HISTORIAKO LEHENBIZIKO JAIOTZA

Belenen sortutako haurraren oroimena ospatu eta nere begiekin kontenplatu nahi dut bere haur baliezintasunean sufritu zuena, askan nola izan zen etzana eta lasto gainean, idia eta astoaren artean, nola izan zen jarria

Asisko San Frantzisko
Greccion dagoen Santuarioko margoa. Iturria: Vatican News

Historiako lehenbiziko Jaiotza, Aska edo Belena Greccion, 1223an, San Frantzisko Asiskoak jarri zuen. Gertakari hau ezagutu ahal izateko iturri frantziskotarrak ditugu, batik bat San Frantziskoren lehenengo bizitza, Tomas Celanok idatzia. Hala kontatzen digu honek aipatu liburuaren 30. kapituluan:

Eguberri egunean prestatu zuen aska

84. Frantziskoren helburu gorena, bere irrikarik biziena eta asmorik handiena Ebanjelio santua denetan eta beti gordetzea zen. Jesukristo gure Jaunaren doktrina eta pausoak arreta eta tentu handiz, bere gogoaren egarri osoarekin eta bere bihotzaren jaiera guztiarekin jarraitzea, alegia. Maiz hausnartzen zituen bere hitzak eta gogoeta zorrotzez bere egintzak errepasatzen zituen. Hain bizi zituen oroimenean gizakundearen apaltasuna eta nekaldiaren karitatea, ezen ez bitzuen beste deustan pentsatu nahi.

Oroitzeko modukoa da eta baita debozioz ospatzekoa hil baino hiru urte lehenago, Greccio ondoan, Jesukristo gure Jaunaren jaiotegunean egin zuena. Eskualde hartan, Juan izeneko gizon bat bizi zen, ospe onekoa eta bizimodu oraindik hobea zeramana. Frantzisko dohatsuak bereziki maite zuen, aitoren semea eta familia ohoretsukoa izaki odol noblezia mespretxatuz gogo noblezia bilatzen baitzuen. Jaunaren jaioteguna baino hamabost egun lehenago, Frantzisko dohatsuak deitu zuen, sarritan egiten zuen bezala, eta esan zion: «Jaunaren jai hau Greccion ospa dezagula nahi baduzu, zoaz hara laister eta presta ezazu agudo esango dizudana. Belenen sortutako haurraren oroimena ospatu eta nere begiekin kontenplatu nahi dut bere haur baliezintasunean sufritu zuena, askan nola izan zen etzana eta lasto gainean, idia eta astoaren artean, nola izan zen jarria». Hau aditu bezain laister, gizon on eta leiala bizkor abiatu zen eta esandako lekuan Santuak agindutako guztia prestatu zuen.

85. Eguna iritsi zen, alaitasunak eta pozak zoratzeko eguna. Toki askotako neba-arrebak deitu zituzten; eskualdeko gizon-emakumeek, pozez gainezka, beraien baliabideen arabera, gau hura argitzeko kandelak eta tortxak prestatu zituzten, izan ere, gau hark, bere izar distiratsuaz egun eta urte guztiak argitu baitzituen. Iritsi zen, behingoz, Jainkoaren santua eta, gauza guztiak prest zeudela ikusirik, hauek kontenplatu eta poztu egin zen. Aska prestatu, lastoa ekarri eta idia eta astoa ipintzen dira. Hantxe, sinpletasunak ohorea jaso, pobrezia goratu eta apaltasuna balioesten da eta Greccio Belen berri batean bihurtzen da. Gauak egunak bezain beste argi ematen du, gau gozoa gizaki zein animalientzat. Jendea ailegatu eta, misterio berriaren aurrean, gozamen berriak dastatzen dituzte. Basoak ahotsez hots egiten du eta arkaitzek gorespen-kantuei erantzuten diete. Neba-arrebek Jaunaren gorespenak kantatzen dituzte eta gau osoa poztasun kanten artean igarotzen da. Jainkoaren santua askaren aurrean zutik dago, hasperenka gainezka eginez, debozioz zeharkatuta, gozamen adieraztezinez deseginda. Askaren gainean mezaren erritu handia ospatu eta apezak kontsolamendu berezia dastatzen du.

86. Jainkoaren santuak diakono-jantziak paratu -diakonoa baitzen- eta ozenki ebanjelio santua kantatzen du. Goiko sarietara gonbidatzen ditu danak bere ahots indartsu eta gozoak, argi eta hoskera onekoa. Gero, han dagoen herriari predikatzen dio, eta Errege pobrearen jaiotzaz nola Belen hiri txikiaz mintzatzerakoan eztia darien hitzak esaten ditu. Askotan, Kristo Jesus aipatu nahi izaterakoan, maitasunan piztuta, «Belengo Haurra» esaten dio, eta, «Belen» ahoskatzerakoan, bee egiten duen ardia bezala, ahoa soinuz betetzen zaio; are gehiaho, zaletasun xamurrez. «BelengoHaurra» edo «Jesus» deitzen zuenean, mihia ezpainetatik pasatzen zuen bere ahosabaian hitz horien gozotasuna dastatuko balu bezala.

Ahalguztidunaren dohaiak ugaritzen ziren han; gizon birtutetsu batek ikuskari miragarri bat izaten du. Askan, haur gogogabe bat etzan zegoen; Jainkoaren santua hurbildu eta lozorrotik esnatzen du. Ez da zentzugabea begitazio hau, izan ere, Jesus Haurra, bihotz askoren ahanzturan ehortzita, Frantzisko bere zerbitzariaren bidez, bere graziaz piztu egin baitzen, bere irudia bihotz maiteminduetan zizelatuta geratuz. Gau-beila handia bukatuta, denak pozaren pozez etxera bueltatu ziren.

87. Askan jarritako lastoa gordetzen da, Jaunak bere erruki santua biderkatu zuenez, horren bitartez astoak eta bestelako animaliak senda daitezen. Eta hala gertatu zen: gaitz desberdinak pairatzen zituzten alboko eskualdeko animali asko sendatu zen lasto hau janez. Areago, erditze luze eta mingarriak jasaten dituzten emakumeen gainean lasto pixka bat ipiniz, zorionez umea eukitzen dute. Eta gauza bera sexu bietako pertsonekin: horren bidez gaitz desberdinen sendabidea lortzen dute.

Askaren lekua Jaunaren tenplu bezala sagaratu zen: Frantzisko aita guztiz dohatsuaren ohorez askaren gainean aldare bat eraiki eta eliza bat dedikatu zen, animaliak larratu ziren leku hortan gizakiek behin eta berriz, bere gorputz-arimen osasunerako Jesukristo gure Jaunaren Bildots guztiz garbiaren haragia jan dezaten, honek maitasun handi eta adieraztezinaz bere burua eman baitzigun. Aita eta Espiritu Santurekin batera bizi baita eta Jainko betiereko aintzatsua baita gizaldi eta gizaldietan. Amen. Aleluia. Aleluia.

Esta entrada fue publicada en Euskara / Vascuence, Recursos / Baliabideak y etiquetada , , , . Guarda el enlace permanente.

Deja una respuesta

Introduce tus datos o haz clic en un icono para iniciar sesión:

Logo de WordPress.com

Estás comentando usando tu cuenta de WordPress.com. Salir /  Cambiar )

Imagen de Twitter

Estás comentando usando tu cuenta de Twitter. Salir /  Cambiar )

Foto de Facebook

Estás comentando usando tu cuenta de Facebook. Salir /  Cambiar )

Conectando a %s