AITA BIHOTZEZ, FRANTZISKOREN GUTUN APOSTOLIKOA

AITA BIHOTZEZ

FRANTZISKO AITA SANTUAREN

GUTUN APOSTOLIKOA

SAN JOSE ELIZA UNIBERTSALAREN ZAINDARI

IZENDATZEAREN 150. URTEURRENA DELA ETA

San Jose lotan Aita Santuaren gelan.

Aita bihotzez: honela maitatu zuen Josek Jesus, lau Ebanjelioetan “Joseren semea” deiturikoa»[1].

Bere irudia nabarmendu zuten ebanjelariek, Mateok eta Lukasek, gutxi aipatzen dute, baina bai zer moduko aita zen eta Probidentziak bere gain jarri zuen misioa ulertzeko adina.

Arotz xume bat izan zela badakigu (ik. Mt 13,55), Mariarekin ezkontzeko hitzemana zegoela (ik. Mt 1,18; Lc 1,27); «gizon zuzena» (Mt 1,19), beti legean islatutako Jainkoaren borondatea egiteko prest ( ik. Lk 2,22.27.39) eta izandako lau ametsen bitartez ( ik. Mt 1,20; 2,13.19.22). Nazaretetik Belenerako bidai luze eta gogor baten ondoren, Mesias abere-aska batean jaiotzen ikusi zuen, “ez baitzen haientzat ostatuan tokirik” (Lk 2,7). Artzaien gurtzaren lekuko izan zen (ik. Lk 2,8-20) eta baita Ekialdeko Jakintsuena ere ( ik. Mt 2,1-12), zeinak Israel herria eta herri paganoak ordezkatzen baitzituzten, hurrenez-hurren.

Jesusen aitatasun legala bere gain hartzeko adorea izan zuen, aingeruak errebelaturiko izena jarriz: «zuk Jesus ezarriko diozu izena, berak askatuko baitu bere herria bekatuetatik» (Mt 1,21). Jakina denez, antzinako herrietan pertsona zein gauza bati izena jartzea bere jabetza bereganatzea esan nahi zuen, Hasierako kontakizunean Adanek egin izan zuen bezala (ik. 2,19-20).

Tenpluan, jaiotzaren berrogei egun igaro ondoren, Josek, amarekin batera, Jaunari aurkeztu zion Haurra eta Jesus eta Mariaren inguruan Simeonek botatako profezia harriduraz entzun zuen ( ik. Lk 2,22-35). Jesus Herodesengandik babestearren, atzerritar bezala gelditu zen Egipton (ik. Mt 2,13-18). Bere herrira itzulita, Nazareteko herri txiki eta ezezagunean ezkutatuta bizi izan zen —nondik esaten baitzen: “ez dela inoiz profetarik sortu” eta “ezer onik atera ote daiteke?” (ik. Jn 7,52; 1,46)—, bere jaioterri Belenengandik eta Tenpluaren lekua zen Jerusalenengandik urrun. Jerusalenerako erromesaldi batean, Jesus, hamabi urte zituelarik, galdu izan zutenean, berak eta Mariak larritasunez bilatu eta Tenpluan, lege-maisuekin eztabaidan, aurkitu zuten (ik. Lk 2,41-50).

Jainkoaren Ama Mariaren ondoren, ez dago Aita Santuen Irakaspenetan bere senar Josek bezain beste leku betetzen duen santurik. Nere aurrekoek Ebanjelioen bidez helarazitako datu gutxien mezuan sakondu dute salbamenaren historian daukan funtsezko papera azpimarratzeko: Pío IX. Dohatsuak «Eliza Katolikoaren Zaindari»[2] izendatu zuen, Pío XII. Beneragarriak “Langileen Zaindari” bezala aurkeztu zuen[3] eta Juan Pablo II. Santuak «Erredentorearen Zaindari»[4]. Herriak «Heriotza onaren Zaindari»[5] bezala otoitz egiten dio.

Hau dela eta, Pio IX.ak, 1870eko abenduaren 8an, Elizaren Zaindari bezala izendatzearen ehun eta berrogeitamar urte betetzerakoan, -Jesusek dioen moduan- “ahoak bihotzak gainezka dariona esan dezala” nahiko nuke (ik. Mt 12,34), gure giza izaerarengandik hain gertukoa den irudi aparta honi buruz zenbait hausnarketa pertsonal zuekin partekatzeko. Pandemia hilabete hauen bitartean, desio hau areagotu egin da, hauetan bizi ahal izan baitugu, kolpatzen ari gaituen krisiaren erdian, «gure bizitzak sarri ahaztuak diren pertsona arruntek ehuntzen eta eusten dituztela, egunkari zein aldizkarien azaletan, ezta azkeneko showaren pasabide handitan ere agertzen ez direnak, baina, zalantzarik gabe, gure historiaren gertakari erabakigarriak idazten ari dituztenak: sendagileak, erizainak, supermerkatuetan produktuak berriz betetzeko arduradunak, garbitzaileak, zaintzaileak, garraiolariak, segurtasun indarrak, boluntarioak, apezak, lekaimeak eta inor bakarka salbatzen ez dela ulertu zuten hainbestek eta hainbestek. […] Zenbat jendek pazientzia agertu eta esperantza ematen du egunerokoan, beldurraren ordez erantzunkidetasuna sustatuz. Zenbat gurasok, aitatxi-amatxik, irakaslek, irakasten diete gure haurrei krisiari aurre egiten eta honengandik igarotzen, eguneroko keinu txikien bidez, errutinak berregokituz, begiradak altxatuz eta otoitza bultzatuz. Zenbat pertsona otoitz egiten, eskeintzen eta guztion onuraren alde bitarteko izaten.»[6]. Denek aurki dezakete san Joserengan -oharkabean pasatzen den eta eguneroko presentzia diskretu eta izkutuaren gizona- bitartekari, laguntza eta garai zailetarako gida bat. San Josek oroitarazten digu itxuraz ezkutatuta edo “bigarren lerroan” daudenak salbamenaren historian protagonismo paregabea daukatela. Horiei guztiei eskerron eta miresmen hitz bat zuzentzen diet.

