Astelehenean aurrematrikulazio epea irekiko da gure Elkarteko ikastetxeetan eta erlijio ikasgaia aldarrikatzeko unea dugu, egoera ez bait da samurra. Gatz pixka bat jarri eta Andoni izeneko nerabearen eta Benito, haren aitaren arteko elkarrizketari ekingo diogu:
– Aita, zertan ari zara ordenagailuan?
– Ba, aurten, dirudienez, Internet bidez egin dezakegu datorren ikasturterako aurrematrikulazioa eta hain juxtu zurearekin ari naiz. Hara, Andoni, erlijio ikasgaia aukeratuko ote dugun galdetzen didate.
– Ez dakit merezi duen, aita. Nire erlijio klaseko batzuek diotenez, datorren ikasturtean utziko diote. Izatez eskolan erlijioaren kontrako kartelak azaldu dira: “Eskola laikoaren alde, erlijioa ikasgeletatik kanpo” diote!
– Zera diotsut Andoni, ni ere eskola publiko laikoaren aldekoa naiz, baina ez diot inori utziko niri ziria sartzen. “Eskola laikoa”-ren esanahaia oso argia da, hartan sinismen guztiak errespetatzen dira, eta ez dugu zertan gureari uko egin behar. Zerikusirik ez du “eskola laikoak”, “erlijiorik gabeko eskolarekin”. Gurasook, gure seme-alabak familian ditugun balioen araberako hezkuntza jasotzeko eskubidea daukagu eta ez dugu zertan unean uneko politikoen ideologiaren baldintzapean ibili behar.
– Kontrakorik ez dizut esaten, aita… Baina izan kontuan nik urte askotan ikasi dudala erlijioa eta niri aburuz nahikoa badakit…
– Oker zabiltza, Andoni, gaur mundu orok uste du erlijioaz mintzatzeko gai dela… Ezjakintasunaren gehiegizko adorea! Eta oso erraz hitzegiten dugu ez dakigunaz… Ni ez naiz eredu, erlijioan jantziegia ere ez nagoelako, baina zuk, hezitzeko ematen zaizun aukera ondo probestea nahi nuke. Egun behar-beharrezkoa da kristau fedearen aurka eta kristautasunaren historiaren kontra, “kondaira beltza” moduan zabaltzen diren hainbat eta hainbat zurrunbilo eta zurrumurruri aurre egiteko prestu izatea. Bestela, berandu baino lehen, gure fedeaz lotsatuko gara.
– Bai baina… Haur eta Lehen hezkuntan erlijioa ikasten genuenok talde ederra osatzen genuen; baina orain, egingo nuke apostu, ‘lau katu’ baino ez garela geldituko…
– Ohitzen joan beharko duzu ba, Andoni…Agintzen dizut ni ere maiz gelditzen naizela ‘bakarrik’, bulegoan moralaz edo erlijioaz aritzen garenean. Dakizunez etxe honetan ez gara oso “dohatsuak” eta halere,… niri, lanean, ‘Benito hamasei’ ezizena ezarri didate. Ez dute ni irauntzeko esaten baina ez dizut ukatuko sarritan ez dudala gustoko… Eta hobe zenuke zuk ere besteen aurrean zaren moduan azaltzen, konplexuak alde batera utzita!
– Je, je… Ta… zer irudituko litzaieke amona Isabel, ezagutuko balute? Akaso “Isabel, katolikoa” ezizena jarriko liokete!
– Bai, Andoni, Jaunari eskerrak eman behar dizkiogu aiton-amonek eman diguten fedearengatik. Erlijio ikasgaia lagungarri izango duzu gure kulturaren eta historiaren sustraiak ulertu ahal izateko; baina areago, bizitzaren zentzua ulertzeko tresna baliagarria izango zaizu, egungo nahastearen eta erlatibotasunaren aurrean.
– Esan al nizun Ikerri etxean esaten diotena? Hain zuzen, zientzia omen dela etorkizuneko erlijioa eta hobe luketeela eskolan ‘erlijioan hezitu’ baino, ‘zientzilari’ izaten erakutsiko baligute.
– Ikerren gurasoei zera esango nieke nik: ‘zientziarik gabeko erlijioa, hankamotz gelditzen da’ baina halaber, ‘erlijioa aintzat hartzen ez duen zientzia, itsua da’. Zientzia oinarrizkoa da noski, baina ‘kontzientziarik’ ez duen zientziak, gizatasunaren hondamendia dakar. Bestela, galde diezaietela Hiroshima eta Nagasakiko biztanleei… Eta gainera, legeak berak dio erlijioa nahitaez eskaini beharreko ikasgaia dela eskola publikoan eta gurasoen esku dago erlijioa heuren seme-alabentzat aukeratu ala ez. Hartaz, guk ere, Ikerren gurasoek duten eskubide bera dugu aukeratzeko…
– Ondo da, aita, bukatu aurrematrikula betetzen, futbol partida hastera doa eta… Esango al diot amari telebista aurrean afalduko dugula?
– Obsesioa da gero, futbolarekin duzuena! – dio amak egongelara sartu orduko -. Ez da ba hori zuen ‘erlijioa’ izango?!
Honaino antzerkitxoa. Baina fikziotik kanpo, gurasoek, heuren seme-alaben erlijio-baloreak hein handi batean baldintzatuko dituen aukera dute orain esku artean.
Erlijio ikasgaia guraso guztien eskura izatea da gure nahia! Guztiek izan ditezela aske, nahi izanez gero, erlijioa aukeratzeko, inolako bortxa eta mugarik gabe!
(Eskola publikoan erlijioaren ikasgaiaren inguruan gurasoek dituzten eskubideez eta hura aukeratzeko dauden arrazoiez gehiago jakin nahi baduzue, Forum Europan eskaini nuen hitzaldia irakurri edo entzuteko gonbitea egiten dizuet: enticonfio.org/enticonfio052.pdf ).
Iturria: www.elizagipuzkoa.org
Pingback: HAUR HEZKUNTZAKO ETA LEHEN HEZKUNTZAKO AURREINSKRIPZIOA OTSAILAREN AZKENEKO ASTERA ATZERATUKO DA AURTEN | RELIGIÓN EN NAVARRA – ERLIJIOA NAFARROAN