D. FLORENTZIO ROSELLÓK: «EZ DUT IÑOR NAHI GURE ELIZAN BAZTERTUA SENTITZEA»

Florencio Roselló jaunaren lehen hitzak Iruñeko Artzapezpiku eta Tuterako Apezpiku gisa

2024ko urtarrilaren 27a

Senide maiteok, Iruñeko eta Tuterako Eliza maitea, Nafarroa maitea.

Orain dela astebete Eukaristia ospatzen ari nintzen kartzelan, emakume talde batekin, astero gure fedea bizi dugula, Jaungoikoak dei egiten gaituen tokian, Eukaristian. Joan den asteko ospakizunak ez itzultzearen, agurraren eta ezin eutsi zitekeen malkoaren zaporea zeukan. Gaur, Iruñeko Andre Maria Erreginaren Katedral handi eta eder honetan nago, ni hartzeko bere galarik onenak jantzita, eta egia da, jada etxean eta familian bezala sentitzen naiz. Aurreko larunbatean, emakumeek Jainkoari Aita eta Birjinari Ama deitzen zieten. Gaur guk ere egin dugu, Jainkoari Aita eta Andre Mariari Ama deitzen diegu. Anai-arrebok, hau da nahi dudan eta amesten dudan Eliza. Eliza honek, kartzela batean, baserri batean, Katedralean, parrokia batean, ospital batean edo komentu batean berdin-berdin bizi du bere fedea. Jaungoikoa bere seme-alabak -gu geu- bizi diren errealitate bakoitzean haragitzen da.

Joan den asteartean, Elizbarrutian sartu nintzen zuen artean behin betiko geratzeko. Nafarroa zapaltzerakoan, autoa gelditu nuen, nire probintziala, Mesedeetakoa, nirekin zetorren, otoitz bat egin genuen eta lur honi musu eman nion. Zolua musukatu nuenean, zuetako bakoitzarengatik nere burua erabat eskeintzen dudala adierazi nahi izan nuen, eta xehenagatik, xumeenagatik eta apalenagatik ere ematen dut neure burua.

Eta gaur, orain, zuen aurrean aurkezten dut nere burua, Jesus bezala sinagogan «Jainkoaren Espiritua nire gainean dago, Berak bainau sagaratu behartsuei berri ona adierazteko… » (Lk. 4, 18). Jaunaren bidali gisa aurkezten naiz. Inoiz ez nuen imajinatu hemen eta orain egotea. Une hau Jainkoaren borondatearen obedientzia bezala bizi dut nire bizitzan. Berak aukeratu nauelako ministerio honetarako, «Ez ninduzuen zuek ni aukeratu, neuk zintuztedan zuek aukeratu. Eta eginkizun hau eman dizuet: edonon fruitu ugaria eta iraunkorra eman dezazuela» (Jn. 15, 16). Eta Jeremiasen apaltasun eta txikitasunarekin aurkezten naiz, erantzukizun horretarako duintasun pertsonalarekin, baina «norekin fidatu naizen badakit» dioen lasaitasun eta segurtasunarekin (2Tim. 1, 12). Norbaitek esan zidan, apezpiku-ministeriora dei hau jaso nuenean, «fida zaitez Jainkoaz eta Elizaz», eta horrela egin dut eta horregatik nago hemen. Duina ez den mirabe bat, mementoan esan dugun bezala, Iruñea eta Tuterako Elizaren zerbitzura jarri nahi duena, bere ebanjelioa bizirik jarrai dezan.

Zerbitzatzeko entzun egin behar da, horregatik diot «mintza zaitez, adi duzu zure morroia» (1S. 3, 10). Samuel gaztea bezala, duela bi igande lehen irakurraldian irakurri genuen bezala, Jaunari entzun nahi diot. Entzun ezagutzeko, entzun jakiteko, entzun maitatzeko. Eta Jainkoari entzun Nafarroan erromes dabilen Elizaren bitartez. Zerbitzatzera nator, baina zerbitzatzeko entzun egin behar da. Eskariak, sentsibilitateak eta erresistentziak entzun. Frantzisko Aita Santak Lisboan uda honetan JMJn esan zigun bezala, «Elizan denak sartzen dira, denak, denak». Eta gaur, Jaunak Nafarroako lur honetan erromes dabilen pertsona bakoitzaren bitartez hitz egiten dit. Baina desberdina ere entzun nahi dut, berezia dena, nirekin diferentziaren bat izan dezakena; zeren Jaunak beraiengana ere bidali bainau. Ez dut inor nahi gure Elizan baztertua eta lekuz kanpo sentitzea. Ezin da inor Elizatik kanpo utzi, ez bere jatorriagatik, ez bere hizkuntzagatik, ez bere sexuagatik, edo bere ideologia politikoagatik.