1. Aita maitatua

San Joseren handitasuna Mariaren senar eta Jesusen aita izatean datza. Berez, «inkarnazioaren ekonomia osoaren zerbitzuan sartu zen», Juan Crisostomoren arabera[7].

San Pablo VI.ak ikusten du bere aitatasuna «bere bizitza zerbitzu bat bihurtzean, Inkarnazioaren misterioaren eta honekin bat datorren misio berreroslean aldeko sakrifizioan agertu zela, hain zuzen ere; Familia Sagaratuan zegokion autoritate legala bere buruaren, bizitzaren eta lanaren erabateko dohaintza egiteko erabili izan baitzuen; etxeko maitasunaren giza bokazioa bere buruaren naturaz gaindiko eskeintza bihurtuz, bere bihotza eta maitatzeko gaitasun osoa bere etxean sortutako Mesiasen zerbitzuan jarri baitzuen»[8].

Salbamenaren historian daukan papera dela eta, kristau-herriak beti maitatu izan duen aita da san Jose. Hala frogatzen dute berari mundu osoan zehar eskainitako eliza ugariek; erlijio-institutu, anaiarte eta eliz-talde anitzek bere espiritualtasunean inspirazioa eta bere izena hartzen dutela; eta duela hainbat mende bere ohorez hainbat antzezpen sagaratu ospatzen dela. Santu askok san Joserenganako debozio handia izan zuten, besteak beste, Avilako Teresa, zeinak abokatu eta bitartekari bezala hartu baitzuen, bere burua berari gomendatuz eta eskatzen zizkion grazia guztiak lortuz. Bere esperientzian oinarrituta, santa honek san Joserenganako debozioa sustatzen zuen besteengan[9].

Otoitz liburu guztietan san Joseri zuzendutako otoitz baten bat aurki daiteke. Hala nola, asteazken guztietan eta, batik bat, martxoan zehar, berari eskaini ohi den hilean zehar egiten zaizkion erregu partikularrak[10].

Herriaren konfidantza san Joserengan adierazpen honetan laburbiltzen da: “Ite ad Ioseph”, Egiptoko gosetea aipatzen duena, jendeak faraonari ogia eskatu zion eta berak erantzun: “zoazte Joserengana eta egizue berak esandakoa” (Has 41,55). Josez, Jokoben semeaz, bere anaiek inbiriagatik saldu zutenaz, alegia (ik. Has 37,11-28) ari zen, —Biblia kontakizuna jarraituz— beranduago Egiptoko erregeorde bilakatu zena (ik. Has 41,41-44).

Dabiden ondorengo bezala (ik. Mt 1,16.20), zeinaren erroarengandik, Natan profetak Dabidi egindako aginduaren arabera (ik. 2 Sam 7), Jesus sortu behar baitzen, eta Nazareteko Mariaren senar bezala, san Jose Itun Zaharra eta Berria lotzen dituen atala da.

2. Samurtasunaren aita

Jesus egunez egun “bai jakinduriaz, bai gorputzez” haziz zihoala eta “Jainkoak eta gizakiek gero eta gogokoagoa” zutela ikusi zuen Josek (Lk 2,52). Jaunak Israelekin egin zuen bezala, hala egin zuen berak: “erakutsi zion oinez, besoetan eraman zuen, haurtxoa musuraino jasotzen zuenaren antzeko zen harentzat; makurtu eta jaten ematen zion” (ik. Os 11,3-4).

Jesusek Jainkoaren samurtasuna ikusi zuen Joserengan: “Nola aita seme-alabentzat errukior, hala Jauna begirune diotenentzat errukior” (Sal 103,13).

Sinagogan, Salmoak otoitz egiterakoan, Josek benetan entzungo zuen Israelen Jainkoa Samurtasunaren Jainkoa denaren ohiartzuna [11], guztientzat ona dela eta “gupidaz betea bere sorkari guztientzat” (Sal 145,9).

Salbamenaren historia “itxaropen guztien kontra” gure ahuldadeen bidez sinesten betetzen da (Rm 4,18). Jainkoa soilik gure alde on eta irabazlean oinarritzen dela pentsatzen dugu maiz. Baina, egiaz, bere asmo gehienak gure ahuldadeen bidez eta hauek izanagatik ere gauzatzen dira. Honengatik esaten du San Paulok: “neure burua den baino handiagotzat jo ez dezadan, oinaze bat emana izan zait, haragian sartutako eztena bailitzan, harro ez nadin jo eta jo ari zaidan Satanasen ordezkaria. Hiru aldiz eskatu diot Jaunari ken dezala hori niregandik,  baina berak esan dit: «Nahikoa duzu nire laguntza, nire indarra ahulezian agertzen baita bete-betean» (2 Ko12,7-9).

Hau baldin bada salbamenaren ekonomiaren ikuspuntua, gure ahuldadea samurtasunez onartzen ikasi behar dugu [12].

