Zeruratze edo Jasokundearen dogmak Jainkoak Bere Ama Maria gorputz eta arima zerura jaso zuela irakasten digu. Jai hau abuztuaren 15ean ospatzen da (hortik Abuztuko Ama Birjina deitzea ere) eta Andre Mariaren jaietan handiena da.
Dogma hau Pio XII. Aita Santuak ezarri zuen 1950eko azaroak 1, Munificentisimus Deus Konstituzioan:
«Jainkoari eskakizun ugari zuzendu eta Egiaren Espirituaren argia eskatu ondoren, Ama Birjinari onginahi berezia eskeini zion Jainko ahalguztidunaren aintzarako; mendeen Errege hilezkor eta pekatu eta heriotzaren garaile den bere Semearen ohorez; Ama agurgarri Beraren aintza handitzeko eta Elizaren poz eta alaitasunerako, Jesukristo gure Jaunaren autoritatearekin, Pedro eta Pablo apostolu dohatsuenarekin eta geurearekin, Sortzez Garbia eta beti Birjina den Jainkoaren Ama Maria, lurreko bizitza bukatuta, zeruko aintzara gorputz eta arima jasoa izan zela Jainkoak errebelaturiko dogma dela adierazi, aitortu eta finkatzen dugu».
Baina, zergatik ote da hain garrantzitsua katolikoek Ama Birjinaren Zeruratzearen Dogma oroitzea eta mirestea? Eliza Katolikoaren Ikasbideak honela erantzuten du:
«Andre Mariaren Zeruratzea bere Semearen Piztueran parte hartze berezi bat da eta baita gainontzeko kristauen piztueraren aurrerapen bat ere» (#966).
Jasokundeak Hirugarren Mila Urteko gizakiontzako daukan garrantzia Kristoren Piztuera eta geure piztueraren arteko harremanan datza. Mariaren presentzia, gure arrazako emakumea, gu bezalako gizakia, jada Zeruan gorputz eta arima lorifikatua dagoena, horixe da: geure piztueraren aurrerapen bat.
Are gehiago, Mariaren gorputz arimazko Zeruratzea gure fede katolikoaren dogma bat da, Pio XII.ak espreski finkatu zuena «ex-cathedra» mintzatuz. Eta zer da Dogma bat? Laburbilduz, Dogma fedearen egi bat da, Jainkoak agerturikoa (Eskritura Santuan edo Tradizioan dagoena), eta gainera Elizak Jainkoak benetan agerturikoa bezala proposatzen duena.
Kasu honetan Aita Santuak «ex-cathedra» hitz egiten duela esaten da, hau da, Kristoren Bikario eta Elizaren Ageriko Burua bezala, Fedearen Maisu Gorena bezala daukan autoritatea erabiliz hitz egiten duela edo zerbait finkatzen duela fededun guztiek derrigorrez sinets dezaten.
Elizaren Ikasbideak (#966) honela azaltzen digu Lumen Gentium 59 aipatuz, aldi berean Dogmaren Adierazpenaren Bula aipatzen duelarik: «Azkenik, Ama Birjina Sortzez Garbia, jatorrizko pekatuaren orbanez libre gordeta, lurreko bizitza bukatuta, Zeruko aintzara jaso eta Unibertsoaren Erregina bezala Jaunaren Tronura igoa izan zen, jaunen Jauna eta pekatu eta heriotzaren garaile den bere Semearekin osorik bat egiteko».
Eta Juan Pablo II. Aita Santuak, Jasokundeari buruzko katekesi batean, honela azaltzen du gai bera:
«Zeruratzearen dogmak Mariaren gorputza heriotzaren ondoren lorifikatua izan zela baieztatzen du. Hala da, gainontzeko gizakientzat gorputzen piztuera munduaren amaieran gertatuko den bitartean, Mariarentzat pribilegio berezi batengatik bere gorputzaren lorifikatzea aurreratu zen» (JP II, 97-uztaila-2).
«Ama Birjinaren Zeruratzearen misterioa ikusiz gero, Jainkoaren Probidentziak gizateriarentzako daukan plana uler daiteke: Kristo Haragiztatutako Hitzaren ondoren, Maria da ideal eskatologikoa gauzatzen duen lehenbiziko gizakia, gorputzen piztueraren bidez aukeratutakoei agindutako zoriontasun osoa aurreratuz» (JP II, Audientzia Orokorra, 97-uztaila-9).
Honela jarraitzen du Aita Santuak: «Maria Txit Santuak «Jainkoaren Hitza entzun eta betetzen dutenen» (Lk. 11, 28) azkeneko destinoa agertzen digu. Begirada zeru-goietara zuzentzen laguntzen digu, Kristo Aitaren eskuinaldean jarririk dagoen tokira, Nazareteko mirabe apala dagoen tokira, zeruko aintzan jada» (JP II, 97-abuztua-15).
Gaurko gizon-emakumeak heriotzaren enigmari begira bizi gara. Modu desberdinez bideratu arren, norberaren kultura eta sinismenen arabera, gure pentsamenduan sahiestu arren, lurreko gure egunak nola edo hala luzatzen saiatu arren, denok Kristok agindu zigun etorkizuneko piztuerak ematen duen hilezkortasun esperantza seguruaren behar handia daukagu.
Mesede handia egingo lioke kristau askori Mariaren Zeruratzeari buruzko misterio honi buruz gehiago entzun eta irakurtzea, oso gertutik eragiten baitigu. Zer dela eta sartu da gure artean berraragiztatzearen mito paganoa? Ongi pentsatuz gero, gure kristau fedearekin bat ez datozen ideia hauek guk beste bizitzarekin, eskatologiarekin, azkeneko errealitateekin zerikusia daukaten misterioak -Jasokundearena bezala- ahaztu ahala sartzen joan dira.
Zeruratzearen misterioak daramagun bizitza asaldatuan geldiune bat egitera gonbidatzen digu, gure bizitzaren zentzuaren inguruan pentsa dezagun: Betiereko Bizitza, Trinitate Txit Santuarekin bat, Ama Birjina Guztiz Santuarekin eta Zeruko Aingeru eta Santuekin. Maria dagoeneko gorputz eta arima Zeruan lorifikatua dagoela jakiteak, Jainkoaren borondatea egiten dutenei agindu zaigun bezala, etorkizuneko hilezkortasuna eta betiereko zoriontasunarenganako esperantza berritzen digu.
Aciprensatik egokitua
Gehiago irakurri:
Recursos de la Asunción de la Virgen María
Zure baimenarekin Erlijioa Bizin zintziikatuko dut.
Pingback: GAZTE NAFARREN ERROMA ETA ASISEKO ERROMESALDIA ARRAKASTATSUA IZAN DA | RELIGIÓN EN NAVARRA – ERLIJIOA NAFARROAN
Pingback: JUAN ANTONIO AZNAREZ GOTZAI LAGUNTZAILE BERRIAREN APEZPIKUGINTZA | RELIGIÓN EN NAVARRA – ERLIJIOA NAFARROAN
Pingback: ASMAKIZUNETIK USADIORA | RELIGIÓN EN NAVARRA – ERLIJIOA NAFARROAN
Pingback: Andre Mariaren Zeruratzea. | Erlijioabizi.com