Jaunaren bidalketa jasotzen dut, Ebanjelioa mundu osora eramatekoa, zeren «baditut artegian ez dauden ardi batzuk ere; haiek ere erakarri egin behar ditut» (Jn. 10, 16). Nahiko nuke «artalde bakarra eta artzain bakarra» egotea. Artegi honetakoak ez direnak pobreak, presoak, etorkinak, salerosketaren biktimak dira; Eliza, ez harrera egiten dien norbait bezala, baizik eta beren etxea balitz bezala ikustea gustatuko litzaidake. Ez bakarrik zenbaki bat gure estatistikak gizentzeko. Beste artegi hau, presoak, nire apez-ministerioaren xede izan dira urte askoan, eta haiekin bizi eta gozatu dut fedea.

«Ez dut urrerik ez zilarrik, Jesus Piztua daukat» (Eg 3, 6). Izendapenetik hona, askotan egin izan didate galdera hau: zein da zure programa Elizbarrutirako? Eta erantzuten dut ez daukadala bat bera ere, lehenik entzun nahi dudalako, eta jarraian esaten dut ez daukadala ez urrerik ez zilarrik, ez dudala formula magikorik, eta ez dakidala. Jesus Piztua daukat, eta Nafarroara bidaltzen nau bere mezua hots egitera. Mahastietako langileen xumetasunarekin nator. Eguneko ordu desberdinetan deitzen dituzte lanera joateko, eta guztiei gauza bera ordaintzen diete. Ordainketa eskeintza, erantzukizuna eta eskuzabaltasuna da.

Eta 1272ko Mesedeetako Ordenako Konstituzioei atxikitzen natzaie, Ordenako lehenengoei, esaten dutenean «beti alaiki prest egon zaitezte, behar izanez gero, zuen bizitzak emateko, Jesukristok gure alde eman zuen bezala». Iruñeko Eliza honetara, Mesedeetako izpirituarekin, Iruñea eta Tuterako Artxidiozesi honen eta Nafarroa osoaren alde nire bizitza pozarren ematera nator. Hemendik aurrera, nire bizitza Eliza honena da, eta horrela leial izango naiz Mesedeetako karismarekin eta agindu konstituzionalarekin.

Harrera oneko lur batera nator. Nafarroa harrera onekoa da, kosmopolita. San Fermin jaiek unibertsal bihurtu dute, eta hori nabari da bertako jendearengan. Nafarroan beti zaude etxean, kanpoko inor ez da arrotz sentitzen. Nire izendapenaz geroztik, dena izan dira zorionak, agurrak eta erraztasunak.

Nire gotzain-goiburua Iruñea eta Tuterako Artxidiozesi honetako nire artzain-bizitzako ekitaldi bakoitzean egotea nahi dut, «maitasunik ez badut, ez naiz ezer». Lelo horrek markatu du nire bizitza apez eta mesededun gisa. Maitasunak errutina gainditzen du, konpromisoak berritzen ditu eta proiektuak pizten. Iruñean erromes dabilen Eliza honengatik xahutu eta higatu nahi dut. Zeren lur honetan murgiltzen ez banaiz, maitasuna ematen ez badut, ez naiz ezer. Izan ere, maitasunez ulertu ahal izango dut, zerbitzatu ahal izango dut, pazientzia izan nire etxea bezala maite dudan lur berri honekin.

Nire gotzain-leloaren maitasunak bihotzera narama, eta une honetan azeleratuta daukat, gaur bizitzen ari naizen guztiarengatik hunkituta. Eta gaur «nire bihotza pozten da eta esker onez kantatzen dio» (Salm. 27, 7)

Eskerrak ematen dizkiot Jaungoikoari, bizitzaren dohainagatik eta apez eta erlijioso bokazioaren dohaiagatik. Nire bizitza guztia grazia eskuzabala izan da Jainkoak nigan egindakoagatik.

Eskerrak eman nahi dizkiet nire familiari, Florencio eta Miguela nire gurasoei, jada zendutakoak, baina zenbat gozatuko zuketen une hau bizitzen!, eta badakit zerutik gozatzen ari direla. Etxean ikasi nuen otoitz egiten. Jainkoari Aita eta Birjinari Ama deitzen irakatsi zidaten. Etxe xume eta apal batean genuena baloratzen. Nire anai-arrebei, errespetu handiz eta diskrezioz lagundu baitidate kontsagratu-bide honetan, hartutako edozein erabaki edo ekimen errespetatuz. Eskerrik asko Amparo eta Sebas.