Deabruak gure hauskortasuna epaiketa ezezkorrez begirarazten digu. Espirituak, berriz, samurtasunez argitara ateratzen du. Samurtasuna guregan hauskorra dena ukitzeko modurik onena da. Besteei zuzentzen diegun hatz seinalatzailea eta epaiketa gure ahuldadea, gure hauskortasuna bera onartzeko ezintasunaren zeinua dira. Samurtasunak bakarrik salbatuko gaitu Salatzailearen obrarengandik (ik. Ap 12,10). Honengatik, garrantzitsua da Jainkoaren Errukiarekin topatzea, batik bat Adiskidetzearen sakramentuan, egia eta samurtasunaren esperientzia bat bizituz. Paradoxikoki, baita Deabruak ere esan diezaguke egia, baina, egitekotan, gu kondenatzeko da. Badakigu, ordea, Jainkoarengandik datorren Egia ez gaituela kondenatzen, gu hartu, besarkatu, eutsi eta barkatu baizik. Egia parabolako Aita errukitsua bezala aurkezten zaigu beti (ik. Lk 15,11-32): bidera irten zaigu, duintasuna bueltatzen digu, zutik jartzen gaitu berriro, eta gurekin ospatu egiten du, “zeren seme hau hilda bainuen eta piztu egin zait, galdua nuen eta aurkitu egin dut” (b. 24).

Joseren estutasunaren bidez, Jainkoaren borondatea, bere historia, bere proiektua pasatzen dira ere. Hala, Josek irakasten digu sinistea Jainkoak baita gure beldur, hauskortasun eta ahuldadeen bidez ere jardun dezakeela sinestea dela. Eta bizitzaren ekaitzen erdian Jainkoari gure txaluparen gidaritza beldur gabe ematen erakusten digu. Batzuetan, kontrolpean izan nahiko genuke dena, baina Berak begirada zabalagoa dauka beti.

Nola egin zuen Jainkoak Mariarekin bere salbamen plana agertzerakoan, hala egin zuen ere Joserekin bere asmoak errebelatzerakoan, eta ametsen bitartez egin zuen, zeintzuk Biblian, antzinako herri guztietan bezala, Jainkoak bere borondatea adierazteko bidetzat baitzeuzkaten[13].

3. Obedientzian Aita

Mariaren ahurdunaldi ulergaitza dela eta oso larrituta zegoen Jose; ez zuen “bera salatu nahi”[14], baina “isilean uztea erabaki zuen” (Mt 1,19). Lehenbiziko ametsean, aingeruak bere arazo larria konpontzen lagundu zion: “ez izan beldurrik Maria zeure emaztetzat hartzeko, harengan sortua Espiritu Santuarengandik baitator. Semea izango du, eta zuk Jesus ezarriko diozu izena, berak askatuko baitu bere herria bekatuetatik” (Mt 1,20-21). Bere erantzuna berehalakoa izan zen: “Esnatzean, Jaunaren aingeruak agindua egin zuen Josek” (Mt 1,24). Obedientziaz bere drama gainditu eta Maria salbatu zuen.

Bigarren ametsean aingeruak zera agindu zion Joseri: «Jaiki, hartu haurra eta ama, eta zoaz ihesi Egiptora. Egon han nik esan arte, haurraren bila ibiliko baita Herodes, hilarazteko» (Mt 2,13). Josek zalantza izpirik gabe obeditu zuen, aurki zitzakeen zailtasunak begiratu gabe: «Hartu zituen, beraz, Josek haurra eta ama gauez, eta Egiptora alde egin zuen. Han bizi izan zen, Herodes hil arte» (Mt 2,14-15).

Egipton, bere herrira itzultzeko aingeruak agindutako abisua konfidantza eta pazientziaz itxaron izan zuen. Eta hirugarren amets batetan, Jainkoaren mezulariak, haurra hil nahian zebiltzanak hilak zirela jakinarazi ondoren, jaikitzeko eta haurra eta ama hartuz Israelera joateko agindu zion (ik. Mt 2,19-20). Berak beste behin ere zalantzarik gabe obeditu zuen: «Hartu zituen Josek haurra eta ama, eta Israelera joan zen» (Mt 2,21).

Baina bueltatzeko bidean, «jakin zuen Herodesen ordez honen seme Arkelao zegoela Judean errege, eta beldurra sartu zitzaion hara joateko. Eta, ametsetan adierazi zitzaiolarik, Galileara jo zuen, eta Nazaret izeneko herrian jarri zen bizitzen» (Mt 2,22-23).

Lukasek, bere aldetik, Nazaret herritik Belenerako bide luze eta deserosoari ekin ziola kontatu zuen, errolda egiteko Augusto enperadorearen legea betez, bere jatorrizko herrian erroldatzeko. Eta egoera honetan hain zuzen, jaio zen Jesus eta, gainontzeko haur guztiak bezala, Inperioaren Erroldan erregistratuta izan zen, (ik. Lk 2,1-7).

San Lukasek, bereziki, Jesusen gurasoek legearen agindu guztiak betetzen zituztela nabarmentzeko ardura izan zuen: Jesusen erdaintzaren errituak, Mariaren erditzearen ondoko garbikuntzarenak, Jainkoaren aurrean lehensemearen aurkezpenarena (ik. 2,21-24)[15].

Bere bizitzako egoera bakoitzean, Josek bere “fiat” esaten jakin izan zuen, Mariak Deikundean eta Jesusek Getsemanin egin zuten antzera.

Josek, bere familiaburu papera jarraituz, Jesusi bere gurasoen menpeko izaten irakatsi zion, Jainkoaren aginduak dioen bezala (ik. Ir 20,12).

Nazareteko bizitza ezkutatuan, Joseren gidaritzapean, Aitaren borondatea egiten ikasi zuen Jesusek. Borondate hau bere eguneroko janaria bilakatu zen (ik. Jn 4,34). Baita gehiago ere, bizitzako unerik latzenean, Getsemanin, alegia, Aitaren borondatea egitea eta ez berea egitea hobetsi izan zuen [16] eta «heriotzaraino menpeko” egin zen, “gurutzean hiltzeraino” (Flp 2,8). Horregatik, Hebrearrei Gutunaren idazleak Jesus “oinazearen oinazez obeditzen” ikasi zuela esanez bukatzen du (5,8).

