzalaldiaren ondorioz. Bestalde, Tuteran lehenago ere egin zuten hileta elizkizuna, itzalaldiak eraginik izan ez zuelako.

Iruñeko Katedrala gainezka

1.500 fededun baino gehiagok bete zuten Iruñeko Eliz Nagusia, ezkil hotsek deituta. Lehen jarlekuak agintari politiko eta militarrek hartu zituzten, besteak beste, Maria Chivite Nafarroako Gobernuko presidenteak eta Unai Hualde Parlamentuko presidenteak. Aldarean, Frantzisko Aita Santuaren irudi bat eta Vatikanoko bandera, xingola beltzarekin.

Zortzietan, hileta-elizkizuna hasi zen, Florencio Roselló Artzapezpikua buru zela, 102 apaizek lagundurik, besteak beste, Jesús Esteban Sábada Aguaricoko gotzain emerituak, Jesús Urós Olivako Monasterioko abadeak, Migel Larrambebere Bikario Nagusiak eta Carlos Ayerra Katedraleko Deanak.

Ospakizunaren alderdi musikalaz Katedraleko Musika Kapera arduratu zen, metal laukote batek lagunduta eta Ricardo Zoko zuzendari zela. Organoan Julián Ayesa zegoen. Jo zituzten piezen artean, Hilarion Eslavaren «Tu es Petrus», eskaintza garaian, eta Gounoden «Himno Pontificio», Aurelio Sagasetak zuzendu zuena, metal laukotearekin eta organoarekin, ospakizunaren amaieran.

«Frantzisko Aita Santua ardi usaina zuen artzaina izan zen»

Sermoian, Don Florentziok adierazi zuen Frantziskok, bere aitasantutzaren lehen unetik, «gogorarazi zigun Kristorenganako maitasuna ez dela ideia abstraktu bat», baizik eta «apaltasunean eta errukian bizitzeko modu zehatz bat». Gainera, Frantziskok Ebanjelioaren poza mundura eraman zuela adierazi zuen Evangelii Gaudium bere burubideari esker, «konplexurik gabe kristaua izatearen harrotasuna itzuli ziguna». Hortaz gain, «bakearen mezulari eta eraikitzaile» bihurtu zen bere Fratelli Tutti entziklikari esker, behartsuen aldarria eta kreazioaren ahots zauritua entzuten jakin zuen «Laudato Si entziklikaren bidez» eta «Elizaren abusuen biktimen zauriak» besarkatu eta musukatu zituen.

«Frantzisko Jainkoaren samurtasunak ukitutako gizona izan zen. Ardi usaina zuen artzaina izan zen «, gogorarazi zien bertaratutakoei, eta otoitz egiteko eskatu zien «Espiritu Santuak, bihar hasiko den konklabean, Elizak une honetan behar duen Aita eta artzaina eman diezagun eta Frantzisko Aita Santuak hasitako bideari jarraitu ahal izan diezaion «.

Iturria: iglesianavarra.org-tik egokitua

Deja un comentario

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *

Scroll al inicio