2015-09-09
Gotzainak, familiak, parrokiak eta konbentuak deitu ditu, ekimenean parte hartu dezaten
Arantzazuko Amaren egunean ospatu duen Meza Santuan, Donostiako gotzainak Siria eta Irakeko errefuxiatuak artatu eta laguntzeko martxan jarritako ekimenaren berri eman du.
Datozen egunetan zehaztuko diren neurriak, hauek dira:
a) Iraketik eta Siriatik babes politiko eske datozenak onartzeko aukera eta prestasuna duten familia, parrokia eta erlijioso-elkarteei zuzentzen diegu deia.
b) Errefuxiatuei eginiko harrera urte beterako izango litzateke, CARITAS egingo delarik gero toki berria aurkitzearen eta beraien beharren kargu.
c) Urte horretan zehar harrera egiten duten familiek CARITASen bide-laguntza izango dute behar dutenerako.
d) Zerbitzu hau eskaintzeko prest dauden familiek eta elkarteek beren parrokoarengana jo behar dute, eta haiek Donostiako CARITASen zerbitzuekin harremanetan jarriko dira, beharrezko koordinazioa bideratzeko.
e) Harrera-baliabide hauek errefuxiatuen onarpena koordinatzeko ardura duten erakunde ofizialen eskura jarriko ditu Eliza Katolikoak.
Esandakoaz gainera, On Jose Ignaziok mendebaldeko Estautei deia zabaldu die, hainbeste errefuxiatu eragiten ari diren gatazkei amaiera jar diezaieten: «nazioartekoa den krisi honetan, gure eginkizun morala ez da iheslari hauek onartu eta ostatu ematearekin bukatzen; izan ere, migrazio jendetsu honen jatorrian gatazka armatua dago, eta handia da horri irtenbidea aurkitzeko dugun erantzukizuna. Europara datozen Siriako eta Irakeko errefuxiatu hauek eskubide dute beren lurraldean bizitzeko, Estatu Islamiko delakoak bota egin baititu beren etxetik. Estatu Batuek eta Europak Erdialdeko Ekialdean izandako jarduera nahasiek -bereziki 2003an Irakeko gerrate hartan izandakoak- sustrairik gabeko estatuen sorrera izan dute ondorio, eta horietan aurkitu du fundamentalismo islamikoak hazteko lurrik onena», esan du gotzainak. Eta gaineratu du, «Arrisku larrian aurkitzen da kristautasuna Erdialdeko Ekialdean bizirik iraun ahal izateko; eta ez dugu ahaztu behar, ia bi mila urtetan bizi izan diren kristau-elkarteak direla».
Ildo honetatik, Antiokia, Alexandria eta Jerusalemgo Patriarka greko-melkitak -Erdialdeko Ekialdeko agintaririk handienetakoak, alegia- egindako deiarekin bat egin eta nazioarteko elkarteari errefuxiatuak onartze hutsarekin konformatu ez dadin, baizik eta gatazka hau sustraitik gelditzen ere inplika dadila eskatu dio.
Bukatzeko, On Jose Ignaziok elkarren arteko solidaritzak bereizkeriarik egiten ez duela azpimarratu du, ez erlijioari ez eta jatorri etnikoari begiratuz. Baina Elizak lurralde haietako kristauekiko ardura berezia izango duela gaineratu du: «hain zuzen, kristauak dira hango txikizioaren lehentasunezko helburua».
On Jose Ignazioren aburuz, laste reman ahal izango dira Elizbarrutitik errefuxiatuak laguntzeko martxan jarriko diren ekimen zehatzen berri.
Iturria: www.elizagipuzkoa.org