Gertaera hauek guztiek agertzen dute Jose “bere aitatasunaren jardueraren bidez Jesusen misioa zuzenean zerbitzatzeko deitu izan duela Jainkoak; modu honetan, denboraren betekizunean, erredentzioaren misterio handian elkarlanean aritzen da eta, egiaz, “salbamenaren zerbitzari” da [17].

4. Harreran Aita

Aldez aurreko trabarik gabe hartu zuen Josek Maria. Aingeruaren hitzetan konfidantza izan zuen. «Bere bihotzaren zintzotasunak legez ikasitakoa karitatearen menpe jarrerazten dio; eta gaur egun, emakumearen gaineko biolentzia psikologikoa, hitzezkoa nola fisikoa agerikoa den mundu honetan, Jose gizon adeitsu eta xaloaren irudi bezala aurkezten da, informazio osoa izan gabe ere, Mariaren ospe, duintasun eta biziaren aldeko erabakia egiten duena. Eta, onena nola egiteko zalantzan, Jainkoak bere judizioa argituz lagundu zion»[18].

Gure bizitzan, ulertzen ez ditugun gauzak gertatzen dira sarri. Gure lehenbiziko erantzuna askotan etsipena eta errebeldia dira. Josek bere argudioak alde batera uzten ditu, gertatzen denari bide emateko eta, oso misteriotsua iruditzeagatik ere, berak harrera ematen dio, erantzunkizuna hartuz eta bere historiarekin adiskidetuz. Gure historiarekin adiskidetu ezean, ezin izango dugu hurrengo pausoa eman ere, gure itxaropenek eta hauei dagozkien etsipenek hartuta izango garelako beti.

Joseren bizitza espiritualak ez digu esplikatzen duen bide bat aurkezten, harrera ematen duen bide bat baizik. Harrera eta adiskidetze honetatik abiatuta soilik, historia handiago bat, esanahi handiago bat suma daiteke. Joben hitz sutsuen ohiartzuna entzun daitekeela dirudi, emazteak gaitz guztiengatik errebelatzeko gonbitearen aurrean erantzun baitzuen: «Zoriona Jaunaren dohaintzat hartzen dugu. Eta zoritxarra, zergatik ez?» (Jb 2,10).

Jose ez da pasibotasunez etsiak hartzen duen gizona. Protagonista adoretsua eta indartsua da. Harreren bidez, Espiritu Santuarengandik datorkigun ausardiaren doaia agertzen zaigu bizitzan. Jaunak bakarrik eman diezaguke bizitza den bezalakoa onartzeko indarra, existentziaren alde kontraesankor, ezusteko eta etsigarriarri horri lekua egiteko ere.

Jesusen etorrera gure erdira Aitaren opari bat da, norbera bere historiaren haragiarekin adiskidetu ahal dadin, hauxe erabat ez ulertu arren.

Jainkoak gure santuari esan zion bezala: «Jose, Daviden ondorengo, ez izan beldurrik» (Mt 1,20), guri hala errepikatzen digula dirudi: “Ez izan beldurrik!”. Gure amorru eta desengainua alderatu eta -etsipen mundutarrik gabe eta esperantzaz beteriko indarrez- guk aukeratu gabe hor dagoenari lekua egin behar diogu. Bizitzari modu honetan harrera emateak esanahi ezkutu batean sartzen gaitu. Gutariko bakoitzaren bizitza mirakuluz berriro has daiteke, Ebanjelioak esaten digunaren arabera bizitzeko ausardia aurkitzen badugu. Eta ez du inporta orain guztiak bide oker bat hartu duela ematen badu eta zenbait arazo konponezinak baldin badira. Jainkoak arroken artean arrosak sorrarazi ditzake. Gure kontzientziak zerbaitengatik kondenatzen bagaitu ere, Bera «gure kontzientziaren gainetik dago eta dena ezagutzen du» (1 Jn 3,20).

Beste behin, izaterik ukatzen ez duen kristau-errealismoa bueltatzen da. Errealitatea, bere menderaezintasun eta konplexutasun misteriotsuan, existentziaren zentzu bat dakar bere argi eta ilunekin. Honek zera esatera eramaten du San Paulo: « Badakigu Jainkoak bera maite dutenen onerako bideratzen dituela gauza guztiak» (Rm 8,28). San Agustinek hau eransten du: «baita gaitza deitzen duguna ere (etiam illud quod malum dicitur)»[19]. Ikuspegi orokor honetan, fedeak gertakari -zoriontsu ala triste- bakoitzari zentzua ematen dio.

Hortaz, ez dugu pentsatzen sinestea kontsolatzeko konponbide errazak aurkitzea dela. Aitzitik, Kristok irakatsi zigun fedea san Joserengan ikusi genuena da: ez zuen lasterbiderik bilatu, baizik eta “begiak irekita” gertatzen zenari aurre egin zion, erantzunkizuna lehenbiziko pertsonan hartuz.

San Joseren harrerak besteei, diren moduan, ahuleei lehentasuna emanez, harrera ematera gonbidatzen gaitu, Jainkoak ahula dena aukeratzen baitu (ik. 1 Ko 1,27), «umezurtzen aita, alargunen defendatzaile da Jainkoa» (Sal 68,6) eta etorkina maitatzen agintzen digu[20]. Jesusek seme galduaren eta aita errukitsuaren paraboletarako adibidea Joseren jarrerengandik hartu zituela imajinatu nahi dut (ik. Lk 15,11-32).