Eskerrak Mesedeetako Ordenari, ospakizun honetan ordezkaritza handi batekin, Maisu Nagusia eta nire Aita Probintziala buru direla. Mesedeari esker, naizena naiz. Gaur, Mesedeetako Ordenak ez du gotzain bat ematen, baizik eta gotzai egin duten mesedetako bat ematen du. Karitatea zinez eta azkeneraino bizitzeko aukera eman dit.

Alcorisa (Teruel) herriari mila esker. Alcorisako kaleek jaiotzen, korrika eta jolasean ikusi baininduten, nire ibileraren lekuko isila izan da. Errespetatua sentitu naiz haur, eliz mutil, apaizgai, apaiz bezala, beti irribarre bat, agur bat, hizketaldi bat eskeini didazue. Nire bokazioaren parte zarete. Hori dela eta, Alcorisa izena eramaten dut munduko bazter guztietatik. Han lurperatuta daude nire gurasoak, beti begiratuko dut Alcorisa maitasunez!

Ez dakizue nola estimatzen eta eskertzen zaituztedan Espainiako hainbat lekutatik etorri zareten guztioi. Izan ere, leku horietan mesedetakoen elkarte bat dago, eta uneren batean zuekin egon naiz!! Talde jendetsuena, Castellongoa, eskerrik asko.

Elxetik etorritako beste talde handi bat, urrutiena, eskerrik asko. Baita Valentziatik eta Bartzelonatik ere. Baita Mesedeetako ikasle ohiei ere. Eskerrik asko guztioi.

Espetxeetako agintariei eskerrak. IIPPko Idazkaritza Nagusitik etorritakoak. Castelló eta Iruñeko espetxeetako zuzendaritzek bezala. Eskerrik asko zuen presentziagaitik, baina, batez ere, eskerrik asko Kartzela Pastoraltzari askatasunik ez daukatenen aurpegiak eta beharrizanak jartzen lagundu diozuelako.

Eskerrak eman nahi dizkizuet Iruñeko eta Castellóko espetxeetatik atera zareten presoei, gizon-emakumeei. Gehiago ospatu ditut Gabonak eta Pazkoa zuekin espetxean askatasunean baino. Ospakizun hau, zuek gabe, ez litzateke erabatekoa izango.

Eskerrik asko tokiko eta autonomia-erkidegoko agintariei. Eskerrik asko, zuen presentziak Nafarroa justuago eta solidarioago baten alde elkarrekin lan egiteko borondatea dagoela esaten didalako. Zuen presentziak elkarrizketarako borondatea dagoela esaten dit. Eskerrik asko zuen laguntzagatik, etorkizunean elkar ulertzeko bideak irekitzen dizkidalako.

Eskerrik asko ni laguntzeko bidaiatu duzuen Kardinal, Artzapezpiku eta Gotzain jaunei. Eskertzen dizuet, apostoluen ondorengoen eskola honen berria naizelako, eta oraindik arrotz sentitzen naiz. Zuen laguntzak gotzain-familian sentiarazten nau. Askok adierazi didazuen anaiarteko komunioa esperimentarazten dit.

Hain gogotsu laguntzen ari didan Nafarroako Elizari: apezak, hasierako agurrean esan nuen bezala ezagutu nahi zaituztedanak; bizitza kontsakratua, honen parte naizena, zuen komunitateak bisitatu nahi ditut; apezgaiak, Elizbarrutiaren bihotza zaretenez, Jainkoari emandako zuen baiezkoan animatu nahi zaituztet; eta laikoak, izpiritu sinodalak distantziak laburtzera eta bertikaltasunean baino horizontaltasunean bizitzera eraman gaitzala, zuekin guztiekin kontatzen dut.

Frantzisko Pérez jaunari, eskerrik asko Eliza honi hainbeste urtez laguntzeagatik, maitasunez eta eskaintzaz egiteagatik. Baina, batez ere, eskerrik asko denbora honengatik, nire izendapenetik gaur arte. Dena detaileak izan dira, animozko hitzak, informazio zehatzak, zorionak nire urtebetetzean. Jainkoak ordain diezaiola bere eskuzabaltasuna, baina, batez ere, bere gizatasuna eta nirekiko hurbiltasuna, niretzat berria den une batean.

Eskerrik asko Espainiako Gotzainen Batzarreko Sail eta Gotzain Batzordeetako zuzendariei. Gabonetan esan nizuenez, Madrilen izan nintzenean, zuek nire elkartea izan zineten, eta eskerrak ematen dizkizuet horregatik.

Iturria: Iglesia Navarratik egokitua

Deja un comentario

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *

Scroll al inicio