Bidegurutzea
2017-01-26 / Joxe Jabier Segurola
Erlijioa eta eskola hizpide. Erlijioa-ikasgaiaren denbora murrizketa dela eta… Egunsentiko lehenengo eguzki-printzak edo orratzak itsumustuka bezala… laino artean galduta gabiltza. Nazaretheko Joshuarena maitasunezko kondairarik xarmagarriena da. Hil eta gero jarraitzailerik ez zela geldituko susmoa ez zen bete. Jesusena da Jainkoak gure historian bete-betean esku hartu zuenekoa, gizon-emakumeon ikuskera, pentsaera eta sentiera irauliz. Bere bizkar gain jasotako gurutzea gure ikurra, indarra, argia eta arnasa bihurtuz. Elizaren kondaira behazunez eta eztiz txotildua dago, sitsak pipizuloz jositako habea, baina habe zaharrak oraindik zutik dirau. Elizaren burua, Aita Santua gizon zentzuduna da, sentibera eta buruargia gure erreferente morala eta etikoa.
Hementxe dituzue eskolan erlijioak betetzen dituen eginkizuna eta izateko arrazoia: ikastetxeetan ematen den ikasgaia (erlijioa) ez da katekesia, uler diezadazuen: inguruko klima mota desberdinak lantzen dihardugun heinean, bereziki hemengoa edo gurea den horretan luze eta zabal aritzen garen antzera, erlijio mota ezberdinak lantzen diren arren gurea eta hemengoa den honetan, katolikoan hain zuzen ere, gehienbat dihardugu. Ez da, beraz, egiten duguna aparteko gauza bat.
Bestalde, giza-eskubideen aldarrikapena gauzatzeko iturburuetariko bat kristautasuna izan zen irudira, bata eta bestea eskutik joan beharko liratekeela deritzot, hala ez bada ere beti. Sona, izen eta entzute handiko gizon batek; txikia baina itzal luzea zuena eta duena; jakintsua baina apala, otzana eta umila aldi berean, Joxemiel Barandiaranek hain zuzen ere; kristautasunaren ardatza gizatasuna eta gizabidea zirela esan ohi zidan.
Euskal kultura eta kristautasuna uztarturik ezagutu izan ditut. Gure historia, artea, literatura eta kultura ulergarria izateko erlijioarekin estu-estu loturik daudela eta hainbat gertakizun eta pertsonaia historiko, artistiko, literario ulergaitzak izango litzaizkigukeela. Linguae Vasconum Primitiae (1545) Nork daki aurrena idatzi zen euskal liburua apaiz batek idatzi zuela eta bertan erlijioa, maitasuna eta euskara zituela hizpide? Hainbat artelan (koadro, gizairudi, liburu…) eta gertakizun nola ulertu testuinguru honetan ez bada?
Bukatzeko, ez dut haizeburu edo etxekalte izan nahi, orain arte euskal kulturaren alde eginiko lana eskertuz betiere, umiltasun handiz, agintaritza-makila dutenei aldaba joka natorkie erlijioa bere-berean utz dezaten eskatuz.
Iturria: www.berria.eus