5. Ausardia sortzailearen aita

Barne sendaketa ororen lehen etapa nor bere historia onartzea baldin bada, hau da, guregan gure bizitzan aukeratu ez dugunari ere lekua egitea, beste ezaugarri garrantzitsu bat gaineratu behar dugu: sormen-ausardia. Zailtasunak aurkitzerakoan agertzen da hau, bereziki. Berez, arazo bati aurre egiterakoan, gelditu eta besoak jeitsi ditzakegu ala, nola edo hala moldatzeko, bideren bat aurki dezakegu. Zenbaitetan, zailtasunak dira, batik bat, guregandik ezagutu ere ez genituen baliabideak ateratzen dituztenak.

Askotan, “haurtzaroko Ebanjelioak” irakurtzen, geure buruari galdetzen diogu zergatik ez ote zuen Jainkoak zuzenean eta argi eta garbi esku hartu. Baina gertaera eta pertsonen bidez jokatzen du Jainkoak. Joseren bidez, Jainkoak erredentzioaren historiaren hastapenez arduratu zen. Bera zen egiazko “mirakulua”, zeinaren bidez Jainkoak Haurra eta bere ama salbatu baitzituen. Zeruak eskua hartu zuen gizon honen sormen-ausardiaz fidatuz, Belenera ailegatzerakoan eta Mariak erditzeko lekurik ez aurkitzean, ukuilu batean jarri eta mundura etortzekoa zen Jainkoaren Semearentzat erosoena bihurtu arte moldatu zuena (ik. Lk 2,6-7). Herodesen arriskua hurbil zegoenean -Haurra hil nahi zuen- Jose amets batetan babesteko abisua jaso eta gauaren erdian, Egpitorako ihesa antolatu zuen (ik. Mt 2,13-14).

Kontaera hauek azaletik irakurriz gero, mundua indartsuen eta boteretsuen mende dagoela iruditzen zaigu beti. Baina Ebanjelioaren “berri ona” zera da, lurreko agintarien harrokeria eta indarkeria gorabehera, Jainkoak bere salbazio-plana betetzeko beti bide bat aurkitzen duela erakustea. Gure bizitza ere, batzuetan, indar gorenen esku dagoela dirudi, baina Ebanjelioak esaten digu Jainkoak beti lortzen duela garrantzitsua dena salbatzea, baldintza batekin: Nazareteko arotzaren ausardia sortzailea izatea, arazo bat aukera bihurtzen zekiena, beti Probidentziarekiko konfiantza lehenetsiz.

Noizean behin, Jainkoak laguntzen ez digula eman arren, ez du esan nahi bakarrik utzi gaituela, gurekin fidatzen dela baizik, guk egin, asmatu edo aurki dezakegunarekin, alegia.

Elbarriaren lagunaren ausardia sortzailea bera da. Izan ere, Jesusen aurrean aurkezteko, teilatutik jeitsi baitzuten (ik. Lk 5,17-26). Zailtasunak ez zituen lagun horien ausardia eta burugogorkeria gelditu. Beraiek sinetsita zeuden Jesusek gaixoa senda zezakeela eta «jendetzagatik ez baitzuten nondik sartu aurkitzen, teilatura igo eta, teilak kendurik, ohatila eta guzti jaitsi zuten erdi-erdira, Jesusen aurrera. Honek, lagun haien sinesmena ikusirik, esan zuen: –Gizona, barkatuak dituzu bekatuak!» (bb. 19-20). Jesusek beraien lagun gaixoa ekartzeko gizon horiek izan zuten fede sortzailea aitortu zuen.

Ebanjelioak ez du Maria, Jose eta Haurrak Egipton igarotako denborari buruz informaziorik ematen. Egia da, hala ere, jateko, etxe bat, lan bat aurkitzeko beharra izango zutela. Ez da imajinazio handirik behar honi buruz Ebanjelioak gordetzen duen isiltasuna betetzeko. Familia Sagaratuak gainontzeko familien modura, arazo konkretuei aurre egingo zien, gaur egun ere zorigaiztoek eta goseak bultzatuta bizia arriskatzen duten gure anai-arreba migratzaile askok bezala. Honi dagokionez, benetan uste dut san Jose bere herria gerra, gorrotoa, jazarpena eta miseria direla eta utzi behar duten guztien zaindari berezi bat dela.

San Jose protagonistatzat duen kontaera bakoitzaren bukaeran, Ebanjelioak seinalatzen du bera jaiki, Haurra eta bere ama hartu eta Jainkoak agindutakoa egin zuela (ik. Mt 1,24; 2,14.21). Egitan, Jesus eta Maria, bere ama, gure fedearen altxorrik preziatuenak dira.[21].

Salbazio-planan, ezin da Semea Amarengandik banatu, izan ere, “aurrera egin zuen Birjina guztiz santuak fede-bidean, eta Semearekiko bere batasunari zintzoki eutsi zion gurutzeraino” [22].

Geure buruari Jesus eta Maria indar guztiekin babestean ari al ditugun galdetu behar diogu beti, gure erantzunkizun, ardura eta zaintzaren eskuetan misteriotsuki utzita baitaude. Ahalguztidunaren Semeak ahuldade handi bat onartuz etorri zen mundura. Joseren beharra dauka defendatua, babestua, zaindua eta hazitua izateko. Jainkoak gizon honengan uste osoa dauka eta Mariak beste horrenbeste, Joserengan bizitza salbatu nahi diona ez ezezik, baita bera eta Haurraz arduratuko dena aurkitzen du ere. Honela, san Josek ezin dio Elizaren Zaindari izateari utzi, izan ere, Eliza Kristoren Gorputzaren luzapena da historian eta, aldi berean, Elizaren amatasunarengan Mariaren amatasuna agertzen da.[23]. Josek, Eliza babesten jarraitzearekin batera, Haurra eta bere ama gordetzen jarraitzen ditu, eta baita gu ere, Eliza maitatuz, Haurra eta bere ama maitatzen jarraitzen dugu.

Haur honek zera esango du: “Benetan diotsuet: Nire seniderik txikien hauetako edozeini egin zeniotena, neuri egin zenidaten” (Mt 25,40). Hala, behartsu, pobre, nahigabetu, hilzorian dagoen, atzerritar, preso, gaixo bakoitza Josek zaintzen jarraitzen duen “Haurra” da. Hau dela eta, san Joseri pobre, erbesteratu, atsekabetuen, behartsu eta hil zorian daudenen zaindari bezala otoitz egiten zaio. Eta horregatik Elizak ezin dio txikienak maitatzeari utzi, Jesusek beraiengan jarri baitu lehentasuna, beraiekin pertsonalki bat egiten du. Joserengandik ardura eta erantzunkizun bera ikasi behar dugu: Haurra eta bere ama maitatu; sakramentuak eta karitatea maitatu; Eliza eta pobreak maitatu. Errealitate hauetako bakoitzean Haurra eta bere ama daude beti.

6. Aita langilea

Leon XIII.aren Rerum Novarum lehenbiziko entziklika sozialaren garaietatik, san Jose ezaugarritzen duen alderdi bat lanarekiko harremana da. San Jose bere familiaren mantenua ziurtatzeko zintzoki lan egiten zuen arotz bat zen. Berarengandik ikasi zuen Jesusek norberaren lanaren fruitua den ogia jateak daukan balioa, duintasuna, alaitasuna eta esanahia.

Hainbat hamarkadetan zehar, nolabaiteko ongizatea esperimentatu duten herrialdeetan ere, lana gizarte afera larria den eta langabeziak tasa izugarriak lortzen dituen honetan, bere biziko garrantzia dauka duintasuna emate duen eta gure santua zaindari eredugarritzat daukan lanaren esanahia ulertzea.

Lana salbazioaren obran bertan parte hartzea bihurtzen da, Erreinuaren etorrera bizkortzeko, norberaren ahalmenak eta ezaugarriak garatzeko eta gizartearen eta elkartasunaren zerbitzura jartzeko aukera. Lana norberaren garapenaren aukera izateaz ez ezik, gizartearen erdigune berezia den familiarena da batez ere. Lanik gabeko familia batek zailtasun, tentsio, apurketa eta baita desegitearen tentaldi eramangaitz eta etsigarria izateko arrisku handiagoa dauka. Nola hitz egin dezakegu giza duintasunaz, guztiok euskarri duin bat izateko aukera izateko konpromisoa hartu gabe?

Lan egiten duen pertsona, bere zeregina edozein dela ere, Jainkoari berari laguntzen dio, inguratzen gaituen munduaren sortzaile bihurtzen da pixka bat. Gure garaiko krisia krisi ekonomiko, sozial, kultural eta espirituala da, eta denontzat izan daiteke lanaren esanahia, garrantzia eta beharra berraurkitzeko deia, inor baztertuta geratuko ez den “normaltasun” berri bat sortzeko. San Joseren lanak gogorarazten digu haragitutako Jainkoak berak ez duela lana arbuiatzen. Hainbeste anai-arrebei eragiten dien lan-galerak, Covid-19ren pandemiaren ondorioz azken aldian areagotu denak, gure lehentasunak berrikustera deitu behar gaitu. Erregutu diezaiogun San Jose Langileari bide hauek aurkitzeko: gazte bat bera ere ez, pertsona bat ere ez, familia bat ere ez lanik gabe!

7. Aita itzalean

Jan Dobraczynskik, idazle poloniarrak, Aitaren itzala [24], bere liburuan, san Joseren bizitza nobelatu zuen. Itzalaren irudi oroitarazlearekin definitzen du Jose, Jesusentzat lurran Aita zerutarraren itzala dena: laguntza eman, babestu, bere pausoak jarraitzeko ez du inoiz ere bere aldamenetik alde egiten. Moisesek Israeli gogorarazten dionarengan pentsa dezagun: «basamortuan ere ikusi ahal izan duzue nola Jaunak zeuen Jainkoak, aitak bere haurra bezala, ekarri zaituzten honaino bide guztian zehar» (Dt 1,31). Hala gauzatu zuen Josek aitatasuna bere bizitza osoan zehar[25].

Inor ez da aita jaiotzen, egin egiten da. Eta ez da egiten bakarrik seme bat mundura ekartzeagatik, baizik eta arduratsuki bere gain hartzeagatik. Norbaitek beste baten bizitzaren erantzukizuna bere gain hartzen duen bakoitzean, nolabaiteko zentzuan harekiko aitatasuna gauzatzen du.

Gure garaiko gizartean, haurrek aitarik ez dutela ematen du maiz. Gaur egungo Elizak aitak behar ditu ere. San Paulok Korintoarrei zuzentzen dien ohartarazpena aproposa da beti: «Kristau bezala baduzue irakasle franko, ez ordea aitarik asko» (1 Ko 4,15); eta apez eta gotzai bakoitzak Apostoluak bezala esan ahal izan beharko luke: «kristau bezala nik sortu zintuztedan berri onaren bidez» (ibíd.). Eta Galaziarrei zera esaten die: «Ene seme-alabok, erdiminetan nago berriro ere zuengatik, Kristo zuengan erabat moldatu arte» (4,19).

Aita izateak haurra bizitzaren esperientzian, errealitatean, sartzea esan nahi du. Ez ordea atxikitzeko, ez espetxeratzeko, ez edukitzeko, baizik eta aukeratzeko, aske izateko eta irteteko gai izateko. Akaso arrazoi honengatik, tradizioak aita ezizenaz gain, Joseri “guztiz garbia” jarri izan dio. Ez da adierazpen afektibo hutsa, edukitzearen kontrakoa adierazten duen jarreraren sintesia baizik. Kastitatea libre izatean datza bizitzako arlo guztietan eduki nahi izatetik. Maitasuna garbia denean soilik da egiazko maitasuna. Izan nahi duen maitasuna, azkenean, beti bihurtzen da arriskutsu, estutzen du, itotzen du, zorigaiztoko bihurtzen du. Jainkoak berak maite izan zuen gizona maitasun kastoz, eta libre utzi zuen huts egiteko eta haren kontra jartzeko ere. Maitasunaren logika, askatasun logika bat da beti, eta Josek guztiz libreki maitatzeko gauza izan zen. Ez zen inoiz erdian jarri. Jakin zuen nola erdian ez jarri, Maria eta Jesus bere bizitzaren erdigunean jartzeko.

Joseren zoriona ez dago norberaren sakrifizioaren logikan, bere buruaren dohainean baizik. Gizon horrengan ez da inoiz frustrazioa hautematen, konfiantza baizik. Haren isiltasun iraunkorrak ez du kexurik jasotzen, konfiantzazko keinu zehatzik baizik. Munduak gurasoak behar ditu, nagusiak baztertzen ditu, hau da: bestearen jabetza bere hutsunea betetzeko erabili nahi dutenak baztertzen ditu; autoritatea autoritarismoarekin nahasten dutenak baztertzen ditu, zerbitzua morrontzarekin, konfrontazioa zapalkuntzarekin, karitatea asistentzialismoarekin, indarra suntsipenarekin. Egiazko bokazio oro bere buruaren dohainetik sortzen da, sakrifizio soilaren heldutasunetik. Apezgoan eta bizitza sagaratuan ere heldutasun mota hau behar da. Bokazio bat, dela ezkontzako bizitzan, dela zelibean, dela birjinalean, bere buruaren ematearen heldutasunera iristen ez denean sakrifizioaren logikan bakarrik geldituz, orduan, maitasunaren edertasunaren eta pozaren zeinu bihurtu beharrean, zorigaitza, tristura eta frustrazioa adierazteko arriskua dago.

Seme-alaben bizitza bizitzeko tentazioari uko egiten dion aitatasuna espazio berrietara irekita dago beti. Haur bakoitzak misterio bat darama beti bere baitan, inoiz ez bezalakoa, bere askatasuna errespetatzen duen aita baten laguntzarekin bakarrik adieraz daitekeena. Aita kontziente da bere hezkuntza-ekintza osatzen duela eta bere aitatasuna “alferrikakoa” egin denean bakarrik bizi duela, semeak autonomoa izatea lortu duela ikusten duenean eta bizitzako bidezidorretan bakarrik ibiltzen denean, Joseren egoeran jartzen denean, beti jakin izan baitzuen Haurra ez zela berea, baizik eta, besterik gabe, haren zaintzapean jarri zutela. Azken batean, hori da Jesusek iradokitzen duena: “Ez deitu” aita “zuetako inori lurrean, bakarra baita bere Aita, zerukoa” (Mt 23,9).

Aitatasuna gauzatzeko baldintzan aurkitzen garen guztietan, gogoratu behar dugu inoiz ez dela edukitze-ariketa bat, baizik eta “zeinu” bat, aitatasun handiagoa gogorarazten diguna. Zentzu batean, denok aurkitzen gara Joseren egoeran: Aita zerutiar bakarraren itzala, “hark zintzoentzat eta gaiztoentzat ateratzen baitu eguzkia, eta zuzenentzat eta zuzengabeentzat isurtzen euria” (Mt, 5,45); eta Semea jarraitzen duen itzala.

* * *

“Jaiki, hartu haurra eta ama” (Mt 2,13), esan zion Jainkoak San Joseri.

Gutun apostoliko honen helburua santu handi honenganako maitasuna haztea da, bere bitartekotza eskatzera eta bertuteak imitatzera bultzatuak izan gaitezen, baita bere erabakitasuna ere.

Izan ere, santuen eginkizun espezifikoa ez da soilik mirariak eta graziak ematea, baizik eta Jainkoaren aurrean gure alde esku hartzea, Abrahanek [26] eta Moisesek [27] egin zuten bezala, Jesusek egiten duen bezala, “Bitartekari bakarra” (1 Tm 2,5), Aita Jainkoaren aurrean gure “abokatua” dena (1 Jn 2,1), “Izan ere, betiko bizi da gure alde egiteko (Hb 7,25; ik. Rm 8,34).

Santuek fededun guztiei laguntzen diete “kristau bizitzaren betetasunean eta karitatearen perfekzioan” [28]. Beren bizitza Ebanjelioa bizi daitekeen froga zehatza da.

Jesusek esan zuen: «Hartzazue nire uztarria eta ikasi niregandik, gozoa eta bihotz-apala bainaiz ni» (Mt 11,29), eta haiek ere imitatu beharreko bizitzaren adibide dira. San Paulok esplizituki aholkatu zuen: «nire antzeko izan zaiteztela eskatzen dizuet» (1 Ko 4,16)[29]. San Josek bere isiltasun adierazgarriaren bidez esan zuen.

Hainbeste santu eta santuren adibidearen aurrean, San Agustinek bere buruari galdetu zion: “Ezingo al duzu zuk hauek eta hauek bezala?”. Eta honela iritsi zen behin betiko bihurtzera: “Berandu maite izan zintudan, hain edertasun zahar eta berria!”[30].

San Joseri grazia guztietan handiena eskatzea besterik ez da geratzen: gure konbertsioa.

Hari zuzentzen diogu gure otoitza:

Salbe, Erredentorearen zaindaria
eta Ama Birjinaren senarra.
Jainkoak zure esku utzi zuen bere Semea
zugan Mariak bere konfiantza jarri zuen
zurekin Kristo gizon egin zen.

Oh, Jose Dohatsua,
Ager zaiguzu aita gisa guri ere
eta gida gaitzazu bizitzaren bidean.
Emaiguzu grazia, errukia eta ausardia,
eta defenda gaitzazu gaitz guztietatik. Amen.

Erroma, Letrango San Juanen, abenduak 8, Andre Maria Dohatsuaren Sortzez Garbiaren Festaburua, 2020 urtean, nere aitasantutzaren zortzigarrena.

Frantzisko


[1] Lk 4,22; Jn 6,42; ik. Mt 13,55; Mk 6,3.

[2] Errituen Kongregazio Santua, Quemadmodum Deus (1870ko abenduak 8): ASS 6 (1870-71), 194.

[3] Ik. Hitzaldia Italiako Langileen Kristau Elkarte, San Jose Langilearen solemnitatea dela eta (1955eko maiatzaren 1a): AAS, 47 (1955), 406.

[4] Berreroslearen Zaindaria Exhortazio apostolikoa (1989ko abuztuak 15): AAS 82 (1990), 5-34.

[5] Eliza Katolikoaren Katixima, 1014.

[6] Meditazioa pandemia garaian (2020ko martxoak 27): L’Osservatore Romano, astekaria gazteleraz (2020ko apirilak 3), 3. orr.

[7] In Matth. Hom, V, 3: PG 57, 58.

[8] Sermoia (1966ko martxoak 19): Insegnamenti di Paolo VI, IV (1966), 110.

[9] Ik. Bizitza liburua, 6, 6-8.

[10] Egunero, berrogei urte baino gehiagoz, Goizeko Otoitzen ondoren, otoitz bat errezatzen diot San Joseri, XIX. mendeko Frantziako debozio-liburu batetik hartua, Jesus eta Mariaren Erlijiosoen Kongregaziotik hartua, San Joseri debozioa, konfiantza eta nolabaiteko erronka adierazten diona: “San Jose patriarka loriatsua, zeinaren botereak ezinezko gauzak posible egiten baitaki, zatoz nire laguntzan larritasun eta zailtasuneko une hauetan. Har itzazu zure babespean zure esku jartzen ditudan egoera larri eta zailak, konponbide on bat izan dezaten. Aita maitea, nire konfiantza osoa zugan dago. Ez esan alferrik deitu zaitudanik, eta, Jesus eta Mariarekin dena egin dezakezunez, erakuts iezadazu zure ontasuna zure boterea bezain handia dela. Amen “.

[11] Ik. Dt 4,31; Sal 69,17; 78,38; 86,5; 111,4; 116,5; Jr 31,20.

[12] Ik. Exhort. ap. Evangelii gaudium (2013 azaroak 24), 88288AAS 105 (2013), 1057, 1136-1137.

[13] Ik. Has 20,3; 28,12; 31,11.24; 40,8; 41,1-32; Zb12,6; 1 Sam 3,3-10; Dn 2; 4; Jb 33,15.

[14] Kasu horietan harrikatzea aurreikusita zegoen. (ik. Dt 22,20-21).

[15] Ik. Lb 12,1-8; Ir 13,2.

[16] Ik. Mt 26,39; Mk 14,36; Lk 22,42.

[17] S. Juan Pablo II, Exhort. ap. Berreroslearen zaindaria (1989 Abuztuak 15), 8: AAS 82 (1990), 14.

[18] Sermoia Meza Santuan Beatifikazioekin, Villavicencio – Kolombia (2017ko irailak 8): AAS 109 (2017), 1061.

[19] Enchiridion de fide, spe et caritate, 3.11: PL 40, 236.

[20] Ik. Dt 10,19; Ir 22,20-22; Lk 10,29-37.

[21] Ik. Erritu Santuen Kongregazioa, Quemadmodum Deus (1870 abenduak 8): ASS 6 (1870-71), 193; B. Pío IX. Inclytum Patriarcham Gutun Apostolikoa (1871 uztailak 7): l.c., 324-327.

[22] Vat. II. Kontzilio Apostolikoa, Lumen gentium, Konstituzio Dogmatikoa 58.

[23] Ik. Eliza Katolikoaren Katixima, 963-970.

[24] Jatorrizko edizioa: Cień Ojca, Varsovia 1977.

[25] Ik. S. Juan Pablo II, Exhort. ap. Berreroslearen zaindaria, 7-8: AAS 82 (1990), 12-16.

[26] Ik. Has18,23-32.

[27] Ik. Ir 17,8-13; 32,30-35.

[28] Vat. II. Kontzilio Ekumenikoa, Lumen gentium, Konstituzio Apostolikoa 42.

[29] Ik. 1 Ko 11,1; Flp 3,17; 1 Ts 1,6.

[30] Aitortzak, 8, 11, 27: PL 32, 761; 10, 27, 38: PL 32, 795.

Esta entrada fue publicada en Euskara / Vascuence, Otoitzak euskaraz, Recursos / Baliabideak y etiquetada , , , , , , , , . Guarda el enlace permanente.

Responder

Introduce tus datos o haz clic en un icono para iniciar sesión:

Logo de WordPress.com

Estás comentando usando tu cuenta de WordPress.com. Salir /  Cambiar )

Google photo

Estás comentando usando tu cuenta de Google. Salir /  Cambiar )

Imagen de Twitter

Estás comentando usando tu cuenta de Twitter. Salir /  Cambiar )

Foto de Facebook

Estás comentando usando tu cuenta de Facebook. Salir /  Cambiar )

Conectando a %s